ASTOA ETA BIZIKLETAK

 

Pinarejos izeneko inguru eder batean izan naiz asteburuan. Orientazioko Ipar Ligako lehen lasterketa jokatu zen igande goizez Burgoseko mendizerra sastrakatsuan; ohiko estrategia bera erabiltzea erabaki nuen 22 balizak aurkitzeko. Aitzitik, bigarrenak lan handia eman zidan; denbora gehiegi aritu nintzen norabideak, erreferentziak eta dena delakoak behin eta berriz eraldatzen. Horrela, lan erdiak eginda, helmugarako bidea hartu nuen burumakur. Sailkapenean galduta, itota, aurkitu dut gaur goizean ene izena baina, aldiz, maiatzeko erronkara begira, entrenamendu polita egin nuen belaun eta orkatilen mesederako, ez nintzen bederen, antxumeak saltzen aritu. Gaitz erdi.

Maiatzean izango baita Aloñako igoera berria. Hamargarren urteurrena dela eta, asteburu borobila eskainiko digute antolatzaileek. Igoera bertikala, apusturen bat eta igandean ohi baino luzeagoa izango den lasterketa. Azken honetan parte hartuko duen korrikalari ugarirentzat ezezaguna dira Butraitz, Akaitz edota Artzanburuko tontorrak; eta hau konpondu nahian edo, txangoa antolatu zuen lasterketaren antolakuntzak atzoko egunerako. Multzo polita elkartu zen plazan Aloñako ibilbidea ezagutzeko. Eta Aloña du izena ere, atzoko arratsaldean plazan etzanda ikusi genuen astoak. Egun osoan Potx eta Motx pailazoekin lanean aritu zen astoak, ezinean,  bukatutzat eman zuen lana era ederrean. Astoak Potx.…edo pott ….egin zuen.

Bideoklipa ekoizten ari dira herriko pailazo nekaezinak. Eta horretarako astoaren laguntza ez ezik, Oñatiko neska mutikoen laguntza ere izaten ari dira. Horrela, atzokoan eszenatoki inprobisatua muntatzen lagundu eta pailazoekin dantzan aritu ziren txikiak. Gurasoren bat edo beste ere, animatu zen abestien konpas barregarriekin. Ederto.

F1 festibala ere hasi da.  Motor zarata Australian jarri da martxan. Dirua xahutzeko sistema aurrerakoiak, abiaduraren erresumak, Errege berriren bat aurkitu nahi du. Futbolean errege izateko ahaleginak egin zituen futbolari handi batek hartu du erretiroa; Bartzelona edota Deportivoko Rivaldo brasildarrak agur esan dio futbolari.  Tirreno Adriatikoko errepidetan agurtu du Contadorrek Froome; hemen nago oihukatu dio, ez dut oraindik erretirorik hartu. Ea bada. Eskarmendu handiko beste kirolari bat ere aipatu gurako nuke. Imanol Agirre pilotari ohiak Bartzelonako maratoian hartu zuen parte atzo. Gainera, denbora bikaina egin zuen Arteako mutilak. Zorionak.

Bizikletak izan dira Oñatin asteburuan. Oñatiko Triatloi taldeak antolatuta duatloi berri bat ospatu zen herrian. Xarma polita du lasterketak; gainera, badirudi, kutsu frantsesa izateko erraztasuna izaten duela usu. Larunbatean, berriro ere, txapela galiar batek jantzi zuen. Aur revoir mon amour....Sena ibaia soilik falta zaigu duatloia triatloi bilakatzeko.

Hor nonbait irakurri dut. Olabartan, Udanarako bidean, lur azpiko pasabide bat egin behar dutela. Gasteizen legez, gerriko berdea osatzeko ekimena ei da; hori baino ez zaigu falta txantxikuarroi. Pasabidea gainera, Gorgomendira, Aloñara, begira agertuko zaigu. Hurrengo batean, beharbada, hiriburu gastronomiko izaten ahalegintzeko ekimenen bat aurkeztuko zaigu, nork jakin. Moneta sozialaren mesederako bada……

Bizikletak, korrikaldiak, astoak eta pailazoek coctel ederra eskaini digute. Etorkizunean bizikletarik gabeko dutloiren bat ikusiko dugu agian. Astoa hartuko dugu Deskargako buelta egiteko edota Aloñara igotzeko. Eta bueltan nekea uxatzeko Potx eta Motxen ikuskizuna izango dugu plazan. Bideoklip ederra. Zer deritzozu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude