TURISMO GOSEZ

                 Inauteriak bukatu ahala azaldu zaigu horrenbeste miresten hasiak ginen eguzkia. Mielotxinekin batera kiskali eta desagertu  dira han eta hemen urtean zehar jasan edo izan ditugun oinazeak; eta antza denez, euria ere sutan lehortu da denbora baterako.

                Azkoagainera joan behar izan nintzen zapatu goizean. Egoerak horrela eskatuta, alaba zaharrenaren taldeko entrenatzailearen lekua hartu behar izan nuen.  Ez nuen aparteko lanik izan; euren artean erraz moldatu ziren aldaketak egin edota atezain izateko. Nohizean behin eta partiduaren interesak bultzatuta edo, Sanesteban aldera begiratzen nuen; garai bateko topolino freskoak, haizebaikuak eta saratxo ospetsuak etorri zitaizkidan gogora. Partida bukatu ahala eta prentsaurrekorik eskaini gabe beharrak egitera jeitsi nintzen elkarte gastronomikoraino.

                Lila kolorez azaldu zaigu asteburua. Zortzintxiketan  lasterketa ostiralean eta Lilaton igandean. Badut lasterketa hauen harira iritzi jakin bat; lehenengoan partehartze irekia bultzatzen bada ere, bigarrengoan solilik emakumeek har dezakete parte; nere ustez tamalgarria. Feminismoaren xedea hezkidetza eta berdintasuna bultzatzea izan behar da; feminismoa ez da matxismoaren antitesia, edo ez luke izan behar.  Martxoaren 8a ospatzeko eta aldarrikapenerako eguna dugu; guk emakumearen eskubideak eta alaba zaharrenaren urtebetetzea txin- txin berean busti genituen.

                Eta izerdiz busti zuen ere Ritxar Fernandezek igandean kamiseta. Denbora luzean lasterketetan txapelik jantzi gabe genuen Kanpantxokoa. Beasaineko 14 kilometroak eskuratu zituen Señoran eta Txuri atzean utziz. Egun kirolari beteranoak badu oraindik maila dotorea; bestela, begira diezaiogun Olasagasti handiari. Atzokoan 55 urterekin aise irabazi zuen Arriarekin zuen aizkora desfioa.Ofizioa eta maila ikaragarria du Igeldoko gizonak. Arriak ikasi ote du bestearen mahaian agintzea zer den….

                 Txapela kentzeko lanik ere izan dugu asteburuan. Artzaren esanetara igerian egiten duen Nerea Diaz E.H.ko txapleduna bilakatu da 200 metro bizkarrean. Tolosako Usabal igerilekuan jokatutako txapelketetan ederto aritu dira ere Ibabe eta Ugarte. Zorionak guztiei.

                Outlet berri bat ere izan du asteburuak. Txandaren eskutik beherapenak izan dituzte dendariek kalera atera dituzten produktuek. Giroa berotzeko ahaleginean edo, txu-txu trena ibili da Oñatiko kaleetan. Herrira gerturatu den turistaren batek ere, izan du baliabide turistiko hau frogatzeko aukera.  Eta turismoa aipatze hutsak  Arrikrutzeko kobak mahai gainean jartzera eramaten nau; asteburuan zabaldu dituzte berriro ere denon gozamenerako. Aitzuloko koba ere ederra da benetan; zebilen haize gogorrak derrigortuta, Gorgomendira igotzeko ahalegina bertan behera gelditu zenez , Araotzeko B planak asetu gintuen. Lau bat argazki atera eta plana borobiltzeko, kilatezko ogitartekoa. Mundiala goiza.

                Eguzkiari egin dio keinu turismoak. Igande arratsaldean Zarautz edota Zumaian kotxea aparkatzea ezinezkoa izan omen zen. Itsasoko tirain eta olatuek eragindako triskantzak turistentzako museo bihurtu dira; aisialdi berri bat geurean. Ez dituzte surfistek olatuak outlet-ean jarriko, ez da???…nik neuk, ez dut neopreno lilarik ikusi, eta zuk?.Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude