Ez dakit berriz bueltatuko naizen baina onerako harritu nau. Tarragona probintziaren iparraldean dagoen Santa Coloma de Queralt izeneko herri baten pasako ditugu ondorengo 5 gauak. Barbera Arroako herririk garrantzitsuena ei da, Mediterraneora eramaten gaituen autobide ezagunaren bazterrean dagoen Montblanc herriarekin batera. Egia esan, inguruko ia herri guztien izenak agertzen dira historiako orri galduetan; gaztelu zahar eta harresi arrailduz beteriko herri xumeen eskualdea dugu Barbera delakoa.
Santa Colomara iritsi aurretik baina, aipatutako Montblanc herrian izan gara. Cambrilserako urteroko bidai haietan harrera udatiarra egiten zigun herria. Urtero bertatik pasatzen baginen ere, inoiz ez dugu bisitatzeko asmorik izan, edo behinik behin, astirik ez . Kilometro inguru neurtzen du harresiaren perimetroak. Harrizko kale estuek Erdi Arora bidaiatzeko gonbita luzatzen dute. Hiribildua iragan komertzial eta militar bikainaren isla bizia da. Ederra da. Halere, gorrotoa diot herri honi; bertako dukea, Trastamara familiako Juan malapartatua, Nafarroako Blanca I.goarekin ezkondu baitzen. Nafarroako errege konsorte izatera iritsi eta Blancaren heriotzaren ostean, haien semea zen Karlos I.goari Nafarroako koroa lapurtu zion. Gartzelan ere sartu zuen semea. Juan usurpatzailea, lapurra. Hamarkada batzuk geroago, eta pasatako sasoi ilunaren opari, Catalina de Foix Nafarroako erregina, Monblanceko kondesa izan zen. Horra hor.
Bailara berean beste herri erakargarri ugari daude. Aitzitik, bizitza galdu duten udaleherriak direla esango nuke. Gehienetan harresien erliebea ganoraz nabarmentzen bada ere, bistan da horma zaharrak egun hutsik dauden etxebizitzak eraikitzeko erabili zirela. Kale bakartiak dira, denboraren joanak mehatxatuak. Haien atari itzaltsu eta freskoek, udaberriari zirrikitu bat bilatu nahian dabiltza. Ahalegina antzua da, behin eta berriz.
Lautadatik mendialdera aldendu gara. Gaia ibaiaren ibilguan zehar zumarra nabarmentzen da. Kareharrizko harkaitzak malda malkartsuen apaingarri dira. Haran estu bezain ederrean aurrera egin eta Santa Perpetua izeneko herrixka bitxira heldu gara. Ibaiaren ur ertzetik gora begiratuta, Santa Perpètua naturaren eta historiaren arteko amildegi baten gailurrean kulunkatzen dela dirudi. Presaka doan uraren burrunbak xarma berezia ematen dio. Haitz malkartsuaren gainean triangelu formako dorre bat nabarmentzen da. Kondairak dioenez, Santa Perpetua horren ederra zen, inguruko noble askok emaztetzat nahi zutela. Aitak ezkongai bat bilatu eta ezkontzera behartu zuenean, Perpetuak ihes egin zuen. Basoren batean ezkutatu zen. Eta ordutik, inguruko artzai eta nekazarien zaindari ei da.
Bartzelona edota Lleidako lurraldeak gertu daude. La Llacuna bisitatzeko aukera ere izan dugu. Herriko hainbat leiho independentzia egarriaren seinale dira; Esteladak apintzen dituzte etxe ugari. Herriko plazan erretratu bat atera nahian gaudela bertako jantzi tardizonalak soinean dituzten lagun talde bateko partaideak gerturatu zaizkigu. Ohiturari jarraituz, egun seinalatuak omen direnez, Kataluinako abesti zaharrak kantatu behar dituzte. Kontrabaju eta soinu baten laguntzaz, girotu dute goiza. Euskaldunak garela ere konturatu dira. Pirineoi eskainitako abesti bat jo dute gure ohorez. “Muntanyes del Canigó”.

Butifarra ere dastatu dugu. Txerri-haragiaren ingeniaritza lan bikain honek era askotako gutiziak eskaintzen ditu. Guk klasikoena aukeratu dugu; zartaginean egiten dena alegia. Ebaki orduko askatzen duen usainak edozein hipnotizatzeko gaitasuna du.
“Butifarra egin” edo “fer la botifarra” esapidea ezaguna da bertan. Baina kontuz!! Norbaitek hau esanez gero, ez dabil otordu bat egiteko gonbita luzatzen. Haizea hartzera joateko gonbita da. Guri bederen ez ziguten halakorik esan eta La Llacunatik butifarra bat sabelean eta beste lau poltsan atera ginen.
Inguruko labore- lursailak berde-berde daude. Garagarra eta garia dira nagusi. Laster batean horia izango den itsaso berdean mitxoletaren bat edo beste azaltzen da. Tarragonako iparraldean gaude; itsasaldeko masifikaziotik urrun. Bisitariok ez dugu olatu edota eguzki-ohatilak bilatu; naturaren isiltasunarekin eta nola ez, istorio ederrekin, egin dugu topo. Nahiz eta, tamalez, usurpatzailea inguruan izan.


