Biba Mexiko, que no la crisis! Cabaret Chihuahua

Irudia: http://eszena.wordpress.com/2013/12/28/cabaret-chihuahua/

Irudia: http://eszena.wordpress.com/2013/12/28/cabaret-chihuahua/

Bere txikian izugarria iruditu zait Cabaret Chihuahua. Pabellon 6-n ekoitzitako lan zoro honek errepaso galanta egiten dio gure aukeren gainetik bizi izateari. Hori bai, umoretik, musikatik, dantzatik. Basauriko jaietan egotekoak ziren, Social Antzokian, eta ikusita Pabellon 6ko sarrerak lortzea ezinezkoa dela, beste baterako utzi genuen leku hura ezagutzeko parada eta Basaurira jo genuen. QueVidaMasTriste pentsatuko norbaitek, baina aizue! Basaurin kultur eskaintza bikaina dago!

Gainera, okasiorako, Social antzokia ere berrantolatu zuten. Kabareteko showa ikusteko mahaiak eta aulkiak atondu zituzten aulkien patioan eta sarreran taberna bat ere jarri zuten, espektakulua ikusi bitartean, tragoska bat hartzeko. Gozoa, kaña fresko-freskoa!

Mexikar kalaberak marraztuta ageri dira aktoreak, baita mexikar borrokalarien karetekin ere, prestamo-emaile lapur zikin gorbatadunak.

The Hole revista de variete zela entzun nion Felix Linaresi. Ez zen kabaretera heltzen. Chihuahua, berriz, tamainako kabareta dela esango nuke. Eskenatoki soila, ia apaingarririk gabea, ez da hutsik sumatzen taula gainean agertzen doazen pertsonai famosoek betetzen baitute; eta ez da broma e! Montserrat Caballé eta Amy Winehouse, Fredy Mercuri eta Frida Kalo… Sorpresatik sorpresara.

Dantza, abestu eta antzeztu, dena batera egiten dute taldea osatzen dute 12 lagunek (Enriqueta Vega, Ylenia Baglietto-Itxaso Quintana, Iñaki Maruri, Quique Gago, Diego Pérez, Irene Bau, Mitxel Santamarina eta Ugaitz Alegria ). Eta, era ausartean ebazten dituzte egoerak, Felipe Lozak idatzi eta zuzendu duen kabaret ez hain siniestroan. Abestien bidez egiten doaz bizi dugun krisi ekonomikoaren deskribapena; ultramunduak ere ez baitio espekulazioari ihes egiten, eta haraino ere iritsiko dira desjabetzeak eta zorren zorrak kitatu ezinak. Ai, Cantinflas!

Lortzen dute bizi dugun krisi egoera tamalgarri honi aurpegi barregarri bat marraztea. Dantzarako gogoaz aterako zara kaberetetik. Esango nuke, Basaurin egon zirenetako asko, ordurako San Fausto jaiez gozatzen ari ziren askok baino umore hobearekin atera zirela Socialetik.

Spoilerra: Gogoangarria Blade Runner zientzia fikziozko film ahaztezinari egiten dioten erreferentzia.

Oharra: Bizkor ibili sarrerekin!

 

 

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Zinera joateko gomendioa egiteko ausardia daukat

Donostiako Zinemaldia pasa ostean han estreinatutako filma baten inguruan jardutea eta orijinala izatea, ezinezkoa ez dakit, baina zaila gutxienez bada. Hala ere, nire asmoa ez da orijinala izatea, baizik eta hainbati irakurri diodanari jarraituz, La Isla Mínima filma ikusteak merezi duela berrestea. Nirea da iritzia, nirea bakarrik; inongo aditu kutsurik hartu nahi barik; zinemari buruzko inolako jakinduria bako gomendioa da nirea. Baina, asko gustatu zaidala esateko gogoa daukat.

La Isla Mínima filmaren trailer ofiziala

Hasteko, Guadalquivir ingurua ezagutzeko eta abioneta bat alokatzeko gogoa sartu zait filma ikusten. Zelako argazki ederrak! A ze panoramikak! Sevillako Guadalquivir bakarrik ezagutzen dut, baina hango padurak guztiz ezezagunak zaizkit. Are gehiago, Rocioa ospatzen denean erakusten dizkiguten irudiek ere ez daukate zerikusirik filmean agertzen diren padurako parajeekin. Eta ez da bakarrik80 hamarkada hasieran girotzen delako istorioa, horrek ematen dion kolore maiztu horrekin; trantsizioaren demokrazia eraikitzen ari zenekoa. Ez. Gehiago da hango bizimoduaren dekadentziari ateratako argazkiagatik; paraje horietan bizi behar izatearen akiduragatik; atmosfera itogarri samarra sortzen delako, ez preseski Andaluziako beroagatik.

Era berean, True Detective seriean erakusten ziren inguruak ere gogorarazi dizkit La Isla Mínimak. Hura ikusi nuenean ere han bizitzerik ez nukeela nahi pentsatu nuen. Argazki ikusgarriak dauden arren paraje horietan, bizileku moduan itogarria behar du.

True Detective, trailer ofiziala

Istorioaren beraren erritmoak ere laguntzen du giro itogarri hori sortzen. Gertaerak motel doaz, gora eta behera ari da tentsioa; neurtzen jakin du Alberto Rodriguezek. Ezer pasatzen ez den Espainiako bazter horretan behinola beste izugarrikeria baten berri iritsi da behar den lekura, eta interesak interes, polizia bien inplikazioa ere erabatekoa izango da.

Zinemaldian aktore onenaren saria eskuratu zuen filmeko protagonistatako batek. Erabat itxuraldatuta agertzen den Javier Gutierrez galizarrak. Egia da ere, bere lankidearen pertsonaia maspasa bat baino sosoagoa dela (hori dirudi Gutierrezen indarra ikusita), baina meriturik kendu barik saridunari, sinesgarria egin zait tipoa, oso; eta gustatu zait. Egia esateko bien arteko jokoa ere gustatu zait. Ezin esan, ordea, merezitakoa izan den saria, ala ez, ez baititut gainerako aktoreen lanak ikusi. Hori adituentzako uzten dut.

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

“Para que vas a estudiar en euskera?”

Unibertsitatetik bueltan, autobusean, medikuntzako ikasle biren artekoari adi-adi jarraitu diot. Aitortzen dut, kotilla hutsa izan naiz. Baina elkarrizketak merezi zuen. Batek medikuntzako bigarren ikasturteari ekin dio aurten, hasieratik gaztelaniaz egitea erabaki du, batxilergoa eta aurreko eskolaldi guztia euskaraz egin bazuen ere. Are gehiago, harrituta dago, bigarren mutilak, unibertsitatean lehenengo ikasturtea duenak, euskaraz egitea erabaki duelako. “Para qué vas a estudiar en euskera?” bota dio halako baten. “Euskal Herrian bizi gara, beste nonbaiten biziko bagina hango hizkuntza egitea legez”. Baina ez da konforme geratu lehenengoa eta atzera bota dio: “nola esaten da clavícula? Lepauztaia? En vez de decir clavícula con lo fácil que es!”.

Tarte bat hartu dute biek anatomia eskolako izen zail horrek gogoratzen. Gaztelaniaz ikasten ari denak izen guztiak ondo zekizkielako harrituta zegoen bigarrena; ia nolatan zekizkien galdetu dio eta lehenengoak harro batxilergoan euskaraz ondo ikasi zituela eta jakin badakizkiela, baina orduan bota du: “baina guk eztogu hola itxen berba!”.

Eta horixe egin du bere ikasketa hizkuntza aukeraren maxima. Hau da, medikua hasiz gero gaixoari era horretako berbekin, inork ez duela ulertzeko gaitasunik.

Pentsamendura etorri zaizkit lehen mailako futbolarien lesioei esker ikasi ditugun ikasi arazi dizkiguten, izen zientifiko horiek guztiak eta, puntuan egon naiz elkarrizetara gehitzeko, baina berehala eutsi diot berriro “baina guk eztogu hola itxen berba” horri.

Orduan, eta guk ez badugu horrela berba egiten, zergatik ikasi gaztelaniaz? A, bai, guk horrela egiten dugulako hizketan.

 

Kategoriak Euskararen patria | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Politika gizonezkoek egiten segitzen dute

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Iturria: berria.info

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Iturria: berria.info

Emakumeak politikatik igaro egiten dira, gizonak, aldiz, geratu. Ez da hitzez hitzezko zita, baina PSOEko ministroa izandako Cristina Alberdik azaldu zuen 2001ean kaleratutako “El poder es cosa de hombres: memorias políticas” liburuan.

Gemma Gonzalez de Txabarri legebiltzarkide ohi jeltzaleari entzun nion lehenengoz ideia hori, artean Legebiltzarrean lanean hasi berri nintzela. 2005-2009 legegintzaldia izan zen bere azkenekoa. VIII. Legegintzaldi horretan 17 batzorde osatu ziren Legebiltzarrean eta horietako 11n emakume batek agintzen zuen eta horietako bik bakarrik segitu dute hauteskunde zerrendetan, Arantza Quirogak eta Izaskun Bilbaok.

Hurrengo legegiltzandian, IX.ean, gutxiago izan ziren batzordeburu emakumeak, batzorde gehiago osatu ziren arren: 19 batzordetatik 10en lehendakaritza hartu zuten, horietako 4k segitzen dute zerrendetan. Egungo legegiltzaldian 14 batzorde eratu zituzten (gutxiago dira, ez delako gai zehatz baten inguruan batzorde berezirik eratu, aurrekoetan gertatu bezala), baina gutxiago izan arren, 10etako batzordeburuak emakumeak dira. Beraz, badirudi, legebiltzarreko organoetan, gutxienez, parekidetasunaren proportzioa gainditu egiten dutela emakumeek.

Legebiltzarreko emakume-gizon proportzioa

Legebiltzarreko emakume-gizon proportzioa. Iturria: Eusko Legebiltzarreko webgunea

Martxoaren 28n idatzi nuen blogeko sarrera hau. Legebiltzarrean bake lan taldea eratu zutela eta Berria -k argitaratu zuen goizko argazkia ikusi nuenean. Orduan izan nuen pentsamendua izan zen, hainbeste emakume izanik batzordeburu zergatik “gai garrantzitsuetan” ez zen hori erakusten? A bai! Talde parlamentarioetako bozeramaileekin (artean Laura Mintegi izan ezik guztiak gizonezkoak) eta pisu politikoa duten legebiltzarkideekin osatu zutelako (guztiak gizonezkoak) bake lan taldea!

Gainera are gizon gehiago ikusiko ditugu aurrerantzean; Mintegiren ordez sartu den legebiltzarkide berria gizonezkoa da, Iker Casanova, eta bozeramaile lanetan arituko dena ere bai, Unai Urruzuno. Emakume bat joan eta bi gizon agertu.

Antzeko pentsamendua izan nuen 2008an, blogean ikusi dudanez. Ez dira gauzak aldatzen. Politika gizonezkoen kontua da, emakumeak pasatu egiten gara.

VIII. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA ZEUKATEN BATZORDEAK
1) 1976ko Martxoaren 3ko Gertaerak, Azpillaga Arambarri, Maixabel (EAJ)2) Balenciaga museoan atzemandako irregulartasunak ikertzeko, Lasa Arteaga, Onintza (EA)

3) Ekonomia, Ogasuna eta Aurrekontuak, Piñol Olaeta, Elixabete (EAJ)

4) Emakumea eta Gazteria, Auzmendi Munduate, Ane (EHAK)

5) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Altzelai Uliondo, Nekane (EA)

6) Giza Eskubideak eta Herritarren Eskaerak, González de Txabarri Miranda, Gema (EAJ)

7) Hezkuntza eta Kultura, Lasa Arteaga, Onintza (EA)

8) Lana eta Gizarte Gaiak, Quiroga Cia, Arantza (PP)

9) Lurralde Antolamendua, Garraioa eta Ingurumena, Zabaleta Areta, M.ª Gemma (PSE)

10) Osasuna, Antia Vinós, Nerea (EAJ)

11) Presako Legegintza, Araudia eta Gobernua, Bilbao Barandica, Izaskun (EAJ)

IX. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA ZEUKATEN BATZORDEAK
1) EITBren Kontrola, Agúndez Basterra, Mertxe (PSE)2) Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuak, Corrales Goti, Leire (EAJ)

3) Erakunde, Herrizaingo eta Justizia, Madrigal Jiménez, Joana (PSE)

4) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Leturiondo Aranzamendi, Esozi (PSE)

5) Euskal administrazioa aztertzeko, Rojo Solana, Natalia (PSE)

6) Giza Eskubideak eta Herritarren Eskaerak, Blanco Garrido, M.ª Mar (PP)

7) Gizarte Politikak, Lana eta Berdintasuna, Escudero Fernández, Loly (PSE)

8) Haur lapurtuen kasuak aztertzekoa, Agúndez Basterra, Mertxe (PSE)

9) Hezkuntza, Mendizabal Mendizabal, Garbiñe (EAJ)

10) Osasun Saileko irregulartasunak ikertzeko, Garrido Knörr, Laura (PP)

X. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA DAUKATEN BATZORDEAK
1) EITBren Kontrola, Corrales Goti, Leire (EAJ)2) Enplegua, Gizarte Politika eta Etxebizitza, Sánchez Martín, Gloria (PSE)

3) Erregelamendua eta Gobernua, Tejeria Otermin, Bakartxo (EAJ)

4) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Celaá Diéguez, M.ª Isabel (PSE)

5) Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partaidetza, Vaquero Montero, Maribel (EAJ)

6) Hezkuntza, Breñas González de Zárate, Estitxu (EHBildu)

7) Ingurumena eta Lurralde Politika, Beitialarrangoitia Lizarralde, Marian (EHBildu)

8) Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola, Etxeberria Iradi, Lur (EHBildu)

9) Legebiltzarkidearen Estatutua, Otadui Biteri, Ana (EAJ)

10) Ogasuna eta Aurrekontuak, Corcuera Leunda, Susana (PSE)

* Gizonezko bakarra da batzordeburu oraingo legegintzaldian: Osasuna eta Kontsumoa, Barrio Baroja, Carmelo (PP)

Informazioa: Eusko Legebiltzarreko webgunea

 

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Politika | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Internet Google da, estatistikek diote aizue

Argi dago. Interneteko erabitzaile gehienentzat Google da internet. Uztaileko datuen arabera (ComScore Ibérica) 25,086 erabiltzaile bakar izan zituen Googlek eta Facebook izan zen bigarren, 17,681 erabiltzaile bakarrekin. Egunkarietako webguneek erabiltzaile dezente gutxiago izan zituzten. Esaterako, Unidad Medios Digitales taldeak —Unidad Editorial, Grupo Zeta eta Editorial Prensa batzen dituena, hau da, El Mundo, El Periódico de Catalunya eta esaterako Faro de Vigo edo Diario Información— 12,120 erabiltzaile bakar izan zituen, Prisa taldearen aurretik.

Aldiz, smartphone eta tablet erabiltzaileen artean, rankina aldatu egiten da. Unidad Medios Digitales taldeak izan zituen erabiltzaile bakar gehien, baina Prisaren aurretik Vocento agertzen da sailkapen horretan.

Aipagarria egin zait Schisbted Media Group taldearen gorakada bigarren sailkapen honetan; laugarren agertzen da. Taldea norbegiarra da sortzez, baina 26 herrialdetara zabaldu da Europan, Asian, Afrikan eta Hego Ameriketan. Espainiar estatuan 20 minutos agerkariaren jabea da eta sailkatutako iragarkien jaun eta jabe: Segundamano.es, Coches.net, Motos.net, Vehículos industriales.net, Coches 4X4.com, Fotocasa.es, Inmogeo.com, Infojobs.net eta Lectiva.com.

Irudia: ComScore

Irudia: ComScore

ComScore etxeak gaur bertan argitaratu dituen datuen arabera, AEBn 25-34 urte bitartekoak dira aplikazio erabiltzaile nagusienak; ez da adin tarterik gazteena beraz, joerak adierazten duen arren, gorantz doala era horretako tresnen kontsumoa. Diotenez, tablet jabe gehien batzen dituen adin tartea da 25- eta 34 urte bitartekoa eta horrek eragin ei du app erabiltzaile nagusienak izatea.

 

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Bahitu ditzagun kanoiak (Goiena, 2014/09/12)

Ez dakit inoiz kontatu dizuedan, baina behinola, mairuaren alardeko kanoi biak bahitzekotan izan nintzen.

Antzuolako mairuaren alardeko une bat. Argazkia: antzuola.com

Ez pentsa bote prontoan izandako burutazio hutsala izan zenik. Ez horixe. Antzuolako Intsumiso Taldean nenbilela, ekintza antimilitarista deigarria izango zela-eta, taldekideei proposatu nien. Zeresana emango genuela, behintzat, onartu zidaten, baina asmoa ezerezean geratu zen. Pegatina batzuk atera genituen, derrigorrezko soldadutzaren kontra, mairuaren alarde egunean banatzeko. Tira.

Hondarribiko alardearen bueltan, urtero gogoratzen naiz kanoien kontu hartaz. “Urtero da aurten”, esaten zidan lagun batek, aukera eskura izan eta ezer egin barik hurrengo aukera historikoaren zain geratzen zirenen harira.

Eta aukera libreez ari naizela, emakumeok ere hanka sartzeko aukera bera izateko eskubidea daukagula askok aldarrikatu dute orain baino lehen, ekintza militar baten eta armak hartuta bada ere.

Nik neuk ez dut inoiz Antzuolako mairuaren alardean parte hartzeko grinarik izan, ez nau inoiz motibatu, musika gustuko dudala aitortzen dudan arren (Fusileroen Martxa, Segurako Alborada, Antzuola Zortzikoa eta, berriena, Antzuolako Mairuaren Martxa). Garai baten gure herrian eskopeta izatea zen soldadu gisa desfilatzeko baldintza bakarra. Udalak armategia erosita demokratizatu zuen. Kito.

Betiko ohiturak ez ahaztea lagungarria izan daiteke lezio onik ateratzeko bada. Jarrera zapaltzaileak betikotzeko badira, berriz, pikutara ohitura eta tradizio zaharrak.

Aukeran, ekintza armaturik ez nuke antzeztuko nik, antimilitarista izpirituari zor. Hala ere, kalean ibiltzeko, jaiak gozatzeko eta berdintasunez parte hartzeko eskubideak denonak dira. Librea izan behar du, gainera, aukera horrek, eta gure esku dago eskubidea bermatzea, “betikoen” esku ere bai.

Goienan argitaratutako artikulua, 2014ko irailaren 12an
Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

The Hole zuloan murgilduta

Holen gertatzen dena Holen geratzen da”, esan zigun Quequek Arriaga antzokia kabaret lizun bihurtua zela. Sartu ginen bada zuloan barrena eta ordu bi eta erdi egin genituen tenperaturak gora egiten zuela ohartuta; eta, benetan diotsuet, geroz eta bero gehiago egiten zuela han barruan. Lagunduko zuten horretan neskak titi bistan ikusteak eta poni zoroaren zakila gora eta behera hegaran ikusteak. Baita, ondo interpretaturiko strep tease bat erotikoa dela konprobatu ahal izateak, noski.

Iturria: http://theholeshow.com

Iturria: http://theholeshow.com

http://theholeshow.com/web/es/galeria/videos

Bosgarren astea zuen Hole ikuskizunak Bilboko Arriagan eta luzatu ere egin dituzte emanaldiak, irailaren 13ra bitartean aukera duzue jauzilariak, dantzariak, trapezistak eta deszifra ezinda geratu ginen bestelako pertsonaiak ikusteko. Tarteka, holako estrabagantzia batek ez diot inori kalte egiten, ezta?! Sexuaren erotikaz hain normal aritzea, jendez lepo dagoen areto batean, ez da ohikoa. Gure alboko senar-emazteak ez ziren eroso egon. Kabareta ezagutzeko adina bazuten eta, akaso, horregatik arrimatu ziren sesioaldira, baina jakina, han ez zen ohiko vedettik agertu, ez behintzat Normal Duvalen antzekorik. Bestelako nahasketa egin dute; eguneratu egin dute eta, tarteka, ikuskizun lohi izateraino. Tentsioa baretzeko barrea eragiteko tarteak ere badira.

Gainerakoan, nahiago dut Queque monologo esatari paper hutsean aritzen denean. Ze, Felix Linaresi entzun nion bezala, gutxienez ausarta behar du izan batek, gaur egun “revista de variedades” delakoa egiteko; horrek ere %21eko BEZa dauka, aizue!

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

I. Mundu gerra, erreportaje multimedia: The Guardian

The Guardian egunkariak I. Mundu gerraz egin duen multimedia lana udazkenean berriro argitaratuko dute eta hizkuntza gehiagotan egin nahi lukete. Oraingoz, 7 hizkuntzatan dago. Ikusgarria da!

Iturria: The Guardian

Iturria: The Guardian

Lehen mundu gerraren mendeurrena gogoratu da aurten hainbat modutan. Domino efektuz hasi zen gerra lazgarri hartaz asko irakurtzeko eta ikusteko aukera izan dugu azkeneko boladan. Era guztietako dokumentuak publikatu dira, baina The Guardian egunkariak egin duen multimedia erreportajea iruditu zait azpimarragarria, bikaina.

7 hizkuntzatan

Bideoa zazpi hizkuntzatan azpititulatu dute; bideoa bakarrik ez, idatziz jaso den informazioa ere badago irakurtzerik frantsesez, alemanieraz, italieraz, espainieraz, arabieraz eta hidieraz – Giza Zientzien eta Zientzia Sozialen akademia britaniarrak sustatutako hizkuntza programaren babesa izan dute lan horretan.

Lanaren arduradun k azaldu duenez, udazkenean berriro argitaratu nahiko lukete hizkuntza gehiagotan eta horregatik eskatu die egunkariaren irakurleei anima daitezela itzultzen bestelako hizkuntzaren baten. Hona idatziz: firstworldwar@theguardian.com

Multimedia lanak 7 ataletan bideoa eta sakontzeko lan interaktiboa eskaintzen ditu bideo bakoitzaren amaieran; 3 bat ordu eman ditzakezu dokumentazioa guztia kontsultatzeko.

10 istorio kontatzen dituzte munduko hainbat lekutatik gerra nola bizi izan zen jasotzeko eta gerrari buruz hainbat herrialdeetako poetek esandakoa ere bildu dute. Dena The Guardian egunkariaren historiak era digitalean kontatzeko estrategiari jarraituz, ezinbestean elkarlanean, baita egunkari handien kasuan ere (100 milioi erabiltzaile bakar ditu hilera egunkari britainiarrak).

Informazio gehiago: Inside The Guardian blog

Erreportajea osorik:

http://www.theguardian.com/world/ng-interactive/2014/jul/23/a-global-guide-to-the-first-world-war-interactive-documentary

 

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Euskal hedabideen eragin soziala neurtzeko Behategia

EHU eta Deustuko unibertsitateko ikerlariak

EHU eta Deustuko unibertsitateko ikerlariak UEUn #UI42

“Euskal hedabide eta unibertsitateen arteko elkarlana sustatzea komunikazioaren ikerketa eta ezagutzaren arloan”. UEU, EHU, MU, DU eta Hekimenek elkarlanean antolatu zuten jardunaldia, Eibarko Markeskoa jauregian. Han egin zuten hitzordua komunikazioaren inguruan ikertzen ari diren 3 euskal unibertsitateetako ikerlariak eta euskaraz ari diren hedabideetako kideak; zehazte aldera, herri ekimeneko euskarazko hedabideetakoak. Izan ere, hedabide horien errentagarritasun soziala azaleratzeko ordua dela uste dute horretan ari direnek. Eta, ez da bakarrik, diru-laguntza publikoak geroz eta murritzagoak direlako, hedabide askorentzako bizirauteko ezinbestekoa den diru-iturria, bestalde. Aitor Zuberogoitiak dioena hona ekarriz, “euskarazko komunikabideen ekosisteman errentagarritasun sozialaren dimentsioa eransteak berau indartzen eta sendotzen lagunduko” duelako baizik.

Hori nola neurtzen eta erakusten den da, beraz, asmatu behar dena orain. Eta, horretara ere badator “Euskal Hedabideen Behategia”, dagoeneko, ideien arloan behinik behin, lanean hasi dena, Hekimenen eskutik. Elkarlana du oinarrian Hekimenek, euskal hedabideen elkarteak. 3 unibertsitateetan komunikazioaren inguruan ikerketak egiten ari diren taldeen eskutik garatu  nahi dute etorkizuna Behategian; premiei erantzuteko ezagutzatik abiatzeko. Ezagutza horretan ezinbestekoa da euskarazko komunikabideen kontsumo zehatza ezagutzea. Horixe jakin nahi dute hedabideetan ari direnek, baina Alaitz Artolazabalek eta Alberto  Barandiaranek adierazi bezala, “behategia ez da argazki hutsa egiteko; tresna bat behar da, argazkia interpretatu eta estrategia lantzeko balekoa izango dena, hedabideek markatuko dutena ze esparru landu behar duen eta bidaide izango dituena unibertsitate eta administrazioa”. Horixe izan nahi du Behategiak.

Beraz, hedabideetan ari direnek nola jardun beharko luketen asmatzen lagunduko dute unibertsitateek egingo lituzketen ikerketek, eta administrazioak ulertuko luke diruz lagundu behar dituela herri ekimeneko euskal hedabideak, sozietatean zerbitzu bat betetzen dutelako. “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarrizketa abiatu behar delako diru-laguntzen inguruan, diruak nola erabakitzen diren argitzeko eta sektorearen kezkak ezagutzera emateko.  Dirua zertarako nahi dugun eztabaidatzeko eta eraginkortasunaz jarduteko irismena, kalitatea, berrikuntza, auto-finantzazioa, errentagarritasun soziala eta estrategikotasuna neurtzea garrantzitsuak direlako”, adierazi zuten Behategiko kideek.

Kezka bi nagusitu ziren aurkezpenaren osteko solasalditxoan. Batetik, EiTBk Behategian izan dezakeen parte hartzeaz eta, bestetik, euskal hedabideen jarduera Jaurlaritzak bideratzen duen diruaren banaketan, inbertsio horrek duen eragin (emaitza) sozialaren zenbatekoak izan behar duen erabakigarri diruen banaketan. Zeinek behar du diru gehiago? Eremu baten hedapen gehien duen hedabideak, horren eragina handiagoa dela iritzita, ala, eragin eremua txikiagoa izanagatik gutxiago hedatzen den hedabideak?

Eztabaidari hasiera emateko balio izan zuen UEUn izandako jardunaldiak. Euskal hedabideek ematen duten zerbitzuaren balioa kalkulatzeko SROI delakoa (Social Return On Investment) baliagarria izango den, oraingoz ikusteko dago, baina baliagarria litzateke, duda barik, herri ekimeneko euskal hedabideei  ukatu ezin zaien eragin soziala aintzat hartua izateko.

Informazio gehiago:

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Bideoa eta idatzizko albisteak: ElPaisTV (I)

Kazetaritzan ari diren profesionalek eta kazetaritza irakasten dutenek ez dituzte berdin baloratzen multimedia lantzeko gaitasunak. Kazetariek eurek baino garrantzitsuagotzat jotzen dituzte gaitasun horiek irakasleek.

Poynter Institutuak egin duen ikerketaren arabera, argazkiak egiten jakitea, esaterako, kazetarien %53k garrantzitsutzat jo zuen; aldiz, irakasleen artean, %79k jotzen du garrantzitsua argaziak egin eta editatzeko gai izatea. Nabarmenagoa da bideoari buruz irizten diotena. Kazetarien %38rentzat bakarrik da garrantzitsua bideoak grabatzeko eta editatzeko gaitasuna izatea; ezinbesteko jotzen du, aldiz, irakasleen %70ek. Horri erreparatuta, hobeto uler daiteke hainbat egunkaritan saiakera egin arren, benetako bultzada ez ematea bideogintzari.

ElPaisTV

Irudia: El Pais, 2014-05-20

Irudia: El Pais, 2014-05-20

Egunkariek sortzen dituzten sareko bideogintzaren eta sareko telebista kanalen inguruan egiten ari naizen ikerketaren haritik, hainbat egunkariren bideogintzaren funtzionamendua ezagutu nahi nuen; tartean, ElPaisTVrena ere bai.

El Pais-ek orain dela urte bi eta erdi kontratatu zuen, ikus-entzunezko atalaz arduratzeko, Belen Meli. Aurretik CNN+ -en aritu zen (Iñaki Gabilondok aurkezten zuen albistegiaren editore lanetan), bai eta Cuatro eta Canal+-en ere. Berak kontatu didanez, ez da benetako apustua egiten ari El Pais egunkaria ikus-entzunezkoaren alde. Geroz eta bideo kontsumitzaile gehiago egon arren, eta publizitate iturri gisa ere balio duen arren, “El Pais es un periódico periódico”, esan zidan. Lotuegia dagoela, alegia, papereko egunkariari eta egunkarietan erreferente izateari eusten badio ere, kostata azkenaldian, aukera galtzen ari dela erreferente izate hori.

Arazoa bikoitza dela esaten zidan Melik. Batetik, zuzendaritzak ez duela benetako apustua egiten; 5 lagunek baino ez dute osatzen ikus-entzunezkoaren lantaldea (tartean egin behar izaten dituzte edizio, produkzio, grabaketa eta marketing lanak). Eta, bigarrenik, egunkariko kazetariek ez dute bideogintzan parte hartu nahi, ez dute premiazkoa ikusten, ez dira inplikatzen eta, beraz, ez dute parte hartzen.

Esan genezake, beraz, Poynter Institutuak egindako ikerketaren adibide garbia dela El Paiseko zuzendaritzarena eta, era berean, “betiko” kazetariena. Izan ere, ondo antolatutako bideo emanaldiek, straming bidezkoek, sekulako emaitza onak eman izan dizkiete, audientzia kontsumo aldetik. Melik berak ikus-entzunezko hiru lan oso ezberdin aipatu zizkidan emaitza bikainen adierazle: ‘rodea el congreso’ protestaren zuzeneko emanaldia (streaming), aita sainduaren aukeratzea (Vatikanoko TB seinalea aprobetxatuta) eta Santiagoko tren istripuaren inguruan eurek editatutako bideoa (nazioarteko hainbat mediok ere eskatu zietena).

Informazio-bideoa idatzizkoaren osagarri

Hala ere, eta tarteko arrakastak arrakasta, segitzen dute benetako apustua egin gabe,  ikus-entzunezkoak informazioren parte bihurtu barik. Meliren iritziz, “informazio-bideoa idatzizko albistearen osagarria da, hala behar du; bideoan dena kontatzen bada, ez da testurik behar eta egunkariak bere ‘zera’ galduko luke”. Baina, era berean, “trafikoa, irakurleak, audientzia erakartzeko tresna oso baliagarria izateaz gainera, badira, irudirik ezean asko galtzen duten albisteak eta hori kazetariek ere barneratu beharra daukate, ikustekoa dena ikusi egin behar da”.

Ibilbide profesionala ikus-entzunezkoen arloan egin du eta bideo informatiboez pasioz hitz egiten du Melik. “Nabaria da aukera ez direla behar bezala probesten ari”, dio. New York Times aipatu dit hainbat bider, elkarrizketan zehar. Eredutzat jartzen ditu han sortzen dituzten ikus-entzunezkoak. Baina, gogorarazi diot, zuek 5 lagun zabiltzaten lan horretan, han 60.

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , | Utzi iruzkina