Zinera joateko gomendioa egiteko ausardia daukat

Donostiako Zinemaldia pasa ostean han estreinatutako filma baten inguruan jardutea eta orijinala izatea, ezinezkoa ez dakit, baina zaila gutxienez bada. Hala ere, nire asmoa ez da orijinala izatea, baizik eta hainbati irakurri diodanari jarraituz, La Isla Mínima filma ikusteak merezi duela berrestea. Nirea da iritzia, nirea bakarrik; inongo aditu kutsurik hartu nahi barik; zinemari buruzko inolako jakinduria bako gomendioa da nirea. Baina, asko gustatu zaidala esateko gogoa daukat.

La Isla Mínima filmaren trailer ofiziala

Hasteko, Guadalquivir ingurua ezagutzeko eta abioneta bat alokatzeko gogoa sartu zait filma ikusten. Zelako argazki ederrak! A ze panoramikak! Sevillako Guadalquivir bakarrik ezagutzen dut, baina hango padurak guztiz ezezagunak zaizkit. Are gehiago, Rocioa ospatzen denean erakusten dizkiguten irudiek ere ez daukate zerikusirik filmean agertzen diren padurako parajeekin. Eta ez da bakarrik80 hamarkada hasieran girotzen delako istorioa, horrek ematen dion kolore maiztu horrekin; trantsizioaren demokrazia eraikitzen ari zenekoa. Ez. Gehiago da hango bizimoduaren dekadentziari ateratako argazkiagatik; paraje horietan bizi behar izatearen akiduragatik; atmosfera itogarri samarra sortzen delako, ez preseski Andaluziako beroagatik.

Era berean, True Detective seriean erakusten ziren inguruak ere gogorarazi dizkit La Isla Mínimak. Hura ikusi nuenean ere han bizitzerik ez nukeela nahi pentsatu nuen. Argazki ikusgarriak dauden arren paraje horietan, bizileku moduan itogarria behar du.

True Detective, trailer ofiziala

Istorioaren beraren erritmoak ere laguntzen du giro itogarri hori sortzen. Gertaerak motel doaz, gora eta behera ari da tentsioa; neurtzen jakin du Alberto Rodriguezek. Ezer pasatzen ez den Espainiako bazter horretan behinola beste izugarrikeria baten berri iritsi da behar den lekura, eta interesak interes, polizia bien inplikazioa ere erabatekoa izango da.

Zinemaldian aktore onenaren saria eskuratu zuen filmeko protagonistatako batek. Erabat itxuraldatuta agertzen den Javier Gutierrez galizarrak. Egia da ere, bere lankidearen pertsonaia maspasa bat baino sosoagoa dela (hori dirudi Gutierrezen indarra ikusita), baina meriturik kendu barik saridunari, sinesgarria egin zait tipoa, oso; eta gustatu zait. Egia esateko bien arteko jokoa ere gustatu zait. Ezin esan, ordea, merezitakoa izan den saria, ala ez, ez baititut gainerako aktoreen lanak ikusi. Hori adituentzako uzten dut.

Kategoria: Kultur ikuskizunak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude