“Euskal hedabide eta unibertsitateen arteko elkarlana sustatzea komunikazioaren ikerketa eta ezagutzaren arloan”. UEU, EHU, MU, DU eta Hekimenek elkarlanean antolatu zuten jardunaldia, Eibarko Markeskoa jauregian. Han egin zuten hitzordua komunikazioaren inguruan ikertzen ari diren 3 euskal unibertsitateetako ikerlariak eta euskaraz ari diren hedabideetako kideak; zehazte aldera, herri ekimeneko euskarazko hedabideetakoak. Izan ere, hedabide horien errentagarritasun soziala azaleratzeko ordua dela uste dute horretan ari direnek. Eta, ez da bakarrik, diru-laguntza publikoak geroz eta murritzagoak direlako, hedabide askorentzako bizirauteko ezinbestekoa den diru-iturria, bestalde. Aitor Zuberogoitiak dioena hona ekarriz, “euskarazko komunikabideen ekosisteman errentagarritasun sozialaren dimentsioa eransteak berau indartzen eta sendotzen lagunduko” duelako baizik.
Hori nola neurtzen eta erakusten den da, beraz, asmatu behar dena orain. Eta, horretara ere badator “Euskal Hedabideen Behategia”, dagoeneko, ideien arloan behinik behin, lanean hasi dena, Hekimenen eskutik. Elkarlana du oinarrian Hekimenek, euskal hedabideen elkarteak. 3 unibertsitateetan komunikazioaren inguruan ikerketak egiten ari diren taldeen eskutik garatu nahi dute etorkizuna Behategian; premiei erantzuteko ezagutzatik abiatzeko. Ezagutza horretan ezinbestekoa da euskarazko komunikabideen kontsumo zehatza ezagutzea. Horixe jakin nahi dute hedabideetan ari direnek, baina Alaitz Artolazabalek eta Alberto Barandiaranek adierazi bezala, “behategia ez da argazki hutsa egiteko; tresna bat behar da, argazkia interpretatu eta estrategia lantzeko balekoa izango dena, hedabideek markatuko dutena ze esparru landu behar duen eta bidaide izango dituena unibertsitate eta administrazioa”. Horixe izan nahi du Behategiak.
Beraz, hedabideetan ari direnek nola jardun beharko luketen asmatzen lagunduko dute unibertsitateek egingo lituzketen ikerketek, eta administrazioak ulertuko luke diruz lagundu behar dituela herri ekimeneko euskal hedabideak, sozietatean zerbitzu bat betetzen dutelako. “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarrizketa abiatu behar delako diru-laguntzen inguruan, diruak nola erabakitzen diren argitzeko eta sektorearen kezkak ezagutzera emateko. Dirua zertarako nahi dugun eztabaidatzeko eta eraginkortasunaz jarduteko irismena, kalitatea, berrikuntza, auto-finantzazioa, errentagarritasun soziala eta estrategikotasuna neurtzea garrantzitsuak direlako”, adierazi zuten Behategiko kideek.
Kezka bi nagusitu ziren aurkezpenaren osteko solasalditxoan. Batetik, EiTBk Behategian izan dezakeen parte hartzeaz eta, bestetik, euskal hedabideen jarduera Jaurlaritzak bideratzen duen diruaren banaketan, inbertsio horrek duen eragin (emaitza) sozialaren zenbatekoak izan behar duen erabakigarri diruen banaketan. Zeinek behar du diru gehiago? Eremu baten hedapen gehien duen hedabideak, horren eragina handiagoa dela iritzita, ala, eragin eremua txikiagoa izanagatik gutxiago hedatzen den hedabideak?
Eztabaidari hasiera emateko balio izan zuen UEUn izandako jardunaldiak. Euskal hedabideek ematen duten zerbitzuaren balioa kalkulatzeko SROI delakoa (Social Return On Investment) baliagarria izango den, oraingoz ikusteko dago, baina baliagarria litzateke, duda barik, herri ekimeneko euskal hedabideei ukatu ezin zaien eragin soziala aintzat hartua izateko.
Informazio gehiago:
- Xabier Landabide:http://blogs.deusto.es/euskalgaiak/euskal-komunikazio-eremua-ikerketa-eta-ekintzarako-gure-bideen-bila/