Zimino esistentzialista


dore2

Polydore Marasquin tximinoen uharteko zirkuan, uztaiaren-jauzia egiteko prest. Gustave Doré.


Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik 1957. urtean idatzitako Orangutanen Uhartea ipuina nabarmendu du Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburuan.  Tximinoen eta gizakien arteko hibridoak populaturiko uhartea irudikatu zuen Txillardegik, Tximinoen Planeta eleberria eta filma zabaldu baino urte batzuk lehenago. Halere, Orangutanen Uhartea narrazioaren aurrekaririk nabarmenenak XVIII. eta XIX. mendeko literaturan daude.

‘Gizakia tximinoen lurraldean’ egoera hori baino askoz zaharragoa da, edonola ere. H. W. Jansonen kontatzen du horren jatorria, blog honetan lehen ere aipatu dudan Apes and apes Lore in the Middle Ages and the Renaissance (1952) klasikoan. Erdi aroko Romuloren Alegiak deiturikoetan badago bat bidaiari bikote baten inguruan. Horietako bat gizon zintzoa zen, bestea, berriz, zuri hutsa. Tximinoen herrialdean daudela, tximuen erregearen aurrera eramaten dituzte. Ikusten dutena deskribatzeko eskatzen die erregeak. Zuriak diotso monarka indartsu bat eta haren kortea ikusten duela. Zintzoak, berriz, tximino koadrila penagarri bat besterik ez duela ikusten esaten du eta gogor jipoitu egiten dute.

Vulcano jainkoa Lemnos tximinoen uhartean nola babestu eta elikatu zuten kontatu zuen Bocacciok De Genealogia Deorumen (1350. urtea inguru).

XVIII. mendean eta hurrengoetan sarri erabili da eskema, batez ere, garaian garaiko gizartearen egitura eta ohituren satira egiteko. Jonathan Swiftek Yahoo deituriko izakien berri ematen du Gulliverren Bidaiak liburuan (1726). Iletsu eta higuingarritzat jotzen ditu Gulliverrek yahotarrak, nazkagarriak, batez ere, gizakiaren antza izugarria dutelako.

Gulliverren bidaietaz eginiko parodia batek gehiago sakontzen du gaian. Ludvig Baron Holbergek danimarkarrak, uharte batean barik, Lurrazpiko erresuma batean jartzen du ziminoen gizartea, Nicolai Klimii Iter Subterraneum narrazioan (1741). Martiniako erresumako tximino pinpirin eta argiak deskribatzen ditu (Frantziako Louis XV. kortearen satira, Jansonen aburuz).

Nils Klim bidaiariaren abentura hauek arrakasta handia izan zuten garaian eta antzeko lanak inspiratu zituzten.

Dore1

Marasquin harrapatu eta preso daramate, tximinoek osaturiko zubi batetik. Gustave Doré.

Horietako nabarmenena Leon Gozlan judu-frantziarrak argitaratu zuen 1856. urtean: Les émotions de Polydore Marasquin. Itsasontzia hondoratu ondoren, tximinoek populaturiko uharte batera heltzen da Marasquin merkataria. Ziminoen buruzagi izatera heltzen da, konspirazio politikoaren bitartez. Gozlan kazetaria izan zen eta bere idazkien bitartez parte hartze zuzena izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gustave Doré grabatugileak ilustrazio zoragarriak egin zituen liburuarentzat (mezu honetan jarri ditudan adibideak ez dira kalitate onekoak, baina ezin izan dut besterik aurkitu).

Gero etorri ziren Tarzan (1912), Tximinoen planeta (eleberria  1963, filma, 1967), eta bestelakoak…

Non dago, orduan, Txillardegiren originaltasuna?

Gizartearen satiraz landa, gizabanakoaren egoera ontologikoa bera jartzen du Txillardegik tximinoen ispiluan. Hibridazioa da hor giltzarria. Txilardegirenean ez dago dagoeneko funtsezko diferentziarik, muga ontologikorik, gizakia eta tximinoaren artean. Horregatik Txillardegik ez ditu jainkoak, merkatariak edo bidaiariak bidaltzen tximinoen uhartera, baizik eta zientzialariak. Hauen arrazionaltasuna hausten du tximuekiko indefinizioak eta eromenera eramaten ditu horietako asko. Txillardegiren istorioa tximinoen uharte zaharra da, Kafka irakurri duen esistentzialista posmodernoak revisited.

Tximino hipergaitua

izaraturin

Alemaniako
haur hipergaitu batek idatzi dit (hipergaitua = talentu apartekoa,
‘superdotatua’), Bihotzmakina bideoa bere web-orrian sartu duela
esateko eta Jesukristo eta Hanuman tximu-jainkoaren arteko mimesiaz
duen teoria azaltzeko. Beldurra ematen didate alemaniarrek,
abstrakziorako duten joera ez delako gizatiarra.

Gottlob Preiswert du izena eta talentu aparteko ikasleen forum bateko partaidea
da. Nire bideoa YouTuben aurkitu duela eta zirrara sentitu duela esan
dit. Teoria bat du mimesiaren inguruan. “Mimesiaren fenomenoa leku
guztietan dago ezkutuan”, azaldu dit e-mail batean, “horregatik
zirrarak hartu gaitu ikusi dugunean agian baduela zurekin ere
zerikusirik, zure bideoak gurekin bai behintzat”.

Batzuen
arabera Jesu kristoren gorpua biltzeko erabili zen Turingo Izara,
deiturikoa eta haren irudia ageri du. Haatik, erradiokarbonoarekin eginiko
proben arabera, Turingo Izara XIII.-XIV. mendekoa da. Wernerren arabera, izara 180º
biratuz gero, Hanuman tximinoaren irudia agertzen du.

turin2

“Badirudi
objektua -gurutziltzaturiko Kristoren physis-a- Hanuman
tximu-jainkoaren subjektua bihurtu dela,  haren psyche hilezkorraren
berezko izaerarekin”.

Egia esan, nik ez dut Hanuman ikusten irudi horretan, eta saiatu egin
naiz angulu guztietatik begiratzen. Egia da baitaere, duela urte batzuk
modan zeuden lamina koloretsu haietan ez nuela inoiz lortu agintzen
zidaten hiru dimentsioko irudirik ikustea.

Aleman idealista zintzo gisa, Kant-Fichte-Hegel jarraitzen ditu Gottlob Preiswertek ere. “Tesi,
antitesi eta sintesi
” eskema aipatzen du. Jesu Kristo tesia litzateke,
fisika, Mendebaldeko materialismoa, Hanuman ekialdeko filosofiako antitesia, psikea, espiritualitatea. Sintesia lortu
beharko genuke “globalizazioaren etorkizunean”.


New Age kutsua du horrek, bistan da. Sintesi nahiak alemanieraz pentsatzen duen buruaren abstrakziorako joera ikaragarriaren munstroak dira. Philip K. Dickek askotan idatzi zuen “gogo alemaniarraren joera psikotiko” horretaz.
(Gogorregia naiz hemen, gaztetxoarekin zein germanoekin, oro har).

Nik ez dut sintesitan sinesten. Markos Zapiainek gogoratu duen moduan,
antitesiaren ondoren gehienetan ez dator sintesia baizik eta protesia. Baina bat egiten dut hiruaren garrantzian. Lao Zik esan zuen Dao de Jing bilduman:

  • Daoak Bata sortu zuen,
    Batak Bia sortu zuen,
    Biak Hirua sortu zuen,
    Hiruak izaki guztiak sortu zituen

    (Joxe Arregik eta Pilar Lasartek berriki argitaraturiko itzulpenetik)

Egungo Kaosaren Teoriak arrazoia eman diola dirudi. David Ruellek eta Floris Takensek 1971ean argitaratu zuten On the
Nature of Turbulence
artikuluan esan zuten aski direla
hiru mugimendu independente zurrunbiloaren konplexutasun osoa
sortzeko.

Diseinu adimentsua
proposatzen duten neokreazionistek diote munduaren konplexutasunak frogatzen duela atzean “diseinatzaile” bat dagoela. Nire ustez kontrakoa da: Jainkorik balego mundua askoz sinpleagoa litzateke.

Aitaren izenean, semearen izenean eta izpiritu santuaren izenean… Unibertsoaren abizena “Kaos” da eta tximinoa da horren profeta.

(Preiswert gaztearena New Age bada, zer da nire amaiera efektista-folkloriko hau? Nire burmuinaren zein zirrikitutik atera da?)

Nire Guggenheima Sustatun

Picture 4

Sustatun nire lan bat jarri dute: Oihanaheim fotomuntaketa.

Azken egunotan hainbat hedabideetan esperimentu mental bat egin dutela kontatzen dute Sustatukoek: nola geratuko zen Lur planeta gizakirik gabe? Galderari erantzuna eman nahi izan diote artikulu, irudi eta bideoren bitartez.

Nik aspaldi (hamar urte inguru) irudikatu nuen Bilbo post-apokaliptikoa, Guggenheimen hondakinak tximinoen jolas-parke bihurtuta.

oihanaheimazkena

Proposamen bat bota dut Sustatun: puzzle bat argitaratu nahi dut irudi horrekin (5.000 piezakoa edo).

Horrez gain, merchandising sail oso bat imaginatzen dut, irudi horrekin ilustratzeko: elastikoak, paretarako erlojuak, ontziak, platerak, posterrak, postalak…

Antzeko gauza bat egin zuen Errusiako AES arte taldeak Islamic Project egitasmoarekin: Gugenheim islamikoa.

Kapitalismoaren aldetik apokalipsia ere merkantzia bihurtzeko ahalegina irudikatuko genuke horrela, ironiaz. Ironia baita azken babeslekua, Guggenheim azpiko hondartza txiki hori sortzen den arte behintzat.

Tximinoa kulturaren aurka

zimino

Poz handiz aurkezten dizuet zimino izenpean atera dudan lehengo diskoa: A monkey deconstructs Wagner 34 minutu pasatxo musika (?) esperimentala da. Doan jaisteko jarri dut, baina CD edizio hiper-mugatu bat ateratzeko aukeraz pentsatzen ari naiz.

Jaitsi diskoa (zip fitxategia) hemendik

Edo entzun diskoaren sei ataletako lehena:

powered by ODEO

Zer dago ingelesezko izenburu snob horren atzean? A monkey deconstructs Wagner honekin saiatu naiz tximino infinitoaren teoremari erantzun dekonstruktibista ematen: Zer egingo luke tokadiskos batekin armaturiko tximino batek Wagnerren Das Rheingold operarekin?

Ez dago sanplerrik diskoan, atal bakoitza saio bakarrean eta jarraian grabatu du ziminoak, orratza biniloaren gainean atzaparrarekin mugitzen. Alimaleko scratch-a, Dj iletsua, kulturaren aurka.

Tximinoaren bizkarra

ce1b3b02-44d2-4411-8fb0-62114583eb90

Meza ematen duen tximino baten inguruan eraiki zuen Le due Zitelle (Bi neskazahar) nobela laburra Tommaso Landolfi  idazle italiarrak, 1946. urtean. Mezu honetan entzun ahal duzue Landolfik nola kontatzen duen tximuaren zeremonia eta irakurri, blog honi dagokionez, idazleak esan nahi izan zuenaren interpretazio kixmitarra.

Podcast-a entzuteko klikatu gailuan:

Fededunei bizkarra erakusten eman zuen meza Joseph Ratzinger -katolikoen Benedikto XVI. Aita Santua- joan zen igandean Vatikanoko Sixtoren Kaperan. Eliza katolikoa modernotzeko Vatikanoko II. Kontzilioak erabaki zuen apaizak aurrerantzean meza fededunei begira emango zuela eta latinen ordez, eliztarrek ulertzeko moduko tokian-tokiko hizkuntza erabiliko zela.
Jakina da Ratzinger oso kontserbadorea dela. Izan ere, igandeko keinuarekin oniritzia erakutsi nahi izan die Elizaren alderdi ultraeskuindarrenei. Hauek erreformak baztertu eta eutsi izan diote kontzilio aurreko liturgiari, hau da, Errito Tridentinoa deritzonari. Hamarkada askotan Erromak tridentinoak gaizki ikusita izan ondoren, uztailean baimendu zuen berriz haien erritoa Ratzingerrek.

foto_1114262870117

Benedikto XVI.arena irakurri eta berehala etorri zait burura Tommaso Landolfiren tximinoa. Izan ere, haren nobelaren klimax nagusietako batean, tximinoaren zeremonian, animaliak Ratzingerrek igandean eginiko keinu bera egiten duela espreski idazten du Landolfik: meza bizkarrez eman.

Italo Calvino eta Cesare Paveserekin batera, Italiako XX. mendeko literaturako idazle klasikoen artean jartzen dute Landolfi.

Aristokraten semea, garaiko literaturaren modetatik at gorde zuen bere burua eta dandy dekadentearen bizimodua egitea erabaki zuen. Horren ondorioz, eszentrikotzat eta marginaltzat izan zuten, eta dute, idazlea zein haren lana.

Horren adibide argia da Bi neskazahar eleberria. Tombo izeneko tximinoaren istorioa kontatzen du. Bi neskazahar elizkoiekin eta haien neskamearekin bizi da, herri baztertu eta aspergarri batean. Tximinoak kateetaz libratzen eta kaiolatik ihes egiten ikasi du eta, ia gauero, etxetik ateratzen da eta inguruko komentuko elizara joaten da. Mojek salatzen dutenez, ostiak jan eta mezetako ardoa edaten du han. Neskazaharretako bat zelatan jartzen da gau batean, salaketak egiazkoak ote diren ikusteko. Errealitatea are gordinagoa dela ikusten du.

Eleberriaren amaieran, tximinoa “exekutatu” egiten dute neskazaharrek, sakrilegioaren lotsa jasan ezinik. “Dena den, garaipena ezin zitekeen ironikoagoa izan: gurutziltzaketak martiri bihurtzen du Tombo biraogilea”, idatzi du Estibalitz Ezkerrak Gara egunkariko Mugalari gehigarrian (Azaroaren 3a, 6. orrialdea. Ez dut testua Interneten aurkitu, beraz, ezin estekarik egin, zoritxarrez).

Hermetismoa

Kafkaren gizatasun-animaliatasun arazoaren eragina igartzen zaio lanari. Baina litekeena da Landolfi haratago joan izana.

Hermetici (Hermetikoak) deituriko idazle talde bateko partaide izan zen Landolfi. Frantziako dekadentismoa (Mallarmé, Rimbaud, Valéry…) zuten eredu talde horretan 1920. eta 1940. urte artean bilduriko poeta eta nobelagileek. Hermetikoak esaten zieten, irain gisa, baztertu zutelako hitzaren komunikazio ahalmena eta honen indar ebokatiboari eman ziotelako lehentasuna (haien lanak ez direla “erraz ulertzen”, alegia).

Ez da harritzekoa jarrera hori hartu izana, Mussolinismoaren urte gorenetan, faxismoaren “kultur giroa” pairatu behar izan baitzuten idazleok. Landolfik jarrera antifaxista argia hartu zuen eta hilabete batez preso izan zuten Florentzian.

landolfi

Baina gogoratu behar dugu hemen hermetiko hitza nondik datorren. Lehen ere jorratu dut gaia hemen. Greziako Hermes jainkotik eratorritakoa da. Hitzaren eta idazkeraren jainkoa da Hermes, interpretea eta mugalaria, baina baita gezurtia, tranpatia eta lapurra ere. Mundu helenistikoan Egiptoko Thot jainkoarekin bat egin zuten Hermes. Thot, zeinuen jainkoa, tximino batez irudikatzen zuten egiptoarrek.

Landolfiren tximinoa argitzeko beste erreferentea Jainkoaren tximinoaren ideia da, blog honetan askotan azaldu dena.

Baina zergatik ematen dizu tximinoak bizkarra aldarean?

Zure begirada eskuan dituen sinboloetara zuzendu nahi du, egia ostian eta odola-ardoa duen kalizan dagoela esateko. Bere aurpegia ezkutatzen dizu, bera artekari bat baino ez dela adierazteko. Baina, bide berean, tximino bihurriak tranpa egiten dizu: berak eskainitako zeinuak ere aurpegia eta bizkarra duela ahaztarazi nahi dizu, gogoan izan ez dezazun Landolfiren tximinoak irakatsitakoa: zeinuak alde batekin egia esaten dizula eta, bestearekin, gezurra.

Kixmi brasileiro

brasssil

Junnel 22 urteko brasildarra da, eta 2007ko urriaren batean, ohera joan
aurretik, Kixmi blogeko artikulu bat bere hizkuntzara itzultzeko gogoa izan zuen (ez du esaten nola egin zuen lo gero). Bere blogean jarri zuen emaitza.

Nik
ere baliatuko dut testua, eskuineko zutabean jartzeko, bisitari
brasildarrek edo portugaldarrek (edo caboverdearrek…) jakin dezaten
blog hau zertan den. Muito Obrigado, Junnel.

Egunak lapurtzen zituen tximinoa

VOLOKHINE

Thot Egiptoko tximu-jainkoaz gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diot Youri Volokhine Genevako (Suitza) Unibertsitateko Egiptologia Unitateko irakasleari. Volokhinek bi urte pasa zituen Egipton (2000-2002) Thot ikertzen. Thot eta Jesukristo (Kixmi) zuzenean lotzeko fantasiak kendu dizkit burutik:

Youri Volokhin

“Ez dut uste ‘gurtza trasferentzia’ egon denik Thot eta Kristoren artean”

Thot jainkoa babuino gisa irudikatzen dute askotan Egiptoko artean. Zergatik aukeratu zuten tximinoa idazkeraren eta hitzaren jainkoa irudikatzeko? Gogoratzeko akaso, zeinua engainagarria dela berez?

Babuinoak nabarmentzeko moduko animaliak dira egiptoarrentzat. Are gehiago, hitz egiteko ahalmena dutela uste dute. Ez da harrigarria, beraz, eskribauen bizkarraren gainean aurkitzea. Nabarmendu daiteke Thoten aurpegi “engainagarria” ezaguna dela erabat, baina horrek ez duela zer ikusirik babuino izatearekin. “Jainkoei eginiko emarien lapur” gisa agertzen da, baina mito hori Thoten eginkizun astralarekin dago lotuta: Thotek egunak lapurtzen ditu “urtea osatzeko”, azken bost egun epagomenoak (osagarriak) alegia.

Thot jainkoa tximinoarekin identifikatzea Egiptoko kontua da, jatorrizkoa, edo badago horren jatorriaren aztarnarik Mesopotamian edo Indian (Hanuman)?

Thot eta babuinoaren arteko lotura oso antzinakoa da; Piramideen Testuetatik, Hedj-Our jainko babuinoa Thoten berdintzat hartzen da. Hedj-Our jainkoa ilargiarekin dago lotuta eta bere izenak “argitsu handia” esan nahi du. Badira tximino-jainkoak beste kulturetan, baina ez dago arrazoirik pentsatzeko Egiptori eragin diotela.

Thot Hermesekin nahastu dutenean, Mundu Helenistikoan, Thot-tximino lotura erabat desagertu da, edo bizirik iraun du tradizioren batean?

Alde batetik interpretatio graeca deritzona daukagu, hau da, Egiptoko eta Greziako jainkoen arteko ekibalentzia (gutxi gorabeherakoa) sistema orokorra. Thot “jakinduriaren” jainkoa izanik, jainko azti eta sortzaile, alegia, erabaki zuten bere izena baliokide greziarrarekin “itzultzea”, Hermes. Hau guztia Herodotoren lanean dago jadanik ezarrita (II. liburua). Bestalde, Platonen lanean (Fedon) pasarte interesgarria dago ‘Theuth’-en (= Thot) inguruan, lengoaiaren sortzaile gisa. Horrez gain, Grezia eta Erromako garaietan, jarraitu zuen Thot-babuinoaren gurtza Egipton, batez ere, Hermopolis Magnan (Ashmounein). Grezian Thot Hermes gisa hartu izanak ez zuen eraginik izan Egiptoko gurtzetan.

tagzaniapaste
Tagzania: elilaztan

Haatik, Hermes Trismegistosen inguruan mintzo bagara, afera erabat bestelakoa da. Sorkuntza filosofiko berantiarra da (Erromako garaikoa) eta sistema bat eraiki zuen Greziako eta Egiptoko osagaiekin. “Trismegistos” adjektiboa (“hiru aldiz handia”, esan nahi du) Egiptoko tradiziotik heldu zen, hori baitzen Thoten tituluetako bat.

Hermes Trismegistos Kristorekin identifikatu zuten Erdi Aroko eta Berpizkundeko hainbat tradizio hermetikoek. Uste al duzu Thoten gurtzako osagaiak pasa zirela erlijio berrira eta, bereziki, Kristoren figurara?

Tradizio kristauarentzat Hermes Trismegistos Moisesen garaiko jakintsua zen (Sienako Katedraleko zorua ikusi, XV. mendekoa). Ongi definituriko figura da eta, dakizunez, eginkizun handia izango du alkimian. Horrez gain, ez dut uste “gurtza trasferentzia” egon denik Thot eta Kristoren artean.

Kixmiren iltzeak

closer ona

Closer to God (Jainkotik hurbilago) bideo clip bat da. Mark Romanek zuzendariak egin zuen, Nine Inch Nails taldearen kanta bat ilustratzeko. Bideoaren irudi nabarmenetako bat goian duzue: tximino bat gurutze bati lotuta. Blog hau jarraitzen baduzue jakingo duzue, honez gero, nondik atera zuen bideogileak ideia.

Nine Inch Nailsen musika rock ‘industrial’ gisa saltzen badute ere, ez du zerikusirik Throbbing Gristle taldeak izen horrekin sorturiko estilo atonal zaratazalearekin. Rock hutsa da, komertziala %100 eta osagai originalik gabea. Horren erradikaltasun guztia hitz bortitz eta gordinetan datza. Azken finean, nerabe estatubatuarrak (edo haien gurasoak) epatatzea du helburu.

Closer abestia argitaratu zuen Nine Inch Nails taldeak 1994. urteko The Downward Spiral diskoan. Kantak ez du inongo interesik blog honetarako, baina urte horretan Romanekek eginiko bideoak badu. Tximino bat gurutze bati helduta agertzen da. Zentsura jasan zuen bideoak, baina ez, antza, irudiengatik, baizik eta hitzetan fuck aditza erabiltzen duelako abeslariak.

Herzogen tximinoa

Nondik dator tximino hori? Bideoaren inguruan Wikipedian idatzi dutenek Joel-Peter Witkin argazkilari estatubatuarra aipatzen dute bideoaren ikonografiaren inspiratzaile gisa. Litekeena da, baina argi dago kixminoa ez datorrela hortik, baizik eta Werner Herzog zinemagilearen Ipotxak ere txiki hasi ziren filmetik. Tximino espezie mota berdina da, berdin dago lotuta gurutzean, eta ia modu berean borrokatzen du torturaren aurka.

Nine Inch Nails taldeko buru Trent Reznor blog honetako beste aspaldiko ezagun baten “aitapontekoa” izan zen musika munduan: Marilyn Manson kantariarena, alegia. Tximinoa gurutzean gaia berriz agertzen da

Mansonen Disposable teens 2000. urteko bideoan. Baina horretan, Herzogi eginiko omenaldi/plagioa ez da horren begi bistakoa.

Gezurra badirudi ere, Romaneken bideoak arte modernoaren aita santuen bendizioa du. Bere bilduman sartuta du New Yorkeko Museum of Modern Art (MOMA) museoak.

Kixmi bloga ez da gutxiago izango.

Nine Inch Nails Closer To God Music via Noolmusic.com

Hey DJ!!

Richard Straussen Horrela mintzo zen Zarathustra doinu ezaguna aukeratu nuen Txillardegi eta ziminoa bideoaren soinu banda egiteko. Doinu perfektua, alde batetik, Markos Zapiainek Txillardegiren nobela baten kutsu “zarathustrianoa” aipatzen duelako eta, bestalde, doinua Stanley Kubricken 2001Space Odyssey filmeko tximinoekin erabat lotuta dagoelako gure burmuinetan.

Zarathustra eta tximinoak doinu berean, hau pagotxa!

Orain arte moldatu izan naiz nire bideotarako musika sortzen, lau loop eta bi erritmo erabilita. Motown bateria bat jarri nion Straussen doinutik ateratako loop bati eta, hara! Oso dantzagarria geratzen dela iruditzen zait. Entzun bestela.

Musikaz gauza handirik ez dakidala argi utzi dut, baina doinu honek etorkizuna duela uste dut. Nik burutik kendu ezinean nabil behintzat.

Horregatik, aukera eman nahi diot edonori honen remix-a egiteko. Badakit DJ amateur asko dagoela blogak irakurtzen dituzten teknofiloen artean. Hemen jartzen dizkizuet Euskal Herriko (eta munduko) dantzalekuetako pilulazale zarathustriano guztiak are gehiago tximinotzeko ahalmena izango duen hit bat egiteko osagaiak.

Animatuz gero, ondo pasa soinuarekin jolasten. Eta, Hey DJ! ez ahaztu, bidali kanta!

powered by ODEO

Mp3a jaisteko klikatu hemen.
powered by ODEO

powered by ODEO

Mp3a jaisteko, klikatu hemen.

Txillardegi eta ziminoa

Orain arte ez dut inoiz publizitate kutsu duen ezer sartu blog honetan baina bideo hau izango da salbuespena. Zergatik? Bideoaren gaiarengatik, hasteko. Bigarrenik, nire ustez lehen aldia delako euskarazko liburu bati bideo promozionala egiten diotela. Eta azkenik, blog hau aipatzen dutelako.

Txillardegi eta ziminoa plazaratu berri du Markos Zapiain filosofoak Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Hartuko dut astia datozen asteetan ere liburuaren inguruan idazteko. Gaur bideoa da kontua.

Badirudi modan jarriko dela liburuei promozio bideoak egitea. Irailaren hasieran ezagutu genuen Naomi Klein altermundialistaren azken lana The Shock Doctrine: The Rise of Disaster Capitalism, eta horretarako Alfonso eta Jonás Cuarónek egin zuten bideoa.

Ez naiz hasiko halako lanen balio estetikoa epaitzen (epaitzeko moduko balio estetikorik baldin badute, noski). Hor duzue Zapiainen Txillardegi eta ziminoa libururako egin dutena. Kasu horretan zalantzan jarri beharrekoa ez da ustezko balio estetikorik, baizik eta bideoak liburua promozionatzeko baliorik ere ote duen.