Txillardegi eta ziminoa

Orain arte ez dut inoiz publizitate kutsu duen ezer sartu blog honetan baina bideo hau izango da salbuespena. Zergatik? Bideoaren gaiarengatik, hasteko. Bigarrenik, nire ustez lehen aldia delako euskarazko liburu bati bideo promozionala egiten diotela. Eta azkenik, blog hau aipatzen dutelako.

Txillardegi eta ziminoa plazaratu berri du Markos Zapiain filosofoak Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Hartuko dut astia datozen asteetan ere liburuaren inguruan idazteko. Gaur bideoa da kontua.

Badirudi modan jarriko dela liburuei promozio bideoak egitea. Irailaren hasieran ezagutu genuen Naomi Klein altermundialistaren azken lana The Shock Doctrine: The Rise of Disaster Capitalism, eta horretarako Alfonso eta Jonás Cuarónek egin zuten bideoa.

Ez naiz hasiko halako lanen balio estetikoa epaitzen (epaitzeko moduko balio estetikorik baldin badute, noski). Hor duzue Zapiainen Txillardegi eta ziminoa libururako egin dutena. Kasu horretan zalantzan jarri beharrekoa ez da ustezko balio estetikorik, baizik eta bideoak liburua promozionatzeko baliorik ere ote duen.