Egunak lapurtzen zituen tximinoa

VOLOKHINE

Thot Egiptoko tximu-jainkoaz gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diot Youri Volokhine Genevako (Suitza) Unibertsitateko Egiptologia Unitateko irakasleari. Volokhinek bi urte pasa zituen Egipton (2000-2002) Thot ikertzen. Thot eta Jesukristo (Kixmi) zuzenean lotzeko fantasiak kendu dizkit burutik:

Youri Volokhin

“Ez dut uste ‘gurtza trasferentzia’ egon denik Thot eta Kristoren artean”

Thot jainkoa babuino gisa irudikatzen dute askotan Egiptoko artean. Zergatik aukeratu zuten tximinoa idazkeraren eta hitzaren jainkoa irudikatzeko? Gogoratzeko akaso, zeinua engainagarria dela berez?

Babuinoak nabarmentzeko moduko animaliak dira egiptoarrentzat. Are gehiago, hitz egiteko ahalmena dutela uste dute. Ez da harrigarria, beraz, eskribauen bizkarraren gainean aurkitzea. Nabarmendu daiteke Thoten aurpegi “engainagarria” ezaguna dela erabat, baina horrek ez duela zer ikusirik babuino izatearekin. “Jainkoei eginiko emarien lapur” gisa agertzen da, baina mito hori Thoten eginkizun astralarekin dago lotuta: Thotek egunak lapurtzen ditu “urtea osatzeko”, azken bost egun epagomenoak (osagarriak) alegia.

Thot jainkoa tximinoarekin identifikatzea Egiptoko kontua da, jatorrizkoa, edo badago horren jatorriaren aztarnarik Mesopotamian edo Indian (Hanuman)?

Thot eta babuinoaren arteko lotura oso antzinakoa da; Piramideen Testuetatik, Hedj-Our jainko babuinoa Thoten berdintzat hartzen da. Hedj-Our jainkoa ilargiarekin dago lotuta eta bere izenak “argitsu handia” esan nahi du. Badira tximino-jainkoak beste kulturetan, baina ez dago arrazoirik pentsatzeko Egiptori eragin diotela.

Thot Hermesekin nahastu dutenean, Mundu Helenistikoan, Thot-tximino lotura erabat desagertu da, edo bizirik iraun du tradizioren batean?

Alde batetik interpretatio graeca deritzona daukagu, hau da, Egiptoko eta Greziako jainkoen arteko ekibalentzia (gutxi gorabeherakoa) sistema orokorra. Thot “jakinduriaren” jainkoa izanik, jainko azti eta sortzaile, alegia, erabaki zuten bere izena baliokide greziarrarekin “itzultzea”, Hermes. Hau guztia Herodotoren lanean dago jadanik ezarrita (II. liburua). Bestalde, Platonen lanean (Fedon) pasarte interesgarria dago ‘Theuth’-en (= Thot) inguruan, lengoaiaren sortzaile gisa. Horrez gain, Grezia eta Erromako garaietan, jarraitu zuen Thot-babuinoaren gurtza Egipton, batez ere, Hermopolis Magnan (Ashmounein). Grezian Thot Hermes gisa hartu izanak ez zuen eraginik izan Egiptoko gurtzetan.

tagzaniapaste
Tagzania: elilaztan

Haatik, Hermes Trismegistosen inguruan mintzo bagara, afera erabat bestelakoa da. Sorkuntza filosofiko berantiarra da (Erromako garaikoa) eta sistema bat eraiki zuen Greziako eta Egiptoko osagaiekin. “Trismegistos” adjektiboa (“hiru aldiz handia”, esan nahi du) Egiptoko tradiziotik heldu zen, hori baitzen Thoten tituluetako bat.

Hermes Trismegistos Kristorekin identifikatu zuten Erdi Aroko eta Berpizkundeko hainbat tradizio hermetikoek. Uste al duzu Thoten gurtzako osagaiak pasa zirela erlijio berrira eta, bereziki, Kristoren figurara?

Tradizio kristauarentzat Hermes Trismegistos Moisesen garaiko jakintsua zen (Sienako Katedraleko zorua ikusi, XV. mendekoa). Ongi definituriko figura da eta, dakizunez, eginkizun handia izango du alkimian. Horrez gain, ez dut uste “gurtza trasferentzia” egon denik Thot eta Kristoren artean.