Alemaniako
haur hipergaitu batek idatzi dit (hipergaitua = talentu apartekoa,
‘superdotatua’), Bihotzmakina bideoa bere web-orrian sartu duela
esateko eta Jesukristo eta Hanuman tximu-jainkoaren arteko mimesiaz
duen teoria azaltzeko. Beldurra ematen didate alemaniarrek,
abstrakziorako duten joera ez delako gizatiarra.
Gottlob Preiswert du izena eta talentu aparteko ikasleen forum bateko partaidea
da. Nire bideoa YouTuben aurkitu duela eta zirrara sentitu duela esan
dit. Teoria bat du mimesiaren inguruan. “Mimesiaren fenomenoa leku
guztietan dago ezkutuan”, azaldu dit e-mail batean, “horregatik
zirrarak hartu gaitu ikusi dugunean agian baduela zurekin ere
zerikusirik, zure bideoak gurekin bai behintzat”.
Batzuen
arabera Jesu kristoren gorpua biltzeko erabili zen Turingo Izara,
deiturikoa eta haren irudia ageri du. Haatik, erradiokarbonoarekin eginiko
proben arabera, Turingo Izara XIII.-XIV. mendekoa da. Wernerren arabera, izara 180º
biratuz gero, Hanuman tximinoaren irudia agertzen du.
“Badirudi
objektua -gurutziltzaturiko Kristoren physis-a- Hanuman
tximu-jainkoaren subjektua bihurtu dela, haren psyche hilezkorraren
berezko izaerarekin”.
Egia esan, nik ez dut Hanuman ikusten irudi horretan, eta saiatu egin
naiz angulu guztietatik begiratzen. Egia da baitaere, duela urte batzuk
modan zeuden lamina koloretsu haietan ez nuela inoiz lortu agintzen
zidaten hiru dimentsioko irudirik ikustea.
Aleman idealista zintzo gisa, Kant-Fichte-Hegel jarraitzen ditu Gottlob Preiswertek ere. “Tesi,
antitesi eta sintesi” eskema aipatzen du. Jesu Kristo tesia litzateke,
fisika, Mendebaldeko materialismoa, Hanuman ekialdeko filosofiako antitesia, psikea, espiritualitatea. Sintesia lortu
beharko genuke “globalizazioaren etorkizunean”.
(Gogorregia naiz hemen, gaztetxoarekin zein germanoekin, oro har).
New Age kutsua du horrek, bistan da. Sintesi nahiak alemanieraz pentsatzen duen buruaren abstrakziorako joera ikaragarriaren munstroak dira. Philip K. Dickek askotan idatzi zuen “gogo alemaniarraren joera psikotiko” horretaz.
Nik ez dut sintesitan sinesten. Markos Zapiainek gogoratu duen moduan,
antitesiaren ondoren gehienetan ez dator sintesia baizik eta protesia. Baina bat egiten dut hiruaren garrantzian. Lao Zik esan zuen Dao de Jing bilduman:
- Daoak Bata sortu zuen,
Batak Bia sortu zuen,
Biak Hirua sortu zuen,
Hiruak izaki guztiak sortu zituen
(Joxe Arregik eta Pilar Lasartek berriki argitaraturiko itzulpenetik)
Egungo Kaosaren Teoriak arrazoia eman diola dirudi. David Ruellek eta Floris Takensek 1971ean argitaratu zuten On the
Nature of Turbulence artikuluan esan zuten aski direla
hiru mugimendu independente zurrunbiloaren konplexutasun osoa
sortzeko.
Diseinu adimentsua proposatzen duten neokreazionistek diote munduaren konplexutasunak frogatzen duela atzean “diseinatzaile” bat dagoela. Nire ustez kontrakoa da: Jainkorik balego mundua askoz sinpleagoa litzateke.
Aitaren izenean, semearen izenean eta izpiritu santuaren izenean… Unibertsoaren abizena “Kaos” da eta tximinoa da horren profeta.
(Preiswert gaztearena New Age bada, zer da nire amaiera efektista-folkloriko hau? Nire burmuinaren zein zirrikitutik atera da?)