Iruña-Veleia Martxan eta SOS Iruña-Veleia Elkarteek honako deialdi hau egin dute:
“MARTXOAK 10, igandea, Iruña -Veleiako aztarnategian egiten ari diren triskantza arkeologikoan oinarritutako bisita gidatu berezia egingo dugu. Azken hilabete hauetan hondeamakina erabiliz aztarnategiko hainbat gunetan suntsiketak egin dituzte: harresiaren barnealdean, ate txikiaren inguruan, ate nagusiko kasernan, eta San Juan monasterioan. Bertaratu garen herritarrok inongo funts arkeologikorik ez duten lanen lekuko izango gara. Euskal kulturako hainbat ordezkari ere gonbidatu ditugu, txikizio honen aurrean beraien iritzia ager dezaten.
Bestalde, ohiko bisita gidatuak hilabete bakoitzaren lehen igandean egiten ditugu, goizeko 11etan hasita, aztarnategiko aparkalekuan. Bisita hauetan hainbat gai ezberdin jorratzen ditugu. Lehenik, bertan topatutako altxorrek piztutako gatazkari heltzen diogu. Auzi judizialaren historia agertzen dugu, eta komunikabideek faltsutzat jotzeko erabili dituzten argudioak ezeztatzen: grafologia probak, kalbarioa, ostraken patina, etab.
Grafitoak faltsutzat jotzeko froga bakarra zein izan zen argitzen diegu bisitariei. I.P.C.E.ko laborategia grafitoetan topatutako metal modernoen arrastoetan oinarritzen da. Hori bai, lekukotasunik eta kontraste probarik gabe. Hau da, beste aztarnategietan aurkitutako garai bereko ostrakek metal modernoen arrastoak dituzten ala ez (denak dituzte), eta propio eginiko faltsutze batek zenbat metal arrasto uzten duen ( hamar bider gehiago, gutxienez).
Egoera honen zergatia argitzen saiatzen gara. Arrazoien artean aipatzen dugu lehen momentuan Elizak hartutako jarrera ezkorra, Lorena Lopez de Lacalle garaiko Kultur Diputatuarengan eragina izan zuena. Eta garrantzi handia dute bertan topatutako euskarazko hitz eta esaldiek, euskalduntze berantiarraren teoria ezeztatzen dutelako. Baina batez ere zenbait hizkuntzalariren jarrera bortitza azpimarratzen dugu; ez dituzte froga arkeometrikoak onartzen, eta grafitoek beren teoriak ezeztatzen dituztenez, faltsutzat jotzen dituzte.
Horri guztiari aurre egiteko, hiru proba arkeometriko eskatzen direla azaltzen dugu: termoluminiszentzia, C-14a, eta kare-konkrezioen analisia. Bakoitza zer den, grafitoen argazkiak erakutsiz esplikatzen dugu. Aipatutako proba hauen bitartez grafitoak noiz eginak diren jakin dezakegu, eta benetakoak diren ala ez betirako argitu.
Bestalde, aztarnategiaren historia ere azaltzen dugu; Burdin Aroko hiri karistiarra eta erromatar garaiko hiriaren bilakaera, VI. mendean desagertzen den arte, guztia Euskal Herriko historian txertatuz.
Bisitaren iraupena pare bat ordukoa da, paraje zoragarri batean, Zadorra Ibaiak inguratzen duen mendi kaskoan. Ibilbideak ez du zailtasun berezirik, eta txakurrak ere ekar litezke. Aztarnategiko aparkalekua eta bisita doakoak dira. Besterik gabe, Billodas ondoan dagoen Iruña-Veleian zuen zain egongo gara.”
Euskal Herrian, 2024ko otsailean
Iruña-Veleia Martxan, SOS Iruña-Veleia