Bertso berriak Eñaut Agirrek Iruña-Veleiari jarriak

Eñaut Agirre bertso jartzaile hernaniarrak bertso-sorta bikaina ondu du Iruña-Veleia gaitzat hartuta. Hemen klik eginda entzun daitezke 1:30 minututik aurrera.

BERTSO BERRIAK, IRUÑA VELEIAKO AUZIARI JARRIAK,

AURKIKUNTZEN 20. URTEURRENEAN

Eñaut Agirre Goia
2026-08-23

Arabako bihotzean
Eguzkiak orraztua
Zadorraren babesean
Leku dotore askua
Hogei urtez auzibide
Ta liskarretan nahastua
Zergatik zaude isilik?
Zergatik zaude ahaztua?

Karistiarren lurretan
erromatarren amua
10.000 lagunera
iritsi zinen mamua
Veleia zu zera euskal
hirien beteranua
jendeak oroitu zaitzan
bertsoak jartzera nua

Astorgatik Bordelera
Galtzada erromatarra
Hemen parada eginda
Zegon osatu beharra
gehiena zen bertakoa
zatitxo bat kanpotarra
hiria elebiduna
mendia elebakarra

Berrehun urtean hasita
bostehungarren urteraino
hemen hiririk ez zegon
haundiagorik zu baino
oinez, gurdiz edo mandoz
ilarak egiteraino
batek daki zeren bila
etorri ziren honaino

Armagizon ta epaile,
famili aberats bereizi,
diruzain ta funtzionari,
nahiz ta askok ez merezi,
umezurtzak, esklabuak,
nahi baldin bazuten bizi
batzuk zetozen lasai ta
batzuk zerbaiten ihesi

Aberatsak, behartsuak,
Ume eta nagusiak
Denak bertan teatro ta
merkatuetan nahasiak
ikusgarriak zituen
pareta ta harresiak
denak marrazkiz, idatziz
eta graffitiz josiak

Kanpotik zetozen haiek
ikasten zuten jakina
ta eskribitu ere bai
edozein harri eskina
zeramika edo hezur
griegoa edo latina
eta beste hizkuntza bat
han gehiengoak zekina

Hiri haietan idazten zen
gehiengoaren hizkeraz
Egipton demotikoz ta
Sirian arameeraz
Libian neopunikoz
Ta Frantzian galieraz
Zaragozan zeltiberoz
Eta Araban …………….????

Joan dira 15 mende
eta lurpetikan hara!
inork espero ez zuen
gauza azaldu ez da ba!
Ez balitz izan euskera,
ez balitz izan Araba!
Askontzat oraindik zera
zazpigarrengo alaba

Oraindik gogoan daukat
zan bi mila eta seian
euskarazko grafitoak
azaldu ziren Veleian
hasieran poztu ginen
zetorrenaren ideian
baina aurki sartu ginen
hogei urterako lehian

Guztiek ez zuten egin
Hainbat duda ta zalantza
Adibidez, Knörr jauna,
Ta Alvarez-Enparantza
haiek azkar hartu zien
egiazkoaren antza
guk kontrako bertsioa
nahiago genuen antza

Politiko, ikerlari,
Ta kazetari ilustre,
Epaitegiei emanaz
Hamazazpi kapa lustre
Epaileek euskaldunak
Lehen aina maite dituzte
Ta gure agintariek
Abandonatu gaituzte

Zergatikan ez jarraitu
leku berean industen
beheragoko lurretik
zer irtetzen dan ikusten
eztabaida eten zuten
ez dute hizketan uzten
ta bi lagun epaileen
eskutan jarri zituzten

Gure adituek dute
mingaina oso zakarra
badaukagu ilunpean
ipar argien beharra
batzuek suari eusten
egin dute lan edarra
ta gaur arte isiltzea
da nere pena bakarra

Batzuk zergatik ordaindu
Zuten modu garestian?
Kajetan dauzkaten piezak
Zeatik atera ez dian?
Mila aldiz galde leike
zer pasa zen arestian
bainan erantzunak daude
Veleiako lur azpian

Zuek sufritu dezute
Haustearren hainbat gidoi
Aditu Eliseo Gil
Aditu Idoia Filloy
Beste aldera begira
Egon leike hainbat milloi
Baina hernaniar honek
Sinisten dizute biyoi

Batzuk zergatik ordaindu
Zuten modu garestian?
Kajetan dauden piezak
Zeatik atera ez dian?
Mila aldiz galde leike
Zer pasa zen arestian
Bainan erantzunak daude
Veleiako lur azpian

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude