“Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.)” aurkeztu zen atzo

Hemen Naiz-en kronika, kronika bakarra, bestalde, nahiz eta hedabide guztietara bidali zen aurkezpen-testua eta bertaratu ere bai batzuk. Milesker Naiz-i eta haren kazetari Amalur Artolari. Azpian prentsari banatu zitzaion testua:

EUSKARAREN MENDE MAGIKOAK (V-IX K.o.) Aurkezpena, Elkar, Donostia 2025-06-05

Egunon guztioi: Lehenengo eta behin eskerrak eman etorri zareten guztioi. Eta nola ez liburu hau argitaratu didan Elkar argitaletxeari, eta bereziki Xabier Mendiguren editore eta aspaldiko lagunari. Gaur egun gero eta zailagoa da liburuak argitaratzea, eta batez ere gaia ez bada oso komertziala. Eta hau seguru asko ez dela. Baina egileok beti pentsatzen dugu esku artean dugun azkena oso inportantea dela, eta ni ere sinistua nago horrekin, bestela ez nuen hartuko hau egiteko lana.

Eta sarreratxo honen ondoren, harira joango gara. Agertu ditu Xabierrek lanaren nondik norako batzuk. Ez naiz xehetasun handietan sartuko. Liburuak irakurtzeko dira, aurkezpenetan ez dago haien laburpena egin beharrik. Baina zeozer esan behar da.

Euskararen mende magikoak, zergatik? galdetuko du norbaitek. Goi Erdi Aroan gaude. Erromatar inperioa erori da, hiri gehienak desagertu dira, jendartea baserritartu egin da, halako tunel baten sartzen da historia, ilunpe batean. Mende horietako dokumentazio oso gutxi dago gure eremuan, eta dagoen apurrean ez dago euskarari buruzko ia erreferentziarik, eta euskarazko berbak eta leku-izenak ere oso gutxi dira.

Baina hala ere, badakigu gauza oso inportanteak, harrigarriak esango nuke, gertatu zirela mende horietan. Hain eztabaidatua den Euskalduntze berantiarra; -a artikulua ere orduan sortu omen zen, etxea ez omen zen esaten, Euskara Batu Zaharra (EBZ) ere izan genuen orduan, hau da, euskarak halako batasun bat lortu  omen zuen garai hartan.  Eta ondoren sortu omen ziren euskarazko dialektoak, euskalkiak. Hau erakusten da gure unibertsitateetan. Euskalduntze berantiarraren puntuan ez dago kontsentsurik, aldekoak eta kontrakoak daude, baina beste hiruretan esan daiteke bestela pentsatzen dutenak gutxi direla. Edo bestela pentsatu arren, gehienak isildu egiten dira.

Lehenengo puntuan, Euskalduntze berantiarra, labur esplikaturik, teoria klasikoak esaten zuen EH mendebaldean ez zela euskararik egiten, zeltak ginela, eta erromatar inperioa erori ondoren baskoiak mendebalderantz jo zutela eta euskaldundu zutela. Baina 2010 inguruan, teoriak halako iraultza bat izan zuen, eta baskoiak ere ez ziren euskaldunak; akitaniarrak bai, eta sasoi hartan hegoaldera jo eta euskaldundu zuten, lehenik Nafarroa eta gero beste guztia. Hori dena mende ilunetan.

Bueno, pentsatuko duzuenez, ez naiz ados; eta beste asko ere ez, noski, eta argudioak eta batez ere datuak bilatzen saiatu naiz teoria horri aurre egiteko. Batez ere datu linguistikoak, historia eta oso aztertuta baitaude. Eta uste dut garbi geratzen dela liburuan teoria hori hondarraren gainean eraikia dagoela, edo kearen gainean, nahiago bada.

Gero -a artikuluarena dator. Hau ere, oso oinarri ahulen gainean eraikia. Konparatu ahal daiteke erdaretako artikulua eta euskarazko -a? Nola konponduko ziren hori gabe? Ba al dago –a-rik antzinako testigantzetan? Badakizue Iruña-Veleiako aurkikuntzak neurri batean horregatik jo zituztela faltsutzat,  araina, sua, polita… agertzen direlako.  Eliseo Gil zuzendariari zazpi urteko kartzela eta ia 300.00 euroko isuna sartu nahi izan zioten. Beraz, hauek ez dira soilik filologoen arteko eztabaida bizantinoak. Euskalduntze berantiarraren gaiak ere inplikazio politiko handiak ditu.

EBZ, hirugarren puntua. Euskara batu omen zen mende ilun horietan. Hori idatzi zuen Mitxelenak 1981ean, eta haren ondorengoek aho batez onartu dute. Baina zer datu edo zantzu dago teoria horri eusteko. Nire ustez ez du oinarri sendorik teoriak. Liburuan argudiaketa.

Eta laugarrena, EBZren ondoren sortu omen ziren dialektoak, euskalkiak. Hau erakusten da gure unibertsitateetan. Eta erruki zalantzan jartzen baduzu. Ba pentsatuko duzuenez, zalantzan jartzen dut. Liburuan garatua dago gaia. Ez da xehetasunetan sartzeko momentua.

Lau hauek dira gai nagusiak. Liburuak baditu bi eranskin, goiko gai hauekin lotura dutenak. Ea antzinako euskara ulertuko genukeen, bata, eta Mitxelenaren esaldi famatua, euskararen benetako enigma ez dela bere jatorria baizik eta iraupena, bestea.

Bibliografia zabala erabili dut. Beti saiatu naiz aldeko eta kontrako datuak eta argudioak erabiltzen eta kontrastatzen, nahiz eta gero balantza alde batera makurtzen den.

Eta liburuaren epilogoko, bukaerako berbak ekarriko dut aurkezpen honi amaiera emateko:

“Esku arteko liburura etorrita, baliteke ofizioko gehienak haserretzea irakurtzen dutenean, nahiz eta balitekeen asko ez izatea irakurleak. Baliteke gehientsuak ados egotea lehen atalean esaten denarekin, euskalduntze berantiarraren ipuina irensteko eztarri zabala behar baita, eta gainera Mitxelena ez zegoen alde. Baina baliteke beste atalekin gehientsuak sutan jartzea, Goi Erdi Aroko artikulua, Euskara Batu Zaharra eta ondorengo euskalkien teoria zalantzan jartzea bekatu mortala baita. Zer egingo diogu ba, honezkero ez dugu ikasiko isilik egoteak zenbat balio duen. Dena dela, norbaitek esan beharko dio erregeari biluzik dagoela. Ulergarria da haserrea; zuk bizitza guztian gauza bat sinetsi eta erakutsi baduzu, eta gero sasiletrau bat etortzen bazaizu esaten gauzak ez direla horrela, ez da harritzekoa barruak asaldatzea.

Badakit honekin (ere) ez dudala lagun berri asko egingo. Baina… Amicus est Plato, sed amicer veritas. (“Laguna dut Platón, baina lagunago egia”).Bakoitzak bere egia defendatu behar du, bakoitzak egia dela pentsatzen duena, alegia, ni ez bainaiz egiaren jabea, eta beste inor ere ez.

Gaiztakeria bat egin duen mutiko sentitzen naiz.

Eta ez nintzateke sentitu behar.”

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude