Aralar: “Hau oskurantismo hutsa da. Batzar Nagusiei Gobernu Foralaren kontrol eta kritika lana lapurtzea esaten zaio honi”

Otsailaren 4an Aralarrek behean datorren agiria kaleratu zuen bezperako agerraldia baloratuz. Otsailaren 5ean Iñaki Aldekoa batzarkideak iritzi-artikulua
argitaratu zuen DNA egunkarian gai beraren inguruan.

AFA-EHU KONBENIOAZ HITZ EGITEKO KULTURA DIPUTATUAK EGINDAKO AGERRALDIAREN BALORAZIOA

Joan den urteko azaroaren 6an berak eskatuta, Lorena Lopez de Lacalle, Euskara,  Kultura eta Kiroletako diputatuak agerraldia egin zuen atzo Arabako Batzar Nagusien aurrean, AFA eta EHUren artean sinatutako KONBENIOAz hitz egiteko. Agerraldian entzundakoak joan den azaroaren 26an plazaratu genuen balorazio ezezkorra sendotu digu.

Lehenik eta behin, erabilitako oskurantismoa eta presa kritikatu nahi ditugu; atzera-bueltarik gabeko egoerak bilatu dira, itxura guztien arabera. Honen froga nabarmenena: Diputatuak berak egindako eskaera azaroaren 6koa izan arren, ez duela agerraldia otsailaren 3ra arte egin; agenda kontuengatik omen. Noiz, eta informazio-gai eta eztabaida-gai den KONBENIOA gauzatzeko epea jada burututa dagoenean (2010eko urtarrilaren 29an, seigarren klausularen arabera), horrela ezinezko bihurtuz gaiari buruzko inolako aurre eztabaida edo kritikarik.

Are gehiago,
azalpenaren orduan diputatuak pare bat zeharkako aipamen egin zituen soilik
KONBENIOAren sinadura egunaz eta PLAN ZUZENDARIAren elaborazioaz eta
entregatzeaz, eta bera eta bere laguntzaileek PLAN ZUZENDARIAz jardun zuten
bakarrik, hori ez zenean eskatutako agerraldiaren helburua. (Esan beharra dago,
laguntzaileetako bat, Nuñez jauna, bilerako izarra, ez dela agertzen 2009ko
azaroaren 6an eskatutako agerraldi-eskarian, azalpenik behar ez duten arrazoiengatik).

Hau ez da ez serioa eta ez ondradua. Hau oskurantismo hutsa da, aurrerako ihesa, atzera-bueltarik gabeko egoeren bilaketa. Izan ere, KONBENIOAren helburua burututa da jada. Batzar Nagusiei Gobernu Foralaren kontrol eta kritika lana lapurtzea esaten zaio honi. Horregatik eskatu zuen gure taldeak aktan ager zedila gure protesta gai-ordenari iruzur egiteagatik, Batzordeko presidentearen baimenarekin.

Berretsi egiten ditugu gure azaroaren 26ko agiriaren 3. puntuan KONBENIOAren aurka egoteko eta baliogabetzea edo atzeratzea eskatzeko erabiltzen genituen argudioak.

Gainera informatu nahi dugu aurrerantzean hainbat ekimen burutuko dugula ganbara honetan, orain arte aurrera eraman nahi izan ez ditugunak, Euskara,  Kultura eta Kiroletako Departamentuaren jarrera aldaketaren zain egon garelako, baina azken agerraldi hau ikusita ezin gara geldi geratu, ez dugulako nahi gure zuhurtasuna eta kortesia konplizitate bihur daitezen.

Azkenik, pentsatzen dugu Iruña-Veleiaz Euskara,  Kultura eta Kiroletako Departamenduak hartu dituen erabakiek (444/2008 Foru Agindua, Amelia
Baldeonen destituzioa, Lurmenen aurkako kereila eta, azkenik, KONBENIOAren
prozedura eta edukia) katramila ikaragarrian sartu dutela Foru Gobernua, zeinen
egonkortasunaz erantzule sentitzen garen, neurri batean, behintzat.

Gasteiz, 2010eko otsailaren 4a.

ARALAR, ARABAKO BATZAR NAGUSIAK

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude