Azoka telebista bost egunetan

Pantaila hauxe egongo da egunero-egunero azokak irauten duen egunetan. Inork kopiatu gura balu embed kodea beste nonbaiten, ba hauxe da:

<iframe src=”http://www.ustream.tv/embed/9870944” width=”608″ height=”368″ scrolling=”no” frameborder=”0″ style=”border: 0px none transparent;”></iframe>

Azoka telebistan ikusiko duzuna Gerediaga elkarteak kudeatzen du eta EITB, Hamaika eta Goienaren elkarlanari eskerrak daude irudiok.

Berriako elkarrizketa: sare sozialez, Goienaz, euskaraz…

Urtzi Urkizu kazetariak egindako elkarrizketa da blogera ekarri dudana. Berriak argitaratu du domekako paperean eta Interneten. Blogera ekartzen dut. “Euskal Komunikazioa eta sare sozialak” gai hartuta 7 laguni egin dizkigu elkarrizketak dagoeneko eta berriak ere etorriko dira. copy-paste eginda hemen:

Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (VIII). Iban Arantzabal. Goienako ikus-entzunezkoen burua

«Euskalkian idazteko, territorio libreak dira sare sozialak»

Twitter da Goienaren apustua, «etorkizun oparoena duen saretzat» baitute.

/ JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Goienaren sorreratik taldearen Interneteko ardura izan
du Iban Arantzabalek (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Sustatuko editore bost
urtean, Espaloia kafe antzokiko presidentea eta Ahotsak.com-eko partaidea da.

– Zer plangintza duzue Goiena taldean sare sozialen inguruan?

Hasteko eta behin, sare sozialetan aukera bat egin genuen, eta Zugaz.com
sortu. Ez du funtzionatu guk gura moduan, eta ikasi dugu dauden sare
sozialak direla erabili beharrekoak. Gure apustua Twitter da, eta uste
dugu etorkizun oparoena duen tresna dela, oraindik ere Facebook eta
Tuenti modukoetan egon arren jende gehiena.

– Kazetari guztiek al dute soslaia Twitterren eta Facebooken? Zertarako?

Facebookekoa
ur nahastu eta zikin moduan ikusten dut. Informaziorako baino gehiago
entretenimendurako eta lagunekin berba egiteko gunea da, baina ur
zikinetik asko du… Twitterreko soslaiekin, aldiz, hainbat gauza
bilatzen dira, profesionalagoak: Hasteko eta behin, irakurleekin
feedbacka, jendeak dioena zuzen-zuzenean jasotzea, gure komunitateari
webgunearen azalean bertan leiho bat zabaltzea iritzia askotarikoagoa
izan dadin… Informazioa jasotzeko erabiltzen dugu Twitter, emateko,
baita elkarrizketa sortzeko ere. Bestetik, eta gure etxeko kazetariak
gero eta espezializatuagoak direnez gaietan, aditu sare bat sortzeko ere
balio du Twitterreko soslaiak. Azkartasunean irabazi dugu; jende
gehiagorengana heltzen gara, eta 2011ko kalearen pareko moduan ikusten
ditugu sare sozialak.

– Bisiten zer kopuru iristen zaizue sare sozialetatik Goiena.net atarira?

Aldakorra
da, baina argi dagoena da gero eta gehiago direla, oraindik %5 inguruan
ibili arren. Kantitateaz gain kalitatean irabazten laguntzen digute,
irakurle aktiboak izanez. Garrantzia du trafikoak, baina ez dugu burua
galduko horrekin. Twitterreko elkarrizketak berak, bisitarik emango ez
balute ere, oso garrantzitsuak dira. Gure audientzia aldagai askoren
batura da: telebistako ikus-entzuleak, irratiko entzuleak, papereko
irakurleak, sareko erabiltzaileak… eta, noski, eskuko telefonoekin
jarraitzen gaituztenak, gure Twitter jarraitzaileak… Denek jasotzen
dute informazio eta editorial bat, Goienarena: euskaraz, askotarikoa,
independentea, autonomiaduna, irekia, kontrastatua…

– Zuk zer modutan erabiltzen dituzu Twitter eta Facebook?

Twitterreko
nire soslaia pertsonala da, baina lanarekin ere lotua dago. Ez dut
esaten noiz noan ohera edo zer gosaldu dudan. Ez naiz eroso sentitzen
horrelako tuitekin, baina egia da ez dudala neure burua behartzen tuit
garatuetara, ze bestela idazten dudanaren %5 ere ez nuke idatziko…
Facebookena, berriz, Twitter ez dutenen esanak jarraitzeko baino ez
darabilt, lagunenak-eta. Hala ere, pentsatzen nago nire datu guztiak
kentzea Facebooketik.

– Euskarazko komunikabideetako kazetarien arteko harremanetarako nolako bideak ireki ditzazkete sare sozialek?

Handiak.
Gertuago gaude sare sozialei esker. Publikoagoak dira gure iritziak,
eta kontrastatu ere egiten ditugu. BERRIAko eta Goienako kazetariek
lasai asko jardun dezakete gai beraren gainean, eta gai bera landuz
kazetaria bera ere gusturago gera badaiteke, zer esanik ez irakurlea.

– Euskaraz gero eta gehiago idazten da, neurri batean Interneti esker. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Oso positiboa da. Ahozko tradizioak nauka liluratuta aspaldian, Ahotsak.com
moduko proiektuek-eta. Baina idatziak ez dio kalterik egiten ahozkoari.
Esango nuke, gainera, 140 karaktereko jardunak ahozkotasunetik gehiago
duela araututako idazkeratik baino. Txioka aritzerakoan sortzen da
hizkuntza erabiltzeko beste erregistro bat, eta hori hain da aberatsa:
laburdurak, esateko erak… Nik sekula ez dut horrenbeste aditz trinko
erabili, eta horren «errua» 140 karaktereek dute. 🙂 Bestetik,
euskalkian idazteko territorio librea ere bada. Eta jakinekoa da
euskalkiak batua indartu baino ez duela egiten.

– Komunikazio munduan aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen. Krisia bakarrik negozio ereduentzat izango al da?

Krisiarena
arduraz hartu beharreko esparru batean kokatzen dut, baina ezin
genezake askorik egin gure moduko enpresek. Egin dezakeguna da
kontrolatzen dugun horretan protagonistak izatea komunikazio munduko
aldaketetan. Ez dago lo geratzerik, eta ez du balio gu txikiak garela
esateak. Gu bagara, eta etorkizunean etor daitekeena guk egin dezakegula
sinistuta egin behar ditugu gure bisioak eta planak. Bestalde, eta
kontraesana badirudi ere, etorkizuna ez da ezer. Etorkizuna bilatzen
egotea da interesantea, gaur garena, egiten duguna. Guk egin dezakeguna
oraina da. Garai zirraragarria da hau euskal komunitatean.

Estilo liburua behar bat da

Ea ze albiste egin behar dudan gaur galdetu diot. Baina komunikazio arduradunak badu gaur Kultur Aste hau baino lehenagoko ardurarik.
Pernambucon bertan, lur-jabeen pistoleroak kanpamentu batean sartu dira eta erre egin dute.

 (Jon Sarasua, `Ertzeko zatiak´,)

Estilo liburu barik hasi ginen euskaraz informatzen. Egin egiten genuen, baina gaur, argitaratze hutsa baino aurreragoko lanik badugu. Kontzientea izan behar du egiten dugun lanak eta balioan jarri behar ditugu, besteak beste, estilo liburua aintzat hartuta jarduten duten kazetari kritikoak, ausartak, gaiak zehatz sakontzen dakizkitenak, euskara egoki darabiltenak, eta baita, proiektuarekin atxikimendua izan eta enpresaren misio eta printzipioekin bat egiten dutenak.

Ez da gauza bera talde politiko jakin bati lotuago dagoen editoriala ipar duen kazetaritza egitea, edo, justu, arerio den talde politikoari lotutako hedabiderako idaztea. Ez litzateke gauza bera izan behar, ezta ere, euskarazko tokiko hedabide bateko kazetaria izatea, zerbaitegatik baita “tokiko” eta zerbaitegatik “euskarazko”. Gure txikian menpekotasun apalagoa dugu nazioarteko agentzia, merkatu eta komunikazio taldeena eta horregatik dagokigu gure analisia kritikoagoa izatea tendentzia politiko edo sindikaletatik libre. Gure kalea asfaltozkoa zein birtuala da, eta jakina da, herrietan askotariko bezeroak ditugula. Pentsamolde guztietarako egin behar dugu lan eta hori idatziz jasoa izan behar da lanerako oinarri izango den arau eta gomendio multzoan. Behar bat da estilo liburu bat izatea kazetaritzan dihardugunondako, euskararendako, bezero dugun jendartearendako eta baita komunikabidearen nortasuna eratu eta indartzeko ere.

Pernanbucoko kultura astea zein erreketak haizatu behar dira kazetaritza estilo honetan. Gertuko gertaerak ere halatsu. Hedabideon ardura da eduki horiek ahalik eta jende gehienengana hel daitezen lan egitea. Berme ona da kazetaritza egiteko modu orekatu, kontrastatu, inpartzial eta ulergarria. Beti, euskara zaindu eta egokia erabiliz, euskal kultura bultzatuz eta helburu bera duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean jardunda.

Liburu elektronikoen sasoia bada

Bihar egingo du aurkezpena Susa argitaletxeak eta datu gehiago eta primizia gehiago emango dituela seguru. Hala ere, tuitak badabiltza dantzan eta dagoeneko harrera ona egin diote ekimenari. Ia irakurleek ere halatsu egiten dioten. Badabil bada notizia eta pentsatu dut hona ekartzea Susaren apustu sendo eta beharrezkoaren berri. Zer eta gainena idazleek gehiago irabaziko dutela molde berri honekin, zer eta sortzaileak irabazle nagusiak, kateko lehenengoak eta garrantzitsuenak. Tumatxa!

Epub eta .pdf formatuan emango ditu liburuak, DRM barik, giltzarrapo barik. Hau berez  da notizia eta horregatik ere bai apustua! Baina ez da hor geratzen kontua. Liburuen prezioak eragingo du presioa. Susak hasitako bideak ekarriko du segidarik, seguruen. Liburuen prezioa zein den? 3,54 euro. Ole! 3,54 euro. Eta liburu guztiak prezio berean! BEZ barne dago (0,54). 3,54 euro horietatik 2 izango dira sortzaileendako eta bakarra argitaletxearendako. Ia 150 liburu prezio merke horretan. Demasa!

Hemen liburuak: https://susa-literatura.com/ebook/

Nago, Euskal Herrian ez dugula ohitura handirik liburuak digitalean irakurtzeko, baina horrelako ekimenek bizkortuko dutela seguru. AEBn, astean liburu bat edo gehiago irakurtzen dutenen %25ek digitalki irakurtzen du dagoeneko. Eta kuriosoa da zeren uste baitzen paperjaleenak izango zirela azkenak… baina ez, moldatzen lehenak izan omen dira han. Book Industry Study Group-en datuak dira hauek.

Nobela eta zientzia fikzioa dira salduenak, antza. Uste zen entseguak eta liburu akademikoak izango zirela digitalki salduenak, baina ez da horrela izan. Irakurleak erosteko ohitura hartu du (gehienak emakumeak AEB-n), pirateatu baino erosi egiten ei ditu liburuak BISG-k dioenez. Poztuko nintzateke Susak asmatuko balu. Nik ez dut liburu irakurlerik, baina gero eta seguruago nago hasiko naizela noizbait horrela irakurtzen. Gaur, bihar edo etzi, baina denbora asko ez da pasako.

QR-en erabilera bat informazio orrietan

Iraileko lehen zenbakiarekin hasi ginen QR-ak erabiltzen notizietan. Blog hau irakurtzen duzuen gehienok jakingo duzue bi dimentsiotako irudi hauek (munduari bira-ko pertsonaiak moduan 🙂 zer diren. Kodigo bat da eta horren atzean informazioa eta informazioa dago. Hori eskaneatu eta informazio gehiago lortzea da helburua.


Lehenago hasi ginen Goiena Klubean erabiltzen. Gero publizitatean, sailkatuetan-eta. Ordukoan, etxe bat salgai jartzen zuen bezeroak eta qr kodigo bat jarrita etxe guztiko erretratuak erakutsi zitzakeen esaterako, edo bideo batekin etxea erakutsi, edo, behinik behin, informazio osagarria erakutsi.

Irailetik, papereko edizioan erabiltzen dugu sarriago, albisteen barruan erakutsita. Erabilera finkatu eta erabaki dugu:

  1. Erabiliko dugu informazio gehigarriren bat ematen badugu: elkarrizketa bat paperean atera eta elkarrizketa luzeagoa mp3an, edo bideoan, edo… Gurean eskaneatzera animatzen denak zeozer gehiago jasoko du beti.
  2. Argazki galeriak ditugunean. Paperean sartzeko baino argazki gehiago ditugunean erakusteko: jaiak, kontzertuak, albiste interesgarriak irudi aldetik… Oñatiko jaietan paperean atera genituen 5 argazki, baina 100etik gora genituen goiena.net-en.
  3. Ez dugu erabiliko paperean dagoen gauza bera qr bidez lortzeko. Jakinekoa da interesa ere izan dezakeela helbidea gordetzeko eta geroago irakurtzeko, etab.  Baina ez dugu horrelakoetan erabiliko.
  4. Ez dugu QR-ekin ale guztia josiko. Neurrian asmatu behar da. Erabili behar direnean erabili eta kito. Erabiltzearen aldeko, baina plastadarik eman barik.
  5. Erabili QR dezenteak. Hau da, behin inprimatzen ditugula ez daitezela txikiegiak izan. Edozein doako programarekin erabiltzeko modukoak izan daitezela tamainaz.
  6. QR-en ondoan ez jarri azalpen luzerik “hemen aurkituko dituzu jaietako argazki gehiago…” horrelako esaldirik ez. QR-a nahikoa da huts hutsean.
  7. Telebista saioetan ere erabili izan dugu. Kasu honetan saioa amaitu osteko kredituetan.
  8. Arrakasta? ikusiko dugu. Gura dugu probatu. Kontuan izan Estatuan 12 milioi lagun baino gehiago sartzen direla sarera eskuko telefonotik… Gazteen kontua dela esaten dute askok… bai zera! Sartzen diren horietatik %50 dira 35 urtetik gorakoak

Urteurrena asteburuan: duela 75 urte, gelditu zituzten Francoren tropak Elgetan

75 urte bete dira Elgetako frontea ezarri zela. Gudari eta
milizianoek zazpi hilabetez gelditu zituzten Francoren tropak
Intxortan. Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultura elkarteko kideek ez
dute Espainiako gerrako pasarte hori oharkabean pasatzerik nahi ezta elgetarrok ere.
Urteurrena gogora ekartzeko ekitaldiak gertatu dira domekarako.

Zure nabigatzaileak ezditu iframeak onartzen.

Egitaraua

09:30ean kanpai eta etxafuego hotsa izango da Elgetan; 10:00etan
hasita Intxorta 1937 kultura elkarteko kideen eskutik bisita gidatu
berezia Intxortako ibilbidean. Eta ostean, Gerra zibileko harrera gunea bisitatzeko aukera.

Ekitaldi nagusia 12:00etan egingo dute Intxortako Atean. Jarraian,
martxa egingo da Elgetara “Egia, justizia eta kalte-ordaina zauriak
ixteko, askatasunez bizitzeko” lemapean.

Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Iturriotz, Joxemari. Alberdania. Irun, 2011) liburutik atera dugu pasarte hau ordukoak gogoratuz:

Gero egun batzuetako atsedena eman ziguten. Errusia
batailoiaren kuartelean pasa genuen, Bilboko Atxuriko eskoletan, eta
handik Elorriora joan ginen. Egun haietan ni kapitain izendatu ninduten
eta Julian Erdozia teniente. Elorriotik Elgetako frentera atera ginen,
Intxorta mendira, Martiartu, Larrañaga, Saseta eta beste batailoi batzuk
indartzera, etsaiak eraso izugarria prestatu baitzuen Bergaratik
etengabe tiro egiten zuten 80 hegazkin eta 156 kanoirekin. Goiko aldean
Santa Kruzen garaiko gotorlekuak zeuden eta berak idatzitakoak
harkaitzetan. Ondo samar gorortua zegoen, baina Deskarga gainaldean
kanoi bat jarri zuten, beti haitzari jotzen ziona, eta tonaka ateratzen
ziren harriek hegazkinek baino hil-zauritu gehiago eragiten zizkiguten.
Aste hura kalbario bat izan zen egunero erasotzen ziguten hegazkin,
artilleria eta infanteriarekin, baina eraso guztiak bota genituen atzera
eta hil-zauritu mordoxka egin genizkien. Ikusi zutenean gure frentea
ezin zutela urratu, Karraskainetik eraso ziguten eta gutako franko hil
zituzten, tartean Arregi izeneko mikelete bat, eta hildakoak eramateko
gaizki samar ibili ginen batzuek bi egun edo gehiago zeramatzatelako
hilik. Azkenean iritsi zen gaua eta arnasa hartzeko unea, baina gero
Karraskainetik Abadiño aldera sartu ziren eta tristura handiarekin utzi
egin behar izan genuen Intxorta, Elgeta gainean dagoen mendia,
Gipuzkoako azken herria.

Gerra guztiak dira krudelak, eta hori ongi erakutsi
zuten Elgetan, urte askoren buruan jakin baitzen zenbaterainoko
ankerkeria erakutsi zuten jendea bortxatuz eta fusilatuz. Baina Sosota
baserriko alabak eraman zuen parterik txarrena, bortxatu ondoren bere
aurrean akabatu baitzituzten bere gurasoak. Gehiago ezin zioten egin”.

Elgetarrok badakigu “Sosota” baserria idazten den lekuan Sesto baserria behar lukeela, edo zuzenago Sesto Gain. Baserriko krimena, haren lekuko eta biktima izandako Anttoni Telleriak kontatu zuen 2003an (Anttoni 2007an hil zen).

Leo Bassi, Bizardunak, eta ‘Urte berri on, amona’

Halaxe tokatu da eta hiru plan horiek izan ditut eskura.

  • Leo Bassi

Palestinatik etorri zen Leo Bassi Elgetara. Aluzinatuta zegoen han bizi izan duenaz. 6.000 lagunen aurrean egin zuen bere aktuazioa. Familiatik datorkio pailazo sena. 1840an hasi zen bere aitona ere. Radikala zen hura bai kapitalismoarekin eta bai eliza katolikoarekin eta hari horri tiraka osatu zuen bi orduko emanaldia. Aitita internazionalista dela zioen eta XIX. mendean internazionalista izateko modua zirkuak ematen omen zion. BASSI berbak, italieraz, “maila sozial baxuko” esan gura du eta horrekin abizenorrekin jaiotzeak poztu egiten zuela kontatu zigun. I. gerra mundialeko 1.450.000 hildakoak izan zituen gogoan eta lotura egin zuen Elgetan Gerra Zibila aitzaki hartuta Espaloian dagoen erakusketarekin. Aznar, Gay eta lesbianak… proposatu zuen urriaren 12ra pasatzea gay eta lesbianen eguna 🙂  Balore eta etika krisia dagoen garaiotarako errezetaren bat ere eman zuen, utopia ikusten lagundu zigun batu ginen 100 lagun ingururi (benetan gutxi!). Badu bere xarma Bassik. Antzerkia egin ostean ere oso interesgarria den tipoa, benetan.
Leo

  • Zapatuan Bizardunak Oñatin, karpan

Karpa baten jo zuten eta giro ederra zegoen heldu ginenerako. Komentagai, hala ere, Ulmaren kontrako kartel hau. Aluzinatu egin genuen. Zenbat bazkide, hau da, JABE egongo ziren karpapean? pentsa, txosnako garbilekua ere enkofratuak egiteko Ulmako materialarekin zegoen eginda… Seguru oñatiar askoren ahotan izan zela kartel hori. Han zegoenez gero adostuta jarriko zuten-edo…

IMG_1995

Bizardunak ondo egon zen, betiko erritmoan eta jai giroan. Zegoen eguraldiarekin eta giroarekin kanpoko taulan ere ondo leudeke, baina… Geroko erromeria ere ondo. Animatua.

  • Domekan zinera: urte berri on, amona

Oñatin luzatu eta domekan zine eguna. Urte berri on amona komedia beltza da.  Amona berezi xamarra zaindu behar duen familia baten gora-beherak. Ikustekoa, dudarik ez. Xabier Mendigureni oso oso ona iruditu zaio, esaterako. Niri ez horrenbeste, ondo eginda dagoen arren. Informazioa: http://www.urteberrionamona.com/

Bagara Martin Larralde

Gaur pintxo poterik ez (kaleetan bai, han jende uholdea zegoen), baina pintxoak eta ardoa zeuden ekitaldi bitan egon naiz, izan ere, Bilbok Xiberua letxe eta Nafarroak Albania, pertsonok ardoa… Bata, Bagararen urteko jardunaren azalpen ekitaldia; bestea, “Martin Larralde” liburu-diskoaren aurkezpena.
FX PhotoStudio Image
Lehenengoa ofizial-ofizial joan da. Kultura etxe ederrean, Arrasaten. Alkate gutxi entzuten, baina Ahaldun Nagusia han zen, lehenengo lerroan (eskukoak ere jo dio eta enteratu gara Aldundian iPhoneak erabiltzen dituztela :-). Jende dezente eta ezagun asko ekitaldian. Bagarak merezi du eta esango nuke begi asko daudela Bagarari begira. Gaur begira egon barik parte hartzera ere gonbidatu dute jendea. Gustatu zait egin diguten eskaera: “norbere txiringitotik harantzago begiratu eta ikusi. Komunitate osoaren eta Euskal Herri osoaren interes globalari egin jaramon. Manejatu plano zehatza eta orokorra. Oso garbi izan behar da epe motzera beharbada ez, baina epe ertain-luzera perspektiba laburrak kalte handia baino ez dakarrela”. Ia kapazak garen gizarte eragileak, pertsonak eta kooperatibak konfluentziara ekartzeko eta begirada altxatu.
FX PhotoStudio Image
Bagarak badu zerbait barrua mugitzen didana, baina gaur bigarren ekitaldian sentitu ditut tripak. Etxe horretan badakite autoantolaketa zer den eta gaur ere erakutsi dute. Ez da hitz bat, bizi filosofia bat da. Eneko Barberenak egin digu harrera, ondo egon da. Bere liburuaren aurkezpena egin eta ez du bertako testu bat ere irakurri. Prezzirekin egindako aurkezpen elegante bat ekarri du eta polito sartu ditu musikak, bideoak… berririk ez, baina bai ondo sartuak. Koblakariez jardun du, eta beharbada, entzuleoi, baita koblakari izateko grina sortu ere. Ikusi dugu koblakaria ez dela bizi gela txiki, itxi eta ilun batean, leihotik begira. Idazle hau ez dago, behitzat, zain.