Pare bat puntu edo punta

Ondo. Oso ondo pasatu nahi zuen herritarrak lortuko zuen. Egon da aukera. Eta bagara batzuk ondo pasatu dugunak. Bejondeigula! Horixe da nire kasua herritar eta debagoiendar moduan, fenomeno pasatu dut.

Ez dakit jaialdia deitu (“Debagoieneko bidezidorren jaialdia” deitzen diote antolatzaileek), ez dakit feria deitu (oso stand gutxi eta zeuden gutxiek ere ez dute pentsatutako ordutegia bete. Food truck gunea ere bazegoen eta bakarra egon da, iluntzean dagoeneko ez zegoena (“edozein herriko jaixetan” salmenta handiagoa), iluntzean bigarren bat etorri eta joan zen giroa sumatzeaz bat, beharbada mendi-jaia da baina lagun gutxik egin dute Elgetara oinez etortzeko hautua, iazko “hartzaren bidea” ez da oraingoan zabaldu marka moduan nahiz eta ekintzaren baten aipatu zela ere esan didaten, “bidezidorrak” hitza badu tituluan zera honek eta ez dakit asko eman den ezagutzera… Iaz, behinik behin, xendazaletasunaren balioak zabaltzea bazen helburua eta ez dakit helburuak betetzen diren. Ez dakit lortzen den. Imajina nezake adierazleekin neurtuko dutela gaia antolatzaileek.

Intxortako frontearen bisitan hamar lagun ez dira batu, Bergaratik Elgetara 18 bat lagun eta erdiak-edo elgetarrak, Nordic walking ikastaroan taldetxo polita zebilen (20 bat lagun bai), abentura parkean elgetako umeak gustura, Cantabranak oso kontzertu polita egin zuen batez ere elgetarren aurrean (zorionak Cantabrana. Kalitatea), Gozategiren plazako kontzertuan giro polita zegoen eta herriko asko zein Bergara, Angiozar, Antzuola, Elorrio eta beste herriren batzuetako lagunen batzuk; orain bi urteko jaietan baino jende gutxiago Gozategin, baina zeudenak gustura. Domekan giro tristea: azokarik ez, Ttipika taldearekin 30 bat lagun dantzan (eguraldia ere meh!), txahal batetik ateratzen diren pintxoak jakinda espektatibak ez dira bete, Amantalak-Gazte Asanblada eta Goibekoren txosnan jende uholderik ez salbu Gozategiren arrimuan ibilitakoak, domeka arratsaldeko ekintza bakarrean talde polita, 60 bat lagun bai filmak ikusten Espaloian. Ez dakit astrotopaketaren berri, baso bainuaren berri etab. Dantza bertikala bertan behera ere geratu zen eguraldiagatik (zerua erori zen zapatu arratsaldean, iluntzera eta gauez eguraldiak errespetatu bazuen ere euri barik). Kale animazioko Granujas a todo ritmok giro hotza topatu zuen Elgetan eta borondatea jarri zuten ba musikarekin jendea animatzeko, Intxorta txiki argiztatzera herritar multzo handia joan zen, Pump Truck erakustaldian ere egongo zen jendea, Pirenayca aldizkariaren aurkezpena ere izan zen…

Egitaraua jaso nuenean ez zitzaidan bereziki aberatsa iruditu, baina bueno, konturatzen naiz egon direla ekintzak bai. Errepasoa eginda ikusten da egon direla gauzak. Eta denak doan, baina txahal pintxoa ere.

Zortzigarren edizioa da eta imajinatzen dut zer pentsatua izango dutela antolatzaileek, bereziki Debagoieneko mankomunitateak. Ezin izan dut helburu zehatzik aurkitu sarean. Nago, turismo neurtua, patxadatsua, aglomeraziorik gabea eta horrelakoak komentatuko zirela. Hala ere, turismoarekin lotutako helburuak izango direlakoan nago (ez dut turismotzat Angiozartik edo Antzuolatik etortzea), babesleen logoen artean ikusi ditudalako: “Debagoieneko mankomunitatea, turismo”, “Muy Gipuzkoa San Sebastian”, “Euskadi Basque Country”… Ez ditu bete turismoarekin lotutakoak, Elgetako lo-lekuak errazago betetzen dira Bilboko ekintzaren batekin edo Arrasateko Blues jaiarekin. Mankomunitateak badu zer pentsatua eta debagoiendarrekin batera pentsatzea ez litzateke txarra. Gaurtik begiratuta, eta iritzi pertsonala da, guztion belarrira Mundumira marka ezagunagoa da oraindik ere. Ez dago konparatzerik ez. Bi gauza dira, bi eredu, bi egiteko modu ezberdin… Baina ni geratzen naiz Elgetako 2011ko egun zoragarri haiekin. Debagoieneko mankomunitateak ere halakotsua den zerbait bultzatzea nahi nuke. Marka ere ez du egin bidezidorren zera honek 8 urtean: ez kantitatean; ez kalitatean. Ez Debagoienari begira, ez Gipuzkoa edo Euskal Herriari: aparkalekuak sobera, autokarabanen joan-etorririk ez, lo-lekuetan eskaera handirik ez… Debagoiendarrendako dela Puntaik Punta? ba hori ere ez dakit ba horrela sentitzen den.

Eta zabalkundea eta autobus zerbitzua ere begiratu beharko lirateke. Zifrak egongo dira eta beharbada jakingo ditugu. Zelan liteke autobus zerbitzua horren berandu publikatzea , edo kontzertura etorri bai baina bueltan joateko zerbitzurik ez egotea (azken zerbitzua 23:30ean, 23:55ean amaitzeko Bergaran), edo… Eta informazio hori dena zabaltzeko zein izan da inbertsioa? Azalduko dute zenbat diru eta non erabili den, beharbada. Mark Zuckerbergen jabetzako sare sozialean antolatutako argazki lehiaketa ere egon da. Bakarrik Zuckerbergenean! “zabalkundea gure sare sozialak dira” uste okerra eta gaiztoa. Ez dute “gure”-tik ezer ere ez, leku pribatuak dira. Erabili behar ditugu, baina morrontza izan barik. Arrautza guztiak, edo ia-guztiak horretan jarri barik (bueno, hor eta promoren bat Euskadi Irratian edota Radio Euskadin…).

Jakin behar zeintzuk izan diren helburuak, baina: helburuak, inbertsioa, jendea, giroa, jaiaren zentzua… ba ezin esan itzela izan denik. Hori bai, nahi izan duen herritarrak ondo pasatu du. Eta hori ere bada. Noski, hori bakarrik (ez da gutxi, e?) izan behar den ez dakit. Esango digute.

Amaitzeko, boluntario taldea ibili da lanean eta hor bai ez dagoela aitzakiarik: elkarteetakoak, udaleko langile eta politikariak, norbanakoak… Eskerrak! Horretan badago herri txikietan indar bat, beharbada handiagoetan zailagoa ere badena.

2 comments on “Pare bat puntu edo punta

  1. Ion Lizarazu(e)k dio:

    Dejavú itzela eragin didazuna. Beste hainbeste izan zen 2021ean. Kontzertuek apika exito gehiago bidezidor jaialdi batean. Antolakuntzan saiakera minimo bat eginda, argi geratu zitzaidan goitik beherako antolakuntza zela, ez behetik gorakoa.

  2. Iban(e)k dio:

    Horrela izan zen Antzuolan ere? Ze Debagoieneko herrien artean ere ez gara mugitu “ebento” honekin. Mugimendurik ez, edo gutxi.

    Hori bai, saiatu nahiz herri bakoitzeko balorazioak irakurtzen, baina ez dut topatu autokritikarik. Bat bera ere ez. Ez dute publikoki zalantza izpirik ere agertu (barrukoak barrukoek jakingo dituzte, beharbada). Eta gardentasuna, hori ere bada. Ez dago zertan dena: “itzela izan da, jende asko, ekintza asko, oso pozik…” izan beharrik. Humanoak gara eta erratzea ere aukera bat da. 8 aldiz erratu garen ez dakit, izan ere ez dago jakiterik ezta balorazio antzekorik irakurtzerik.

    Bide batez, kazetaritzarako ere balio du komentarioak, hau da, kazetariendako. Jai, ekintza, antzerki, hitzaldi, “Puntaik punta” edo “kakotsetik kakots”! Dena ez da plus, dena ez da positibo, dena ez da koloretsu eta poz, diot nik.

    Geratuko gara balorazioen zain. Beharbada, deituko dute prentsaurrekoren bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude