Bagara Martin Larralde

Gaur pintxo poterik ez (kaleetan bai, han jende uholdea zegoen), baina pintxoak eta ardoa zeuden ekitaldi bitan egon naiz, izan ere, Bilbok Xiberua letxe eta Nafarroak Albania, pertsonok ardoa… Bata, Bagararen urteko jardunaren azalpen ekitaldia; bestea, “Martin Larralde” liburu-diskoaren aurkezpena.
FX PhotoStudio Image
Lehenengoa ofizial-ofizial joan da. Kultura etxe ederrean, Arrasaten. Alkate gutxi entzuten, baina Ahaldun Nagusia han zen, lehenengo lerroan (eskukoak ere jo dio eta enteratu gara Aldundian iPhoneak erabiltzen dituztela :-). Jende dezente eta ezagun asko ekitaldian. Bagarak merezi du eta esango nuke begi asko daudela Bagarari begira. Gaur begira egon barik parte hartzera ere gonbidatu dute jendea. Gustatu zait egin diguten eskaera: “norbere txiringitotik harantzago begiratu eta ikusi. Komunitate osoaren eta Euskal Herri osoaren interes globalari egin jaramon. Manejatu plano zehatza eta orokorra. Oso garbi izan behar da epe motzera beharbada ez, baina epe ertain-luzera perspektiba laburrak kalte handia baino ez dakarrela”. Ia kapazak garen gizarte eragileak, pertsonak eta kooperatibak konfluentziara ekartzeko eta begirada altxatu.
FX PhotoStudio Image
Bagarak badu zerbait barrua mugitzen didana, baina gaur bigarren ekitaldian sentitu ditut tripak. Etxe horretan badakite autoantolaketa zer den eta gaur ere erakutsi dute. Ez da hitz bat, bizi filosofia bat da. Eneko Barberenak egin digu harrera, ondo egon da. Bere liburuaren aurkezpena egin eta ez du bertako testu bat ere irakurri. Prezzirekin egindako aurkezpen elegante bat ekarri du eta polito sartu ditu musikak, bideoak… berririk ez, baina bai ondo sartuak. Koblakariez jardun du, eta beharbada, entzuleoi, baita koblakari izateko grina sortu ere. Ikusi dugu koblakaria ez dela bizi gela txiki, itxi eta ilun batean, leihotik begira. Idazle hau ez dago, behitzat, zain.