Entzuteko kontzertu bat jaietan

Ez da erraza jaiei amaiera emango dien ekintza erabakitzea. Imajinatzen ditut teknikariak zein zinegotzia eta kordakoak gaiari bueltaka. Ez da erraza jai-egitaraua osatzea eta ginda jartzea. Ez dihardut Bitorianatxo igotzeaz, Antzuolako Ontzaz, “zerbait” erretzeaz, sardinak lurperatzeaz eta abarrekoak. Azken aurreko ekintzaz dihardut, zehatzago. Zer da azken aurrekoa: kirol-jokoren bat? antzerki bat? erromeria bat? haurrentzako halako edo bestelako? Izan litezke, baina nago entzuteko musikak baduela jende askoren arreta bereganatzeko erakargarritasuna, baita ehuneko ehunean atentzioa jarri barik bizi diren herritarrendako ere. Jai-amaiera on bat da euskal musika programatzea. Herritarrak jartzen ditu erdigunean, euskal sortzaile baten bueltan eta adin tarte zabalarendako (transmisioa…).

Domeka izaten da sarri azkenengo eguna. Aurreko egunak ondo joan badira, eta normalean ondo joaten dira, ba izaten da egun “xelebrea”. Jaiak dira, baina gorputza jai-ostean dago dagoeneko; jaiak dira eta zapia dugu lepoan, baina hurrengo egunean lan-eguna da; jaiak dira, baina tabernetako dezibelioak eta alkohol kopuruak utzi die lekua terrazei, jartzeko lekuei, ogitartekoei… Izan daiteke domeka arratsalde bat telebista pantailaren aurrean jarri eta begi bat zabalik eta bestea itxita izatekoa. Astelehen aurreko domeka domekago bat da. Edo izan daiteke jaiak zelofan polit batekin ixteko modu on bat.

Gari eta maldan behera: Azpiroz teklatuan, Lauroba gitarran eta koruetan eta Alonso baterian.Antzuolako plazan, 2024ko uztailaren 21ean.

Antzuolako Udalak asmatu duelakoan nago zelofanarekin. Uztailaren 21ean Gari eta Maldan behera izan ziren herriko plazan. Izan zitekeen Anari, Intziarte, Ordorika, Mice, Lertxundi, Petti, Janus Lester, Urdangarin, Izaki gardenak, Ines Osinaga, Don Inorrez, Etxart, Jon Gurrutxaga, Maite Larburu, Olatz Salbador, Murugarren, Urbizu, Arzuaga, Audience…,  Gustuak gora-behera, euskal sorkuntzaz gozatzeko sortzaile gutxi batzuren zerrenda luzea dugu.

Zaila ez da taldea edo bakarlaria aukeratzea. Zailak ziren: eguna eta ordua, domeka eta 21:00ak. Zaila zen zapidunen aurrean jotzea; Zaila zen ume dezente buelta zeudelako; kontzertuetara ohitu gabeko asko; Gari ezagutzen ez zutenak ere bai, Hertzainak ezagutzen zuten hainbat baina ez proposamen hau; zaila da hotza, beroa, euria… Hala ere, arriskatu du udalak eta programatu du kontzertua. Udalaren alde: soinu oso zaindua, ume zein helduak taula aurretik ez ibiltzeko heziak, aulkiak kontzertu patxadatsua entzuteko, taula egokia alturan, argiak… Eta taldea: esperientziaduna, euskalduna, kantari ezagunarekin, musikari profesionalekin, doan, lasaia eta kalitatekoa.

Ez dakit larregi inporta den hango denei gustatzen zaien edo ez. Ez dakit beti masiboak edo oso ezagunak diren kontzertuak behar diren. Baina ausartzen naiz esatera euskaraz kantuan eta profesional dabiltzan artista dezente daudela hurrengo 20 urtean kontzertu onak egiteko lain. Lasai entzuteko, gozatzeko, daudela jakiteko, euskal kulturari lekua egiteko, haizea emateko, sortzaileengan pentsatzeko, herritarrengan pentsatzeko, Sorian edo Benidormen ez gaudela antzemateko, ohiko jan-edanez gain bestelako elikagaia jasotzeko, bagarela nor berresteko, jai egitarauan leku aproposa emateko kondizio egokian.

Udal handi zein txikietara zabal daitekeen egiteko modua. Behar ditugu antolatu musika tarteak artistak artistago izateko eta euskal herritarrak euskal herritarrago.

Asko sortzetik hobeto sortzera

Sortu eta sortu, sortu eta sortu. Sorkuntzari emanak ibili gara zirimola zoroan. Sortu da asko literaturan, sortu da asko musikan, sortu da asko artean. Eta hizkuntza ez-hegemonikoan konplexutik ere sortu dugula iruditzen zait: hau ez dago euskaraz eta sortu, hura ere ez eta sortu, sortu eten barik.

Sortu eta sortu da jasotzaileek behar dutena? Kazetaritzan ez. Paperaren garestitzeak ere lagundu du, baina ez horregatik bakarrik, “sortu eta sortu”-k utzi behar dio lekua pausatuagoa den edukiari. Digitalean ez dago leku arazorik, paperaren prezioa ez da arrazoia digitalean eta, hala ere, edozein lekutan edozein prentsa-agerraldi izan da notizia. Edo bihurtu dugu notizia. Edo ohitu dugu notizia izan dadin. Baita 2024an ere? Horrela behar du?

Gakoa, beharbada, ez da eduki gehiago sortzea. Eduki sortzaileak ez dira hedabideak bakarrik eta aisialdi formako eta mezu-arin formako mega asko jasotzen ditugu eskuko telefonoan. Horretan beharko genuke gehiago euskaraz, ze hor ere zalantzarik ez kantitatea inportantea dela. Hasi lagunen mezu uholdeetatik eta sare sozialetan amaitu. Zarata honek guztiak ere izango du egunen baten bolumena jaitsi beharra, baina ez euskaraz, seguruen. Eta jaitsi beharko du norberak, ze zarata eten bakoa eta scroll amaigabeak dira zaratatsuenen mahatsa.

Gure komunitateak konektatuko dituen edukiak behar ditugula uste dut. Mimoz landutakoak, denbora bat eskaintzen zaionak egiterakoan eta kontsumitzerakoan. Agerpen hutsetik haratago, “hau egon da” edo “hau gertatu da”-tik pauso bat gehiago. Agerpen hutsak agendetarako eta iragarpenerako izan daitezke gehiago (hauen beharra ez dago zalantzan, noski).

Bi bide daude kazetaritzan baldin eta eduki esanguratsuagoa argitaratu nahi badugu, eta dira:

  1. Lan-taldeak bikoiztu.
  2. Dena jaso beharrean: hautatu. Barrako pintxoetatik bizpahiru hartu, ez dozena bat eta tripa (orria) bete.

Bistan da bigarren aukera izango dela etorkizunean landuko dena. Seguru nago. Ze pintxo jan erabaki beharko dugu bai, baina baita noiz eta non jarri jangai ere. Argitalpen-plan zurrunagoak egin beharko dira eta kazetari lana bideratu esperientzia hobeak sortzera. Esaterako: kontzertu bat izan dela esan eta erakutsi bai, baita kontzertu horren bizipenez galdetu eta kontakizun bat egin ere, beharbada. Une egokian, sorkuntza landua eta esperientzia bakarra. Beti? ez. Ahal denean, baina gero eta gehiagotan. Badirudi badatorrela kazetaritzara edukiak birpentsatuago emango diren garaia, sekula ere ahaztu barik bezeroak ohituta daudela azkar, motz eta mini-pintxo dezente hautatzen eta euskarak behar duela hortik ere.

Pare bat puntu edo punta

Ondo. Oso ondo pasatu nahi zuen herritarrak lortuko zuen. Egon da aukera. Eta bagara batzuk ondo pasatu dugunak. Bejondeigula! Horixe da nire kasua herritar eta debagoiendar moduan, fenomeno pasatu dut.

Ez dakit jaialdia deitu (“Debagoieneko bidezidorren jaialdia” deitzen diote antolatzaileek), ez dakit feria deitu (oso stand gutxi eta zeuden gutxiek ere ez dute pentsatutako ordutegia bete. Food truck gunea ere bazegoen eta bakarra egon da, iluntzean dagoeneko ez zegoena (“edozein herriko jaixetan” salmenta handiagoa), iluntzean bigarren bat etorri eta joan zen giroa sumatzeaz bat, beharbada mendi-jaia da baina lagun gutxik egin dute Elgetara oinez etortzeko hautua, iazko “hartzaren bidea” ez da oraingoan zabaldu marka moduan nahiz eta ekintzaren baten aipatu zela ere esan didaten, “bidezidorrak” hitza badu tituluan zera honek eta ez dakit asko eman den ezagutzera… Iaz, behinik behin, xendazaletasunaren balioak zabaltzea bazen helburua eta ez dakit helburuak betetzen diren. Ez dakit lortzen den. Imajina nezake adierazleekin neurtuko dutela gaia antolatzaileek.

Intxortako frontearen bisitan hamar lagun ez dira batu, Bergaratik Elgetara 18 bat lagun eta erdiak-edo elgetarrak, Nordic walking ikastaroan taldetxo polita zebilen (20 bat lagun bai), abentura parkean elgetako umeak gustura, Cantabranak oso kontzertu polita egin zuen batez ere elgetarren aurrean (zorionak Cantabrana. Kalitatea), Gozategiren plazako kontzertuan giro polita zegoen eta herriko asko zein Bergara, Angiozar, Antzuola, Elorrio eta beste herriren batzuetako lagunen batzuk; orain bi urteko jaietan baino jende gutxiago Gozategin, baina zeudenak gustura. Domekan giro tristea: azokarik ez, Ttipika taldearekin 30 bat lagun dantzan (eguraldia ere meh!), txahal batetik ateratzen diren pintxoak jakinda espektatibak ez dira bete, Amantalak-Gazte Asanblada eta Goibekoren txosnan jende uholderik ez salbu Gozategiren arrimuan ibilitakoak, domeka arratsaldeko ekintza bakarrean talde polita, 60 bat lagun bai filmak ikusten Espaloian. Ez dakit astrotopaketaren berri, baso bainuaren berri etab. Dantza bertikala bertan behera ere geratu zen eguraldiagatik (zerua erori zen zapatu arratsaldean, iluntzera eta gauez eguraldiak errespetatu bazuen ere euri barik). Kale animazioko Granujas a todo ritmok giro hotza topatu zuen Elgetan eta borondatea jarri zuten ba musikarekin jendea animatzeko, Intxorta txiki argiztatzera herritar multzo handia joan zen, Pump Truck erakustaldian ere egongo zen jendea, Pirenayca aldizkariaren aurkezpena ere izan zen…

Egitaraua jaso nuenean ez zitzaidan bereziki aberatsa iruditu, baina bueno, konturatzen naiz egon direla ekintzak bai. Errepasoa eginda ikusten da egon direla gauzak. Eta denak doan, baina txahal pintxoa ere.

Zortzigarren edizioa da eta imajinatzen dut zer pentsatua izango dutela antolatzaileek, bereziki Debagoieneko mankomunitateak. Ezin izan dut helburu zehatzik aurkitu sarean. Nago, turismo neurtua, patxadatsua, aglomeraziorik gabea eta horrelakoak komentatuko zirela. Hala ere, turismoarekin lotutako helburuak izango direlakoan nago (ez dut turismotzat Angiozartik edo Antzuolatik etortzea), babesleen logoen artean ikusi ditudalako: “Debagoieneko mankomunitatea, turismo”, “Muy Gipuzkoa San Sebastian”, “Euskadi Basque Country”… Ez ditu bete turismoarekin lotutakoak, Elgetako lo-lekuak errazago betetzen dira Bilboko ekintzaren batekin edo Arrasateko Blues jaiarekin. Mankomunitateak badu zer pentsatua eta debagoiendarrekin batera pentsatzea ez litzateke txarra. Gaurtik begiratuta, eta iritzi pertsonala da, guztion belarrira Mundumira marka ezagunagoa da oraindik ere. Ez dago konparatzerik ez. Bi gauza dira, bi eredu, bi egiteko modu ezberdin… Baina ni geratzen naiz Elgetako 2011ko egun zoragarri haiekin. Debagoieneko mankomunitateak ere halakotsua den zerbait bultzatzea nahi nuke. Marka ere ez du egin bidezidorren zera honek 8 urtean: ez kantitatean; ez kalitatean. Ez Debagoienari begira, ez Gipuzkoa edo Euskal Herriari: aparkalekuak sobera, autokarabanen joan-etorririk ez, lo-lekuetan eskaera handirik ez… Debagoiendarrendako dela Puntaik Punta? ba hori ere ez dakit ba horrela sentitzen den.

Eta zabalkundea eta autobus zerbitzua ere begiratu beharko lirateke. Zifrak egongo dira eta beharbada jakingo ditugu. Zelan liteke autobus zerbitzua horren berandu publikatzea , edo kontzertura etorri bai baina bueltan joateko zerbitzurik ez egotea (azken zerbitzua 23:30ean, 23:55ean amaitzeko Bergaran), edo… Eta informazio hori dena zabaltzeko zein izan da inbertsioa? Azalduko dute zenbat diru eta non erabili den, beharbada. Mark Zuckerbergen jabetzako sare sozialean antolatutako argazki lehiaketa ere egon da. Bakarrik Zuckerbergenean! “zabalkundea gure sare sozialak dira” uste okerra eta gaiztoa. Ez dute “gure”-tik ezer ere ez, leku pribatuak dira. Erabili behar ditugu, baina morrontza izan barik. Arrautza guztiak, edo ia-guztiak horretan jarri barik (bueno, hor eta promoren bat Euskadi Irratian edota Radio Euskadin…).

Jakin behar zeintzuk izan diren helburuak, baina: helburuak, inbertsioa, jendea, giroa, jaiaren zentzua… ba ezin esan itzela izan denik. Hori bai, nahi izan duen herritarrak ondo pasatu du. Eta hori ere bada. Noski, hori bakarrik (ez da gutxi, e?) izan behar den ez dakit. Esango digute.

Amaitzeko, boluntario taldea ibili da lanean eta hor bai ez dagoela aitzakiarik: elkarteetakoak, udaleko langile eta politikariak, norbanakoak… Eskerrak! Horretan badago herri txikietan indar bat, beharbada handiagoetan zailagoa ere badena.

Prentsa askatasunaren kontrako egun bat gehiago

Orri bete atera dute NYT, WSJ eta Washington Postek, zertarako eta prentsa askatasuna aldarrikatzeko. Egun berean ateratzeko helburua izan dute eta baita egin ere. Irakurleei ere dei egiten die batu daitezen eskakizunera. Arrazoia garbia: informazio fidagarri eta irisgarria izatea denontzat. Ezinbestez gogoratzen da bat Pablo González Yagüerekin. 2 urtetik gora doa kartzelan, 2022ko otsail amaieratik. Pare bat aldiz baino ez da egon bere bikotearekin, ezin da komunikatu telefonoz, hiru seme-alabekin ez da egon, patiorako ordubete egunean, epaiketarik egin barik, hiru hilabetero luzatzen diote “egonaldia” eta ez daki noiz arte… Pasatzen den egun bakoitza da prentsa askatasunaren kontrako egun bat gehiago.

Hauxe da NYT, WSJ eta Washington Postek ateratako oharra:

Irakurle maiteok,

Prentsa Askatasunaren Mundu Eguna ospatzen dugun bitartean, berriro elkartzen gara mundu osoan zehar desagertutako eta atxilotutako kazetarien egoera larria argitzeko. Haientzat, eta guretzat, prentsa-askatasunaren eguna egun bat baino gehiago da.

401 egun bete dira gaur Evan Gershkovich Wall Street Journal egunkariko kazetaria Errusian bidegabeki atxilotu zutenetik.

Gaur 4.281 egun bete dira Austin Tice kazetari freelance eta Washington Post-eko kolaboratzailea Sirian informatzen ari zela bahitu zutenetik.

Ez ditugu ahaztu. Kausa honetan bat eginda jarraitzen dugu eta Estatu Batuetako gobernuari eskatzen diogu bere esku dagoen guztia egin dezala Evan, Austin eta bidegabeki atxilotutako kazetari guztiak etxera onik ekartzeko.

Informazio fidagarriaren beharra ez da inoiz hain beharrezkoa izan, baina mundu osoko kazetarientzako mehatxuak inoiz baino nabarmenagoak dira. Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera, aurten 19 kazetari hil dituzte eta beste 320 kartzelatu 2023an. Albiste-erakundeek atzera egin behar izan dute informazio premia handiena dagoen lekuetatik.

Batuta gaude informazio fidagarria guztiontzat eskuragarri egon dadin. Kazetari guztiak ordezkatzen ditugu. Egin bat gurekin.

Adeitasunez,

Emma Tucker, erredaktore nagusia, The Wall Street Journal.
Almar Latour, Editorea, The Wall Street Journal.

Joseph Kahn, editore exekutiboa, The New York Times.
A.G. Sulzberger, Editorea eta Presidentea, The New York Times

Sally Buzbee, editore exekutiboa, The Washington Post.
William Lewis, Editorial ardurak eta zuzendari nagusia, The Washington Post.

Kazetaritza da egiten utzi behar den ofizio bat, eta erraztu

Kazetariari lana errazten ez dion jende asko dago. Muturreko joerak dira batzuk; gero eta muturrerago goaz beste batzuetan ere.

Mundu mailan muturrekoa da egoera

Mundu mailako joera da, muturrekoa. Ukraniarrekin egiten ari diren sarraskian zenbat kazetari hil dituzten ikusi besterik ez dago. Ez dago eskubiderik Gazan egiten ari direnarentzat. Kazetaritza hizki larrietan egiten da horrelakoetan, eta gerra txikiagoak diruditen arren, kazetarienganako presioa egiten da tokikoetan ere. Gerra-kazetaritza ere deitu izan diot tokikoari, baina ez da balen kontrako txalekoz egiten. Hori bai, ez litzateke txalekoren bat txarra presioei muzin egiteko.

Puntu honetan aipatu nahi nuke Pablo Gonzalezekin egiten ari direnak ez duela ez buru ez hanka. Jasaten ari denak demokraziaren oinarrian egiten du tiro. Gertatzen ari denak ez gaitu herri moduan leku onean uzten, ezta ofizio-kide moduan ere. Beti geratzen da gehiago egin genezakeen zera hori…

Kazetariak presionatzen dituzte eta harriak sartu motxilan

Agintari “handien” eta handi-mandien soinura egiten da dantzan, sarriegi, mundu mailako gerrateetan; tokikoetan ere badago aginterik eta baita udalak agintekeriz kudeatzen dituen herri-ordezkaririk, nahiz eta horren irudia eman nahi ez izan. Beharbada, alderdi-ordezkariak direnak herri-ordezkari baino; batzuetan, herri zati baten ordezkariago-edo. Kazetariekin duten miramendu eskasa ez da demokraziaren parteko. Prentsaurrekoak gaiak ezkutatzeko ere egiten direla esatea ez da gezurra esatea. Hor, noski, kazetaritzaren partea ere badago, galderak egiteko nahikoa amorru barik egiten den kazetaritza tipoarena. Gaizki ofiziotik; gaizki herri ordezkaritzatik. Ondorioa da informaziorik eza herritarrek, ikus-entzun-irakurleek.

Komunikazio arduradunak

Sarritan ez dira lagungarri komunikazio arduradunak (ez denak; ez beti). Gehienetan alderdiaren kordakoak, soldata herritik jaso arren. Bestela balitz, hau da, alderdiak ordainduko balu lan hori ezin ezer leporatu. Tratua litzateke: helburuak alderdiak jarri; komunikazio langileak bete. Udaletan (baita beste administrazioetan) egiten duten lana ez da beti udalean gertatzen dena helaraztea herritarrei; harri-landuzko etxeetatik informazioa ateratzea dute helburu, baina neurtuta eta ez derrigor garden. Denborak neurtzen dituzte, ez zaizkie galderak gustatzen eta barrera bat dira herriaren langile diren gainontzeko teknikariena. Ez da normala kazetariak teknikariengana lasai asko jo eta informazioa ematea galarazita izatea komunikaziokoak (irakurri hemen alderdikoak). Komunikazio arduradunaren (ez derrigor komunikatzailea…) misioa da “ez dadila nire alkatea ipurdi-bistan geratu”. Hori lehenengo eta gero beste guztia. Komunikazioa alderdiarena da sarriegi, alkateak herriarenak direla presenteago behar lukeenean. Ez beti, baina gertatzen da udaletan zein goragoko administrazioetan edozein delarik alderdia. E do zein. Denak dira horrelakoak? esan dut lehen ere ezetz.

Komunikatu, ez informatu

Informazioa baino komunikazioa dago orain bogan. Kapaza da zinegotzi bat esateko: “guk sare sozialetatik egingo dugu komunikazioa eta gero zuek hortik jaso”. Benetan? Badago aldea udaletik komunikatzean edo hedabide batek egin behar duenaren artean. Egon behar luke, beti ez dagoen arren (ofiziotik badugu zer pentsatua). Gauzak daudenetan, udaletik komunikatzen direnek ez dute kontrasterik, ez dute dute izan nik akorduan dudan 20 urtetan. Testuingurua ere ez da jasotzen edota gaiek urtetan izan duen bilakaera ez da aintzat hartzen. Zer dira gero udaletako buletinak! Informazioa? Ez, herriko aurrekontuetatik ordaintzen den alderdiko komunikazioa sarriegitan! Zein da ustezko egitekoa? Alderdi honen udal-proiektu konkretu hau marabillosoa dela esatea: “gu bai onak”. Urtez urte doa joera okertzen, dena da gero eta marabillosoago ze sare sozialetan dena da cool eta guay. Dena da selfie. Eta Wikipediari kasu eginda, selfie definitzen da horrela: “Helburua norbere buruaren alderdirik ederrena erakustea da eta itxura kasuala erakutsi ohi dute, berez horretarako sortuak izanda ere”. Eta Pentsa, edukia (ez informazioa) sare sozialetatik bakarrik jasotzen duen gero eta jende gehiago dago… Badugu zer pentsatua ofiziotik. Eta zer pentsatua hizkuntza komunitate txikietatik!

Unibertsitateetatik ere komunikazio arduradunak hezten dituzte. Sare sozialetan makina batzuk dira. Eta jakintza hori zertarako darabilte behin administraziora helduta? politikari-buruaren atzea zaintzeko. Kontrara, kazetariek derrigor behar duen kritikotasuna ez ote dabilen apaltzen… Unibertsitatetik apalago datoz gai honetan. Eta hori ere ofiziokoek konpondu beharrekoa dela uste dutenetakoa naiz, inori ezer eskatzen hasi barik.

Harremana behar da gertukoan

Kazetariaren laguna da zinegotzia; alkateak lehengusu du kazetaria; kuadrilla berean daude informazioa eta komunikazioa lantzen dutenak. Harremana behar da eta badago. Eta beharrezkoa da aldi berean bakoitzak bere ofizioa ahalik eta ondoen egitea. Baita ez jartzea oztoporik elkarri langintza eraginkorra izan dadin. Gauza batek batzen gaitu komunikatzailea eta kazetaria eta da zerbitzua eman nahi diogula herritarrei. Ezta? hori da bion helburua, ezta? Ezta?

Demokraziaren zutabeetako bat da informazio eskubidea eta zor hori dugu ofiziotik eta politikatik. Komunikazioan dabilenak erraztu behar luke kazetariaren langintza eta erraz eman informazioa kazetariak.

Joxe Felix Azurmendi: “Izan pertsona askea, baita bozka ematen diozun alderdiarekiko ere”

Argiaren papereko agerkarian irakurri dut elkarrizketa. Gogoz geratu naiz Cira Crespok beste dozena erdi orri argitaratu ez izanaz. Sarean ere papereko testu bera dago: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2852/joxe-felix-azurmendi.

Gustura irakurri dut Sanchez Erauskinen berri Joxe Felix Azurmendiren ahotik eta Cresporen lumatik. Gasteizko delegazioko arduraduna, “Punto y Hora”-ren zuzendaria, EGIN-en zuzendari-ordea Azurmendi bera zuzendari zenean… abadea, HBko lehen mahai nazionaleko kidea, EHUko irakaslea… Zer ez da izan Sanchez Erauskin!

Argiako elkarrizketan Azurmendik esan dituenak; liburuko pasartetxoren bat ere gehitu dut blog sarrera honetan, liburua irakurtzeko mokadu gisa (Arabako Foru Aldundiak atera du liburua, nire harridudarako):

  • J.F.A: “Jakin behar da konpromisoa mantentzen, profesionaltasuna galdu gabe. Zeren irakurleak ikusten badu oso abertzalea zarela, baina profesional kaxkarra…
  • J.F.A: “Ordu batetik aurrera kapitaina daukan itsasontzi bat bezalakoa da hau, eztabaidarik onartzen ez duena, eta niri dagokit kapitaina izatea. Hurrengo egunean, kritika dezatela nahi dutena. Baina egunero atera behar den egunkari bat ezin da asanblearioa izan, erantzukizuna hartuko duen norbait behar du”.
  • J.F.A: “Xabier Sanchez Erauskin Eginetik atera zen bertan nagusitu zen ildoarekin konforme ez zegoelako. Kritika zorrotza egin zuen, esanez, Egin txarto politizatu zela, alde batera utzi zuelako, bere ustez –eta nire ustez ere bai–logika periodistikoa”.
    • Hala ere, liburuan aipatzen den azalpena da: erredaktore arduradun zela utzi lana “puesto del que dimití en el mes de septiembre del 86, tras el enfrentamiento con los Consejos por el tema de la edición de suplementos comarcales” Gogoz geratu naiz ba zer ote zen eskualdeetako gehigarri hori… Dimisioa eman zuen pilotu bat martxan jarri zenean. Pilotua non egin zen? Deba eskualdean. Konbentzituta zegoen Sanchez Erauskin tokian toki idatziko zutenak ez zeudela prestatuta komunikazio politikoaren tekniketan eta kaltea ekarriko ziotela Egin markari.
    • Urte bat beranduago, eskualdekako informazioaz harantzagoko idatzi bat aurkeztu zuen Eginen eta han aipatzen zituen gaur kazetaritzan ere oso bogan dauden kontzeptu bi: egunkariak desberdintzearen eta nortasun propioaren kartak jokatu behar zituela. Honela jaso da liburuan: “aquel no realizado debate sobre contenidos y estilos de EGIN, era que nuestro periódico tenía que jugar a tope la baza de la diferenciación y la personalidad propia.
  • J.F.A: Egin asko saltzen zen, eta oso egunkari inportantea zen, ez bakarrik ezker abertzalearentzako, langileentzako, emakumeentzako… profesionalak ginelako lanean. Gazteak ginen, ondo saltzen zen, eta guztiak pozik zeuden, ezker abertzaleko buruak izan ezik.
  • J.F.A: Prentsa abertzaleak oso indar gutxi dauka, espero zena baino gutxiago, behintzat; ez du jakin gehiengoetara iristen. Abertzaleek ez dute jakin beren prentsa maneiatzen. Ez dute ulertu nahi izan egunkari baten papera ez dela alderdiko prentsa izatea.
  • J.F.A: Kazetari gazteek Erauskinengandik ikasteko? Lanbidea nola defendatzen eta maitatzen den, eta nola mantendu ilusioa. Gu beti gauza berrien bila ibili gara. Hori esan nahi dut: ilusioa ez galdu eta mantendu zure ideiak, zure duintasuna. Izan pertsona askea, baina bozka ematen diozun alderdiarekiko ere.

Kazetaritza argia eta garbia, kafea legetxe

Kazetaritzak behar du garbia izan. Badira momentu batzuk testuaren loria bilatzeko tentazioa izaten direnak, literatura nahiez-edo, ederraren desioz-edo. Eta kazetaritzak behar du, batez ere, argia eta garbia izan. Azalpenak eman. Testuingurua. Literatura da oso gauza konplikatua eta aparteko langintza, kazetaritzaren erritmoetatik gaindi egin beharrekoa. Kontrara, azalpen argiak eman behar ditu kazetaritzak beti, irakurlea argia baita. Bi gauza dira, bada, kazetaritza eta literatura.

Kazetariak beti azalpenetan ito irakurlea? ez. Ez da beti derrigorrezko, izan ere, jakintzat ere eman behar dira zenbait kontu, baina ez letorkiguke gaizki gure hartzailearengan pentsatzea zer azaldu eta zer ez pentsatu baino lehen. Tokikoen kasuan, bereziki, oso zabala da hartzailea. Adinez, ia-ia umetatik jubilatuetarainokoa; hizkuntza ahalmenez, literatura irakurlea eta beste ezer euskaraz irakurtzen ez duen pertsona ere bai; pentsamoldez, bizipenez, herriz, gustuz… Denetik dago tokikoen hartzaileetan. Ez da alperrik kazetaritza masiboa tokikoa, ez da alperrik ahalik eta buzoi gehienetan banatzen, ahalik eta eskuko telefono gehienetara heltzen, ez da alperrik gaitegian askotarikoa.

Goizeko kafea

Pandemia pasa ostetik ia egunero moduan goizeko 06:30ean hartu dut kafea ohiko tabernan. Astero joaten naiz hainbat aldiz. Eta nire lan-jardunaz ez dit sekula txintik ere esan tabernariak. Zerbait bazekiela bistakoa da. Gaur esplizitatu du. “Zuen langintzan manipulatzen da?” Eta harrapatu nau galderak bekarrak kendu barik!

Erantzun diot barretxo goiztiar batekin: “kafea manipulatzen den legetxe kazetaritzan”. Erantzuna motzean joan da. Pentsatu barikoa. Ez dut konbentzitu seguru! Manipulatu berbaren bi adierarekin jolas egindakoa izan da erantzuna: langaiak landu edo manipulaturen zentzuan, batetik; eta, bestetik, galderaren zirtoak, seguruenik, nahi zuen aldetik. Hau da, testuak zerbaitetarako gidatzetik-edo, faltsutzetik-edo.

Erantzuna joan da joan. Eta kafea hartu ostean hasi naiz pentsatzen: kafea eta kazetaritza-testuak badute antzik. Kafea ateratzea sinplea da, baina hartzen dira ba han-hemen kafe txarrak prezio berean! Kazetaritza testuak antzera!

Kafe ona ateratzeko erremintak aztertu ditu gure bailarako ikerketa zentro batek. Ikerlariak 45 aldagai aztertzera heldu zirela dut gogoan memoriak ez badit kalerik egiten. Erabiltzen den kafea, produktua, berbera izanik ere, eta kafe-makina ere bakarra erabiliagatik 45 aldagai! Bakoitzak du eragina kafean: zenbat hauts, 8-10 gramo artean-edo; zelan birrindua, ez haustuegi ez grano handiarekin; zenbateko presioa egiten zaion kazolatxora kafea atera ostean zapaltzerakoan; zelako ura, kare kopurua…; graduak, uraren tenperatura 100 gradutik ahalik eta gertuen egotea, baina irakin barik; presioa, erogatzerakoan edo kafea banatzerakoan uraren presioa zenbateko den; kafea erortzen ematen den denbora garrantzitsuenetarikoa zelakoan nago; kafe kazolatxoen gainean lagatzen den aire-kamera edo altura hutsune hori…

Goizeko kazetaritza

Kazetaritzan ere aldagai asko. Denak neurgarriak, baina ez ditugunak beti zorroztasun berarekin neurtzen. Pertsonak pertsona, kafe alea kafe moduan, baina: norbanakoaren kultura, idazteko ahalmena, galderak egiteko era eta enpatia, 5w-en erabilera, pieza egiteko denbora, tituluan asmatzeko borondatea, makineria erabiltzeko jakintza (Internet, Inteligentzia Artifiziala, Xuxen, sare sozialak…), iturri onen zerrenda, iturri txarrena, lankideekin harremana, albistea bilatzeko usaimena lantzea, kontrastea, zehaztasunak, azalpenak, baliabideak, enpresak ematen duen formazioa, unibertsitatean ikasitakoa edo ez ikasitakoa, euskara menperatzea, euskara ikasten beti egongo garela onartzea edo ez, irakurlea izatea… Zenbat luzatu daitekeen zerrenda! Seguru ahapaldi honetaraino heldu denari pasa zaizkiola burutik beste hainbat.

Kazetaritza eta tabernaria: ofizio bi

Kafe ona hartu dut goizean. Gehienetan hartzen dut ona, egia esatera. Eta sinplea edota konplikatua da tabernari langintza, kazetaritza bezainbeste: bezeroak, norbere jarrera, ematen den produktuaren kalitatea… zenbat aldagai bi profesioetan! Beharbada, bietan, langintza konplikatua izanagatik ere azken emaitza sinple ematea da gakoa.

Oraindik lehen orduko galdera berriz bor-bor! Manipulatzea? Eta makina hasi da kontzeptuei bueltaka: sinpletasuna, zehaztasuna, testuingurua, argitasuna, distrakziorik eza, helburu argiak, konpromisoa komunikazio taldeko helburuekin, xehetasun funtsezkoak bakarrik… Baina buelta hitz berberera: manipulatzea.

Manipulatzea? Ba kafe txarra ateratzearen pareko litzateke manipulazio intentzionatua. Behin egingo duzu, bitan… Hirutan? Tokiko kazetaritzan ez dago lekurik manipulaziorako ez gezurrerako, ezta irakurleak gai batekiko zer pentsatu behar duen esanez idazteko. Hiru testu txar asko dira eta bezeroaren pazientzia-dosia neurtua da. Kafea hartzeko badira leku dezente eta baita notiziak irakurtzekoak ere!

Badago, hala ere, diferentzia bat. Eta nabarmena da. Gustuko ez duzun kafearen bila ez da joaten bat. Eta ahal duelarik, pentsatu behar dugu gustukoa ez den kafe bat emateko borondaterik ez duela tabernariak. Kazetaritzaren gorentzat dut jendeari gustatzen ez zaizkion notiziak ere ematea, azken finean, kazetariak ez du aukeratzen zein markako kafe-kiloa erosi. Notiziak direnak dira eta gure lana albistea ondo azalduta ematea da, baita azkura sortuko badu ere. Notizia eman presio justuarekin, ur kantitate justuarekin, irakin barik eta aire-kamera ere neurtuz. Kafe on bat da notizia on bat, nahiz eta beti ez den ondo sartzen.

Ez dakidana da gustuko ez diren albisteak jasotzeko lehen baino prestutasun gutxiago edo gehiago duen bezeroak. Ez dakit. Jarraituko ahal du, hala ere, gertuko kafea hartzen.

Kazetari-teknikariek irudiak grabatu? bai, demokraziagatik

Argudioak zelan eman eta zer esan ez badizute grabatzen lagatzen?

Espainiako Konstituzioak informazioa jasotzeko eta komunikatzeko oinarrizko eskubidea deklaratzen du eta babesten du, aurretik zentsurarik izan gabe, beti ere irudi eskubideak ezartzen dituen mugen barruan (20.1 d) artikulua). Herritarren Segurtasuna Babesteko 4/2015 Lege Organikoak (mozal lege moduan ezagutzen den horrek), 36.23 artikuluan ez du debekatzen ez eta zigortzen kaleko gertakizunen irudiak hartzea edo grabatzea, eta ez du debekatzen ezta ere zigortzen polizien jardueraren irudiak grabatzea.
Artikulu horrek zigortzen duena da polizien edo agintarien irudiak, datu pertsonalak edo profesionalak baimenik gabe erabiltzea horren ondorioz agenteen segurtasun pertsonal edo familiarra arriskuan jartzen bada, babestutako instalazioak arriskuan jartzen badira, edo
operazio baten arrakasta arriskuan jartzen bada, beti ere informazio eskubidea errespetatuz.

Patxadaz jokatu

Beraz, grabatzea debekatzen dizun poliziarekin proposatzen da horrelako elkarrizketa bat edukitzea, ahalik eta modurik naturalenean. Adierazi kazetaria bere lana egiten ari dela. :

– Ezin duzu grabatu!
– Bai, grabatu dezaket.
Konstituzioak eta Herritarren Segurtasuna Babesteko Legeak informazio eskubidea babesten eta errespetatzen dute. Lege horrek, Herritarren Segurtasuna Babestekoak (mozal legeak) ez du inon grabatzea debekatzen.
Legeak egiten duena da grabatzen ditudan irudien erabilera mugatu, erabilera hori zuen edo agintarien segurtasunaren aurka joan ez dadin, 36.23 artikulua.

Bermatzen dizut irudiak erabiltzeko orduan, legea zehatz-mehatz beteko dugula, eta ez direla erabiliko polizia zein agintari, instalazioak edo operazioa arriskuan jartzeko.
Nahi baduzu deitu zure gainekoari (ertzainek “nagusiari” erabiltzen dute), konprobatzeko grabatzea ez dagoela debekatuta, baizik eta zigortzen dena irudien erabilera txarra dela. Eta erabilera txarra egitea ez da gure asmoa.

Xabi Labaien gogoan

Saiatu sarean arrastoa topatzen eta ez duzu irudirik lortuko, edo oso-oso ezkutuan, akaso. Normala da; Xabi, ez zen lehen lerroan ibili zale. Ez zen argazkien lagun, bai fokuena, ordea; izan ere, fokuak ere norbaitek jartzen baititu artistek distira egin dezaten. Antzerkian erabiltzen zituen pare bat fokuek ze argi ikusgarri ematen zuten! Isilik, trabarik egin barik, atzeko lanean, baina beti fin, zintzo eta inurri legetxe. Pertsona on bat galdu du artisteoak, artisten lagun zen soinu teknikari apal eta on bat. Lagun bat galdu dugu Bergara-Soraluze-Elgeta ingurumariakook. Gutxirekin asko egiten zekien musikazalea izan da niretzat beti Labaien. Xabi. Niretzat Txabi. Txabi Labaien. Telefonoko kontaktu zerrendako laguna.

1996ko hasierak izango ziren Moraurekin egin zela Gaztelupeko Hotsak zigiluaren sorrera. Ordukoan ere bueltan-bueltan zen Labaien. Nik ezagutu nuen geroxeago. Deabruakeko Imanol, Joni eta Haritzekin batera. “Dana lanbrotute ikustot” emankizunak utzi ninduen pla! Begiak zabal-zabalik. Aranbarri, Izagirre, Otamendi… Eta Mattin eta Xabi Ubeda, eta Aintzane Astigarraga ere bazebilen. Ikusten eta entzuten dut begiak itxiz gero Sarrionandiaren Kiromantzixa errezitatzen: “Ekarrixu ona eskumako eskue; amen iñok estotzu ainke eingo ta; onuntzatxuau baña ikumille eees; sabaldu eskuuue; ta lusetu atzamarrok; es bilddurtu.”. Begiak itxita ikusten ditut Amaia eta Txabi Labaien ere. Oso arduratuta emanaldiarekin estetikarekin. Handik gaurdaino harreman dezentea izan dut Liskerreko teklatu jotzaile eta kantari zenarekin. Ahotsarekin jokoak egitea oso zuen gustuko mikroa pizteaz bat. Bazetorren aspaldiko Seska taldean jotzetik, edo gerora Euskal Herriko mugetatik kanpo jardun zuen Mikel Herzog bergararrarekin aritzetik. Nik “Dana lanbrotute ikustot”-en ezagutu eta egin nuen lagun. Zer zen emanaldi hura! Ze tipo apal eta gertukoa ezagutu nuen han!

Gerora Mikel Urdangarinekin batera dezentetan, Moraurekin berarekin, Pettirekin, Tapiarekin… Eta Gaztelupe tabernatik pasatu diren artista pila galantarekin gogoratzen dut. Soinu mahaiaren atzean. Xarrarekin eta Ubanerekin eskuz esku. Ez dakit seguru zergatik, baina Fly Shit-ekin ere erlazionatzen dut eta bereziki Rogelio Botanzekin. Dezentetan Soraluzen jotakoa, eta baita Elgetako Gaztetxean banda osoarekin (dozena bat lagun) edota Espaloia Kafe Antzokian ere. Ederra izan zen 2004aren bueltan Botanzek Alfonso Sastrerekin egin zuen emanaldia Espaloian. Goi mailako emanaldia! Mahai bueltan batu ginenon artean zen Labaien bera ere, besteak beste disko horretako, “Rogelio botanz canta a Alfonso Sastre” bideoan Amaia eta Xabi Labaien ibili zirelako buru-belarri.

Ahotsak.eus proiektuan ere egin zituen hainbat lan. Eta ez da denbora asko azken lana Goienarekin egin zuenetik. Danbaka musika lehiaketako kontzertu guztien soinu-nahasketa egin du berak telebistan emanaldia eman aurretik. Kontzertuko grabazioak pistaz pista jaso eta post-editatu. Lau egunean lau talderen ordu erdiko materiala entregatzera etortzen zen Goienara Danbaka osteko eguaztenetan. Zelako fina! Ze maitasun musika-lanean!

Ez da erraza izango ahazten. Seguru nago apal-apal jardungo duela dagoen tokian dagoela musika ikasgaiak ematen: “ez du egin behar “ro-ro” ezta “fi-fi” edo “pfi-pfi” ere, “tz” horiek ez dute luzeak izan behar gure belarrietarako. Ahotsa entzun behar da garbi. Garbi baina ez altuegi. Garbi eta ulertzeko moduan. Apala eta gure musikazaletasuneko irakasle bat. Eskerrik asko, Txabi!

Oh.: Goienak ere eman du berria: https://goiena.eus/bergara/1689100236156-xabier-labaien-musikari-eta-soinu-teknikaria-hil-da

Asko poztu naiz korporazio berria plazan dantzan ikusita

Ibon Unzetabarrenetxea alkatearendako ez da gutxi ba alkate izatea eta to! Dantzara! Izan zitekeen ezetza ematea, denborarik ez dela egon edo dena delako. Ba ez, zezenari adarretatik ebatu eta plazara, herrikideen aurrera. Eskerrik asko.

Ez da huskeria niretzako. Urte batzuk badira dagoeneko eta ohitura ere bihurtzeko zorian dago. Zorian diot, ze desagertzeko zorian egotea ere ez da nekeza.

Eskuz esku, batuta, urduriago edo ez, barretxoarekin, publikoari errespetuz, ahal den onena emateko gogoz. Bereziki ematen diot inportantzia pertsona-katea osatzeari, zirkulu erdia-edo egin eta herritarrei begira dantzatzeari, eskaintza horri. Herriaren aurrean txapela kentzeari, baina korporazio batu moduan. Etorriko dira desadostasunak beranduago, baina hasi bitez plazan bestelakoak erakutsita.

Dantza-talde ez gutxik, tartean Elgetakoak, baztertua izan dute dantza-molde hau. XX. mendean nahiko desagertua edo gutxitua egon da plazaratzea. Esango nuke, indarra har dezakeela eta hartzen ari dela XXI. mende honetan. Poza ematen du horrek, poz handia. Asteburu honetan leku bitan egin dute soka-dantza: Bergarako San Martzialen eta Elgetako Mendizaleen plazan. Herri gehiagotara zabaltzeko modukoa dela uste dut. Momentu herrikoia eta era berean serioa, solemnea. Publikotik ere horixe bera errespetatzen ikastea dagokigulakoan nago. Ordezkari politikariek bete zuten beraienarekin eta publikotik ere horixe bera errespetatzen ikastea dagokigu. Hurrengo urtean izan gaitezela berriz ikusteko eta gozatzekoak. Eskerrik asko.