Estilo liburua behar bat da

Ea ze albiste egin behar dudan gaur galdetu diot. Baina komunikazio arduradunak badu gaur Kultur Aste hau baino lehenagoko ardurarik.
Pernambucon bertan, lur-jabeen pistoleroak kanpamentu batean sartu dira eta erre egin dute.

 (Jon Sarasua, `Ertzeko zatiak´,)

Estilo liburu barik hasi ginen euskaraz informatzen. Egin egiten genuen, baina gaur, argitaratze hutsa baino aurreragoko lanik badugu. Kontzientea izan behar du egiten dugun lanak eta balioan jarri behar ditugu, besteak beste, estilo liburua aintzat hartuta jarduten duten kazetari kritikoak, ausartak, gaiak zehatz sakontzen dakizkitenak, euskara egoki darabiltenak, eta baita, proiektuarekin atxikimendua izan eta enpresaren misio eta printzipioekin bat egiten dutenak.

Ez da gauza bera talde politiko jakin bati lotuago dagoen editoriala ipar duen kazetaritza egitea, edo, justu, arerio den talde politikoari lotutako hedabiderako idaztea. Ez litzateke gauza bera izan behar, ezta ere, euskarazko tokiko hedabide bateko kazetaria izatea, zerbaitegatik baita “tokiko” eta zerbaitegatik “euskarazko”. Gure txikian menpekotasun apalagoa dugu nazioarteko agentzia, merkatu eta komunikazio taldeena eta horregatik dagokigu gure analisia kritikoagoa izatea tendentzia politiko edo sindikaletatik libre. Gure kalea asfaltozkoa zein birtuala da, eta jakina da, herrietan askotariko bezeroak ditugula. Pentsamolde guztietarako egin behar dugu lan eta hori idatziz jasoa izan behar da lanerako oinarri izango den arau eta gomendio multzoan. Behar bat da estilo liburu bat izatea kazetaritzan dihardugunondako, euskararendako, bezero dugun jendartearendako eta baita komunikabidearen nortasuna eratu eta indartzeko ere.

Pernanbucoko kultura astea zein erreketak haizatu behar dira kazetaritza estilo honetan. Gertuko gertaerak ere halatsu. Hedabideon ardura da eduki horiek ahalik eta jende gehienengana hel daitezen lan egitea. Berme ona da kazetaritza egiteko modu orekatu, kontrastatu, inpartzial eta ulergarria. Beti, euskara zaindu eta egokia erabiliz, euskal kultura bultzatuz eta helburu bera duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude