Liburu elektronikoen sasoia bada

Bihar egingo du aurkezpena Susa argitaletxeak eta datu gehiago eta primizia gehiago emango dituela seguru. Hala ere, tuitak badabiltza dantzan eta dagoeneko harrera ona egin diote ekimenari. Ia irakurleek ere halatsu egiten dioten. Badabil bada notizia eta pentsatu dut hona ekartzea Susaren apustu sendo eta beharrezkoaren berri. Zer eta gainena idazleek gehiago irabaziko dutela molde berri honekin, zer eta sortzaileak irabazle nagusiak, kateko lehenengoak eta garrantzitsuenak. Tumatxa!

Epub eta .pdf formatuan emango ditu liburuak, DRM barik, giltzarrapo barik. Hau berez  da notizia eta horregatik ere bai apustua! Baina ez da hor geratzen kontua. Liburuen prezioak eragingo du presioa. Susak hasitako bideak ekarriko du segidarik, seguruen. Liburuen prezioa zein den? 3,54 euro. Ole! 3,54 euro. Eta liburu guztiak prezio berean! BEZ barne dago (0,54). 3,54 euro horietatik 2 izango dira sortzaileendako eta bakarra argitaletxearendako. Ia 150 liburu prezio merke horretan. Demasa!

Hemen liburuak: https://susa-literatura.com/ebook/

Nago, Euskal Herrian ez dugula ohitura handirik liburuak digitalean irakurtzeko, baina horrelako ekimenek bizkortuko dutela seguru. AEBn, astean liburu bat edo gehiago irakurtzen dutenen %25ek digitalki irakurtzen du dagoeneko. Eta kuriosoa da zeren uste baitzen paperjaleenak izango zirela azkenak… baina ez, moldatzen lehenak izan omen dira han. Book Industry Study Group-en datuak dira hauek.

Nobela eta zientzia fikzioa dira salduenak, antza. Uste zen entseguak eta liburu akademikoak izango zirela digitalki salduenak, baina ez da horrela izan. Irakurleak erosteko ohitura hartu du (gehienak emakumeak AEB-n), pirateatu baino erosi egiten ei ditu liburuak BISG-k dioenez. Poztuko nintzateke Susak asmatuko balu. Nik ez dut liburu irakurlerik, baina gero eta seguruago nago hasiko naizela noizbait horrela irakurtzen. Gaur, bihar edo etzi, baina denbora asko ez da pasako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude