Peli Arantzabal Soiñu jotzaillia

Peli Arantzabalek bizitza oso bat daroia musikia egitten. Aitta zan Felix Arantzabal, Angiozarko itsua, eta handik dakar berak afiziñua. 14 urtetik dihardu jendiarendako musikia jotzen eta hori igarri egitten da. Sentimentua dago jotzeko moduan. Egunero-egunero egitten dau saiotxoren bat etxian soiñu haundixakin. Asko ez dala enterau naiz gure aitxitxa zanak, Errementariko Martiñek erakutsi zotzala hau kantuau. Gure aitxitxa dultzaiñerua zan (ez gaiterua). Kantu herrikoi honen bigarren azkenengo zatixa entzuteka neukan oingo trikitilarixei-eta.

Peli Arantzabal Martin Arrietari ikasitako pieza jotzen by Iban Arantzabal

Goiena telebistan elkarrizketa txiki bat egin gontzan eta hori be ekarri dot ona. Miren Arregik eginddako elkarrizketatxua. Eibartarra da gaur Angiozarko Aguletan jaiotako Peli Arantzabal. Elgetan ezaguna dogu. Ez badozu sekula ikusi Soiñua jotzen ez galdu hurrengo aukeria. Umilla eta fiña.

Berriako elkarrizketa: sare sozialez, Goienaz, euskaraz…

Urtzi Urkizu kazetariak egindako elkarrizketa da blogera ekarri dudana. Berriak argitaratu du domekako paperean eta Interneten. Blogera ekartzen dut. “Euskal Komunikazioa eta sare sozialak” gai hartuta 7 laguni egin dizkigu elkarrizketak dagoeneko eta berriak ere etorriko dira. copy-paste eginda hemen:

Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (VIII). Iban Arantzabal. Goienako ikus-entzunezkoen burua

«Euskalkian idazteko, territorio libreak dira sare sozialak»

Twitter da Goienaren apustua, «etorkizun oparoena duen saretzat» baitute.

/ JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Goienaren sorreratik taldearen Interneteko ardura izan
du Iban Arantzabalek (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Sustatuko editore bost
urtean, Espaloia kafe antzokiko presidentea eta Ahotsak.com-eko partaidea da.

– Zer plangintza duzue Goiena taldean sare sozialen inguruan?

Hasteko eta behin, sare sozialetan aukera bat egin genuen, eta Zugaz.com
sortu. Ez du funtzionatu guk gura moduan, eta ikasi dugu dauden sare
sozialak direla erabili beharrekoak. Gure apustua Twitter da, eta uste
dugu etorkizun oparoena duen tresna dela, oraindik ere Facebook eta
Tuenti modukoetan egon arren jende gehiena.

– Kazetari guztiek al dute soslaia Twitterren eta Facebooken? Zertarako?

Facebookekoa
ur nahastu eta zikin moduan ikusten dut. Informaziorako baino gehiago
entretenimendurako eta lagunekin berba egiteko gunea da, baina ur
zikinetik asko du… Twitterreko soslaiekin, aldiz, hainbat gauza
bilatzen dira, profesionalagoak: Hasteko eta behin, irakurleekin
feedbacka, jendeak dioena zuzen-zuzenean jasotzea, gure komunitateari
webgunearen azalean bertan leiho bat zabaltzea iritzia askotarikoagoa
izan dadin… Informazioa jasotzeko erabiltzen dugu Twitter, emateko,
baita elkarrizketa sortzeko ere. Bestetik, eta gure etxeko kazetariak
gero eta espezializatuagoak direnez gaietan, aditu sare bat sortzeko ere
balio du Twitterreko soslaiak. Azkartasunean irabazi dugu; jende
gehiagorengana heltzen gara, eta 2011ko kalearen pareko moduan ikusten
ditugu sare sozialak.

– Bisiten zer kopuru iristen zaizue sare sozialetatik Goiena.net atarira?

Aldakorra
da, baina argi dagoena da gero eta gehiago direla, oraindik %5 inguruan
ibili arren. Kantitateaz gain kalitatean irabazten laguntzen digute,
irakurle aktiboak izanez. Garrantzia du trafikoak, baina ez dugu burua
galduko horrekin. Twitterreko elkarrizketak berak, bisitarik emango ez
balute ere, oso garrantzitsuak dira. Gure audientzia aldagai askoren
batura da: telebistako ikus-entzuleak, irratiko entzuleak, papereko
irakurleak, sareko erabiltzaileak… eta, noski, eskuko telefonoekin
jarraitzen gaituztenak, gure Twitter jarraitzaileak… Denek jasotzen
dute informazio eta editorial bat, Goienarena: euskaraz, askotarikoa,
independentea, autonomiaduna, irekia, kontrastatua…

– Zuk zer modutan erabiltzen dituzu Twitter eta Facebook?

Twitterreko
nire soslaia pertsonala da, baina lanarekin ere lotua dago. Ez dut
esaten noiz noan ohera edo zer gosaldu dudan. Ez naiz eroso sentitzen
horrelako tuitekin, baina egia da ez dudala neure burua behartzen tuit
garatuetara, ze bestela idazten dudanaren %5 ere ez nuke idatziko…
Facebookena, berriz, Twitter ez dutenen esanak jarraitzeko baino ez
darabilt, lagunenak-eta. Hala ere, pentsatzen nago nire datu guztiak
kentzea Facebooketik.

– Euskarazko komunikabideetako kazetarien arteko harremanetarako nolako bideak ireki ditzazkete sare sozialek?

Handiak.
Gertuago gaude sare sozialei esker. Publikoagoak dira gure iritziak,
eta kontrastatu ere egiten ditugu. BERRIAko eta Goienako kazetariek
lasai asko jardun dezakete gai beraren gainean, eta gai bera landuz
kazetaria bera ere gusturago gera badaiteke, zer esanik ez irakurlea.

– Euskaraz gero eta gehiago idazten da, neurri batean Interneti esker. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Oso positiboa da. Ahozko tradizioak nauka liluratuta aspaldian, Ahotsak.com
moduko proiektuek-eta. Baina idatziak ez dio kalterik egiten ahozkoari.
Esango nuke, gainera, 140 karaktereko jardunak ahozkotasunetik gehiago
duela araututako idazkeratik baino. Txioka aritzerakoan sortzen da
hizkuntza erabiltzeko beste erregistro bat, eta hori hain da aberatsa:
laburdurak, esateko erak… Nik sekula ez dut horrenbeste aditz trinko
erabili, eta horren «errua» 140 karaktereek dute. 🙂 Bestetik,
euskalkian idazteko territorio librea ere bada. Eta jakinekoa da
euskalkiak batua indartu baino ez duela egiten.

– Komunikazio munduan aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen. Krisia bakarrik negozio ereduentzat izango al da?

Krisiarena
arduraz hartu beharreko esparru batean kokatzen dut, baina ezin
genezake askorik egin gure moduko enpresek. Egin dezakeguna da
kontrolatzen dugun horretan protagonistak izatea komunikazio munduko
aldaketetan. Ez dago lo geratzerik, eta ez du balio gu txikiak garela
esateak. Gu bagara, eta etorkizunean etor daitekeena guk egin dezakegula
sinistuta egin behar ditugu gure bisioak eta planak. Bestalde, eta
kontraesana badirudi ere, etorkizuna ez da ezer. Etorkizuna bilatzen
egotea da interesantea, gaur garena, egiten duguna. Guk egin dezakeguna
oraina da. Garai zirraragarria da hau euskal komunitatean.

Intxortatik Euskal Herrira

Elgetako Espaloia kafe antzokia
2010ko maiatzaren 23an

– egunon Iban… zelan doaz gauzak?

– Ez dok asteburu lasaixa izan. Atzo goizeko 03:00ak arte bideuaren
formatua zala-eta burrukan. Gaur goizian 09:00etatik idatzi batzuk
egitten, harreraguneko kontrol guztia daroian ordenagailua izorratuta…
baiña denboraz larri bagabiz be etarako juau. Donostiatik jatok
informatikarixa, laster helduko dok.

-Aste osoa holango izan dok. Azken baten, herri txikiak gaztetxe
handiak dira guretzat. Baina ikusten da gauzak aurrera ataratzeko
gogoa. Jende askok egin jok lana, eta emaitza hemen ikusikok,
laburbilduta. Eguraldiak be laguntzen jok, eta eguna bikaina izangok,
ikusikok. Joseba Tapia laster etorrikok, jendea be hasi dok hurbiltzen,
Espaloia txukun txukun jauk, eta Harrera gunea itzela. Non jauk alkatea?

– Bai bai, ez juat sekula horretan pentsau, baiña hau gaztetxe
haundi bat dok bai. Edurne, Oxel, Josuren, Juan Ramon, Iban… atzo
gabekua izan zuan elkalaneko erakustaldi bat. Herri txikixaguetan
ikusten dok posible dala. Alkatia ETB-kuekin juan dok. Ez dok bape
erreza izan harentzako be. Ordu askoko lana jaok atzian, ikusten ez dan
lana eta Edurne eta bixen artian ondo eruan juek kontua. Eskertzekua
herrittarron aldetik.
Hemen jatok Maria Jesus Aranburu be.

-Sarritan ez dozak ikusiko kotxe ofizialak antzoki atarian, barruraino sartu dozak. Aurkezpenak eta hire kontu Iban.

– Bai, ezagutzen juat. Oso osoko andria dok. Oxel etorri bittartian
nere kontu. Luntxera bideratuko jittuau hemendik aurrera datozen OPI
guztiak. Klaro, lehenengo tabakaleraz galdetuko jotsau. Hor jaok hor
anabasia, Odonekin…

-Hi, hor jatok Tapia be, trikitilaria… beragana najoak. Frogatxo bat
egin, eta dana prest. Aulki guztiak prest jauzak, luntxera be hurbildu
da jentia, itxikok haut. Aurkezlea nor dan esan beharko dostek, etzoat
ezagutzen Maider eta.

– Bai, oin kultura teknikarixa dok Bergaran, baiña GOITB-ko
informatibuetako aurpegi izan zuan denbora luzian. Oso ondo egingo jok.
Gaiñera ona dok beti igualok ez agertzia lehenengo lerruan.

-Hi ba dana prest jauk. Probak, pantaila, jendea, hi jezarri hadi
hor, neure ondoan. Lehen lerroan jauzak Elgetako udaleko ordezkari
guztiak, Diputaziñokoa, 37an hildakoen senideak, jende nagusia, Kafe
Antzokian Euskal Herri osotik heldutako jendea. Egun hau historikoa
dok, hemen zeozer hasten dala iruditzen jatek.

– Bai, hasieria baiño ez dok. Animo, Maiderrekin geratu gazen moduan
bera hasiko dok eta gero dokumentala. Ikusiko dok txulo-txulo geratu
dala. 3D-n eginddako zati batzuk, bonba zaratak… baiña batez be
lekukuak. Lekukuena demasa dok, hori behin ikusi eta gero ez dok
ahazten. Ohera be kontu horretxekin juango gaittuk, ikusiko dok. .

(Hasi da ekitaldia. Maider Osa aurkezle. Eta bideo proiekzioa hasi da)

Hori Bittor Garai dok. Asko ez dala etara jittuen basarri ondotik bost lagunen gorpuak. Isiltasuna demasa dok. Ikusi eta ez galdu aukerarik lekuko hau entzuteko, ointxe jatok Antoni Teilleriarena.
Ez dok denbora asko hil dala eta gustora biziko leukek berak be hau
egunau… Bere ikurriña jarri juau erakusketan. Lagaik momentu baten
twitteatzeia eta segi bideuai.

-Bideoa polita dok, gerra garaiko argazkiak, kontakizun historikoa,
hura bizi izandakoen testigantzak, 3D animazioa, eta Euskal Herriko
historiaren zati bat… orain arte inoiz kontatu ez zaigun moduan, eta
euskaraz.


Argazkiak.org | Elgetako gudariak © cc-by-sa: gaztelumendi

– Tapi, ezagutzen dok narratzaillian ahotsa? Ines Osinagarena dok, Gosekua.
Patxi, esan bihar jotset danak batera igotzeko gero taulara, berba egin
bihar daben danak batera. Bideua amaittutakuan Tapiaren txanda, pare
bat kantu Agur, Intxorta maite diskokuak.

-Aupa Tapi, amaitu dok dokumentala. Oin dok hire txanda.

– Honek kantuok ez dittuk izango jende multzo haundixendako, baiña
ederrak dittuk, oso ederrak. Haudixa dok Tapia. Oso kantu pare ona
aukeratu jittuk. 5 banderak kantua joten zebillen bittartian igo izana
be ondo. Kolore asko batera. Ondo. Lopategiren “Gaur hirurogei urte
bezela” kantau jok, politta.

-Eta eskenatoki gainean Intxorta 1937
elkarteko Garai, Elgetako alkate Oxel Erostarbe, ANVko zinegotzi Edurne
Alberdi eta Diputazioko ordezkari Maria Jesus Aranburu. Lau buru,
kolore ugari, bi andrazko eta bi gizonezko. Hobeto ezin.

– Danak ibili dittuk ondo, bakoitzak 3 minutu jauzkan, baiña betiko
letxe luzatu… Ondo egon dittuk, hala eta be. Bereziki ondo ikusi juat
gaur Aranburu. Esandakuak eta esandako modua be gustau jatazik.

-Hemen esandako guztiak sinatzen ditut nik. Frente Popularra emoten
jok honek. Jeltzaleak, gorriak, anvkoak eta alkatea akorduan. Barriro
be etorkozak Elgetara faxistak….

– Hauxe dok herri txikixetatik gustatzen jatana. Bakoitzak jaukak
bere errena, baiña batuta egin bihar danian batu eta egin egitten dok.
Baitta antxitxika egin bihar bada be. Hau amaitzen jaok, Tapi berriro
taulara.

-Eta Tapiari egindako txaloak, ez dozak debaldekoak. Barriro be hasiko jaku kalabazia! alai amaitu ditu gerrako ibilerak, agur Intxorta maite diskoa egin zuen trikitilariak. Orain autobusetara joak jendea, Ibilbide tematikoari ekiteko, trintxera eta lubakiak bisitatzera.

– Autobuskadia beteta. Ni bigarrenan zain geratzen nok. Hik igo
megafono hori. Han joiazak Aldundiko auto ofizialian ANV, EAJ eta
Aralar, ordezkatuta. Euzki begixan jaok Asentzio.

-Intxorta 1937ko ordezkariak euskaraz eta gaztelaniaz jabizek
gerrako kontuak aitatzen. Lubakietatik sartu dok jendea, duela 70 urte
baino gehiago dituzten lubakiak. Lurrak ez ditu berdindu, historia
ahazten saiatu dan arren. Intxorta magalean, 36 eta 37ko estrategiak
entzuten. Garaiok ez dira horrenbeste aldatu. Lubakiak beste batzuk
dira orain.

Argazkiak.org | Intxortako lubakiak © cc-by-sa: goioarana

– Egun ederrak urten jok. Gaur “La Belga” metrailladoriaren lekura
ez juatia gomentatu jotset Intxorta e1936-37 elkartekuei eta
udaletxekuei. Hori beste egun baterako ze 14:00ak pasau dittuk…
Intxortako interesguniak hobeto seiñalizatzia falta jakuk, ibilbidia openstreetmap-etik
hartzia, harreragunia zer dan ikastola eta eskola guztiei esan biharko
jotseu, baitta interes minimua euki leikenai eta interesoi sortu
geinken guztiai be… Hasi dok bigarren etapia.

-Hi, nik ondiño etzoat ezer hartu. Egarri nok, eta tapiatarrak be
etxera joan dituk honezkero. Bazkaltzeko planik bajauk ala? Antzokia be
beteta jauk baserritarrez, euren urteroko bazkaria dok ala?

– A! uste najuan Tapiakin-eta bazkaltzeko hintzala. Hori esan
jostek. Guk gero kontzertu bat jakau Espaloian Or2tan eta Grupo San
Juan Atxabaltarrak. Hori bai, gaur goizago ohera. Ez, ez juat
konkistadoria zein dan jakingo ezta Lost-ena ikusteko jaikiko be.
Gaurkua ondo urtetzia oso garrantzitsua zuan eta urten jok.
Errebentauta najaok, baiña merezi izan jok.

-Niretzat be, lanean hasteko aitzakia ona izan dok. Orain bajakiat
non eta zertan ibiliko noken. Hasiera ona, lana ugari, baina ekipoa be
bajauk inguruan… eta ez dok gitxi. Esan duet, herri txikiak gaztetxe
handiak dozak. Jarraituko joau, eztok?

::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::: :::::::::::

Patxi Gaztelumendik eta Iban Arantzabalek, dokumentu konpartitu batean idatzitako kronHika. Berbaz, nork bere lubakitik. Bere lantokitik. Bere pantailatik. Bere euskalkitik, bere ahotik eta blogetik.

Elkarrizketa Berrian: Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen

Elkarrizketatxo bat egin didate Berrian. Aitzakia ona blog honi jaten emateko ze aspaldian mezu gutxi jasotzen ditu… 🙂 Edu Lartzanguren kazetariak egin zidan elkarrizketa eta argazkia Juanan Ruizek (paperean bakarrik). Hauxe han jasotakoa:

Iban Arantzabal. Kazetaria: Goiena komunikazio taldeak jakin du Internet eta beste hedabideak uztartzen. Ikus-entzunezkoen zuzendariak azaldu du nola.

Titularra: «Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen»

Goiena komunikazio talde euskalduneko ikus-entzunezkoen zuzendaria da Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Debagoienean, Goienkaria
aldizkaria argitaratzen dute, eta GOIENA telebistaren eta Arrasate
Irratiaren edukiak ekoizten dituzte; Interneten hainbat gune kudeatzen
dituzte; besteak beste, Goiena.net.

  • Ohiko hedabideak Internetekin uztartzen dituzue aspaldi Goienan. Nola egiten duzue hedabideen arteko sinergia lortzeko?

Ulertzen dugu zentroan beti dagoela notizia, edukia. Eduki
horrek ditu, gero, hainbat tresna adierazteko. Edukia bat da, eta
hainbat hizkuntzatara moldatzen dugu: irratiaren hizkuntzara,
telebistara, paperera eta Internetera. Internet beste hedabide bat da,
gure ikusle-entzule-irakurleengana heltzeko beste modu bat.

  • Lan egiteko duzuen era hori izango da etorkizunean hedabide guztien eredua?

Ez. Ez da etorkizuneko eredua izango, gaurko eredua delako. Guk ez dugu ezer asmatu, ordea. The Daily Telegraphek eta New York Timesek,
esaterako, eredu hori erabiltzen dute. Guk gurera egokitu dugu
filosofia hori, ez kopiatu. Ez dakigu hori biderik onena izango ote
den, baina ikusten dugu bidea izan izango dela.

  • Prentsa eta beste hedabide handiei hil ala biziko kontua bihurtu zaie ohiko hartzailea Interneten ez galtzea.

Orain arte ikus-entzuleak edo irakurleak bananduta zenbatu izan
dira. Guk, esaterako, 65.000 irakurle ditugu paperean, 8.000 ikusle
egunero gure telebistan, eta egunero 2.000 bisitaritik gora Interneten.
Baina zenbat hartzaile ditugu? Horien batura. Hartzaile bakoitzarengan
heltzen gara modu batera, eta hori da interesgarriena gaur egun.
Hartzaile ezberdin gisa hartu behar da bakoitza, batek Internetik
jarraituko baikaitu, beste batek, Internetik ez eta paperean, eta beste
batek telebista aurreko sofatik ikusiko gaitu. Gainera, bide berriak
ere etorriko dira.

  • Zer bide berrirako prestatzen ari zarete?

Sakelako telefonoa iraultzatxoa izango da oraindik. Ekimen
txiki batzuk egiten ari gara, gure informazioa telefonoaren bidez ere
zabaltzeko. Etorkizuna ere horietatik etorriko da; ez daude alferrik
horrenbeste Iphone edo bestelakoak salduta munduan. Kontuan izan behar
dugu telefonoan dagoeneko bideoak, podcastak eta edozein gauza jaso
dezakegula. Guk zera nahi dugu, aurrean egotea, ez geratzea lo.

  • Horrela ibiliko den kazetari batek irudiak, soinuak
    eta hitzak lantzen aditua izan beharko du. Ez al da hori ezinezko
    superkazetari bihurtzea eskatzea?

Ez. Zer eskatzen zaio bada gaur kazetariari? Ulertzea ekonomiaz, Interneteko azken freak-eriaz,
udaletxetako hainbat batzordeetako gaiez, arteaz… Posible al da hori?
Zer da errazago, horrenbeste gaietan aditua izango den kazetaria
bilatzea edo hainbat tresna menperatuko dituena bilatzea? Nire ustez
askoz errazagoa da bigarrena. Gai batean aditua den kazetariak
erabilita, kalitatea hobetuko dugu, sinesgarritasuna handituko dugu,
eta hartzailea pozez egotea lortuko dugu.

  • Zer egin behar dute euskarazko hedabideek, gaur,
    Euskal Herrian, gaztelaniazkoei aurre egiteko? Aldaketaz baliatuta, ba
    al dago bidezidorrik?

Bizkorrak izan behar dugu. Hor egon, aurrean, eta geure mugak
zabaldu. Ez dugu gertu-gertura begiratu behar. Izan ere, gauzak bizkor
aldatzen ari dira, guk uste baino azkarrago. Jende ona dago hemen azken
tresnak geurera moldatzen, baina ez dugu asmatzen egiten duguna
begibistan uzten. Zer edo zer egiten dugu, baina hori saldu behar dugu,
eta hor dago geure arazotxoa.

  • Interneten kopuruak oso garrantzitsuak dira;
    esaterako, Wikipediak funtzionatzen du, horretan dabiltzanak milioiak
    direlako. Ez al du horrek euskararen kontra jokatzen?

Nanoaudientzietan sinesten dut, eta uste dut gero eta garrantzi
handiagoa izango dutela. Blogena, esaterako. Asmatu behar dugu
nanoaudientzia horiek batzen, eta komunitate sendoagoak eraikitzen.

  • Egin daiteke hori, gaur hemen Interneterako loturarengatik kobratzen dutena ikusita?

Amsterdamen wifia edozein lekutan dago, eta aireportuan ere
doan da. Hemen ez, ordea. Lotsagarria da operadoreek kobratzen dutena.
Hor geure iraultzatxoa egin beharko genuke, inork zer esango itxaron
gabe: wifi komunitarioak sortu, esaterako. Egin egin beharko dugu.
Zergatik ez dugu lotura merkeagoa eta hobea? Ez dago arazo teknikorik,
merkatu legea baino ez da. Administrazioak ere zer edo zer egin beharko
luke, herrialdea atzera gelditzea nahi ez badu.

Aranzabaletik Arantzabalera

Hauxe erretratuau dedikau dosku Jabi ZabalaJoxe Aranzabal lagunari eta bixoi. Akordau naiz 2003ko Sarasuaren (Saratsua?) “Politikan eta euskalgintzan goldea pasatzeko garaia da” esaldiarekin be, baiña ur haundittan sartzeka beste kontu batzutara: Joxek bere abizena Aranzabal idazten dau; nik, barriz, Arantzabal.

Zer dala-eta idazten doten “t”-duna? Hiru arrazoi:

  1. Hamar bat urte dala egin giñuan erdal grafiadun abizenak euskeratzeko kanpaiñatxo bat Goibekokale aldizkarittik. Orduan, Elcoro pelotari haundixa Elkoro izatera pasau zan nortasun agirixan be. Bi idazkerekin jarraittu dau pelotari haundi izaten. Harekin batera hamarnaka lagunek egin giñuan antzerako zeozer. Kanpaiñaren bultzatzailleetako bat izan nintzan eta kasualidadez bialdu neban Euskaltzaindiara nere abizena ia holan ete zan… Eta zast! Euskaltzaindiak kartia bueltan “t” bat gehitzeko esaten euskal grafiarekin gura banetan abizena.
  2. Aittarekin kontua komentau eta aittaren erantzuna: “nik zelan gurako juat ba eukitzia apellidua! ba euskeraz! egin egin bihar dana eta aldatu deixela! Lehen be poliziek nahi daben moduan idatziko juen eta ni euskalduna nok eta euskeraz gura neuke.
  3. Euskaltzaindiaren lana miresten dot. Askotan jausten jakoz goittik beherakuak, baiña biharrezko lana egitten dihardue lagun mordo batek. Nik errespetuz jokatzen dot Euskaltzaindiaren erabakixekin.

Oin, Iban Arantzabal naiz. Aranzabal nintzanian moduko pelotari eskasa.

Aibalaletxe! Elvis!

Aibalaletxe! barre egin dot ba. Gustora barre egin be. Cristina Garmendiak esaten ei dau “Kontua ondo pasatzia da, nork bere buruaz barre egittia, mundu guztiak dakixen moduan, oso osasuntsua da-eta!” Barre egitterik gura? ba hemen erretratu potentia. Neure buruaz barre egitteko modua da Etxebarri blogian jartzia:

Iban Arantzabal =Elvis

Eta erretratu gehixago, blogosferan ezagunak diran jentiarenak. Patxi Traperok berriz be emon dosku edukixa. Eskerrik asko Patxi. Demasa haiz, gero!