Etiketaren artxiboa: uribekostakotxapelketa

URIBE KOSTAKO TXAPELKETA: ITZUBALTZETAKO KANPORAKETA

Badatorrela! Aurten, Bizkaiko Txapelketa dugu eta aurretik, Eskualdeko Txapelketak jokatzen dira. Beraz, Uribe Kostako Txapelketa martxan da!


Lehenengo kanporaketa, datorren ostiralean izango da, maiatzak 11, Itzubaltzeta gaztetxean. Protagonistak, honakoak:


Peio Arondo
Arrate Illaro
Itxaso Paya
Dani de Miguel
Arkaitz Gomez
Josu Landeta.


Hauek, Oier Iturralde “Atano”ren gidaritzapean. Kanporaketa bertso afari formatoan izango da. Joan nahi duzula? Afaria eta saioa 10 €-tan salgai honako lekuetan:



– Itzubaltzeta gaztetxean
– Gure Etxea tabernan
– Brankan
– edo albegetxo@gmail.com-era mezu bat bidaliz edo 605704385 telefonora deituta.



 


 

JONE URIA URIBE KOSTAKO TXAPELDUN

Hiru kanporaketa egin ondoren, larunbatean egun handia iritsi zen: Uribe Kostako finala. Sei bertsolari, nor baino nor gehiago, txapel preziatuaren bila eta Bizkaiko Txapelketarako txartela lortzeko asmotan.

Uribe Kostako Txapelketari buruzko historia oso ondo laburtu zuen Xabi Paya gai-jartzaileak:

Uribe Kostako lehen txapelketa 1994an egin zen, egunotan mende erdiko ospakizunetan dabilen Algortako Bidebitarte txokoan. Saio aitzindari hartan, Uribe Kosta, Uribe Butroe eta Txorierriko sei bertsolarik parte hartu zuten, tartean Unai Elorriaga idazle ezaguna. Txapela lehiakide txikienak eskuratu zuen, artean ilean marra egiten zuen ume ahotseko Fredi Paia, 13 urteko mutikoa. 

Ordutik gure eskualdeak Bizkaiko Txapelketarako baliagarri izan diren saio guztietan parte hartu izan du, Ipar Uribe eskualde multzoko lehiaketan bertsolari kopurua handiena eskainiz.

Hamasei urte geroago, Uribe Kostak bere bertso aberastasuna erakusteko aukera berreskuratu du. Izan ere, Uribe Kostak, ekonomia oneko eskualdearen fama izateaz gain, bertsolaritzan ere ezin oparoagoa izatearen ospea behar luke. Horren seinale, Bizkaiko eskualde guztietatik aurten lehiara bertsolari gehien aurkeztu duena izatea. Eta, zin dagizuet, kantitatearen neurrikoa dela kalitatea ere. 

Saioa bizi joan zen, aipatzekoa da Aitzol de Kastro eta Itxaso Payak eginiko ofizioa zortziko nagusian; ale politak utzi zituzten. Zortziko txikian, Arrate Illaro eta Joanes Igeregik, edo Jone Uriak eta Aitzol de Kastrok egindako ofizioek entzuleen artean barre algarak sortu zituzten.

Lehen puntuak erantzutea ez da lan erraza izaten, baina hemen ere ale politak entzun genituen. Bakarkakoan, Aitzol de Kastrok, tragikoa izan zitekeen gaiaren aurrean, buelta eman eta entzuleen txalo zaparrada jaso zuen.

Lehen fasea bukatuta, epaileek erabaki zuten nortzuk igaroko ziren buruz burukora: Itxaso Paia eta Jone Uria. Hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten eta ondoren kartzelan hiruna bertso bota behar izan zituzten neurri eta doinu librean.

Hamarreko txikian, ale umoretsuak entzun genituen. Hegazkinean zihoazen biak, eta Itxasoren ondoan zegoen ezezagunak, Jonek, gogor besarkatu zuen paiatarra, ekaitza zela eta.

Kartzelan ale hunkigarriak entzun genituen. Biek sentiberatasun handia erakutsi zuten presondegira sartzen ari den neskaren paperean.

Kartzelaren ondoren, Jone Uria suertatu zen txapeldun. Hona hemen botatako azken agurra:

Jone Uria, Uribe-Kostako txapelduna

Trinok, Josebak ta Andonik
sortu zuten erresuma,
Miren, Goizalde, Xabi ta
Fredik orain lan astuna.
Nahikari ta Beñat, berriz,
bermatzen etorkizuna,
Geko eskolari esker
daukagu freskotasuna.
Itxaso, Arrate, Peru
lagun koadrila kutuna,
baita atzetik datorren
gazteagoen bilduma.
Nahiz ta bakoitzak daukagu
geure berezitasuna,
familia ederra da
denok osatzen duguna.

Hori baita ALBE, familia eder bat!

Ez dugu bukatu nahi, eskerrak eman gabe parte hartu duten bertsolari guztiei, gai-jartzaile taldeari, epaileei, Itzubaltzetako bertso-eskolari eta gaztetxeari, Txorimalo gaztetxeari, Ander Deuna Ikastolari eta saioetara inguratu diren bertsozale guztiei! Eskerrik asko denei!

Baten batek ezin izan bazuen hurbildu zapatuan finalera, edo berriz entzun nahiko balu saioa, hementxe du eskuragarri, www.ukberri.net webgunetik hartua:

Finala osorik entzuteko:

Txapeldunaren azken agurra:

ITZUBALTZETAN, ARRATE ILLARO NAGUSI

Ostiralean, Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako bigarren  kanporaketa saioa izan zen Erromoko Itzubaltzeta Gaztetxean. 84 pertsona izan ziren afaltzen eta 110 saioa entzuten.  Giro beroa egon zen, bertsotan egiteko ezin hobea.


 


       


 


            Bertsotan Oier Iturralde “Atano”, Peio Ruiz de Agirre, Josu Landeta, Arrate Illaro, Gabi Basañez eta Peio Arondo aritu ziren(azken honek ez zuen puntuatu) Ekain Landa “Txispain”-en aginduetara. Epaitzen, aldiz: Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Trino Azkoitia eta Nahikari Ayo.


 


            Giroa bero zegoen, bertako bi bertsolari abesten zutelako eta koadrila asko hurbildu ziren. Ofizioka, orain arteko saiorik borobilenak entzun ziren, eta aipatu beharra dago Josu Landetak eta Peio Arondok egindakoa zortziko txikian. Bakarkako saioak azkarrak eta biziak izan ziren.


 


            Arrate Illaro izan zen saioko garailea. Honek ere itxaron beharko du Algortako Txorimalo Gaztetxeko kanporaketari jakiteko finaleko txartela lortu duen.


 


1. Arrate Illaro 249,5
            2. Josu Landeta 217,5
            3. Gabi Basañez 192,5


4. Oier Iturralde “Atano” 185
            5. Peio Ruiz de Agirre 184,5


 


Hurrengo saioa, ostiralean izango da, hilak 28, Algortako Txorimalo Gaztetxean, hau ere bertso-afari formatuan. Bertan izango dira kantuan:


 


            Miren Loizaga


            Joanes Igeregi


            Aitzol de Kastro


            Jone Uria


            Ekaitz Larrazabal “Katxo”


            Jagoba Pereda


 


            Saiora etorri nahi izanez gero:


 


            – Gaztetxean eman izena
            – Email bat bota albegetxo@gmail.com –era edo


            – SMS bat bota 605704385era.