Etiketa honen artxiboa: laudio

3-0!

3-0! ALBEko hiru bertsolari sailkatu ziren Txapelketa Nagusiko azken laurdenetarako eta hirurak lortu dute finalaurrekoetarako txartela. Atzo, Laudion, Fredi Paiak lortu zuen.


           Fredi, Jone eta Xabi


Atzoko saioan, Miren Amurizak lortu zituen puntu gehien, 655,5 eta ondoren Fredi sailkatu zen 649 punturekin. Inoizko saio erregularrena egin zuen Fredik. Esan daiteke saioak goia jo zuela Mirenek eta Fredik hamarreko txikian egindako lanarekin. Honako gaia jarri zieten: Zuk, Miren, bost urte daramatzazu zaharretxe batean bizitzen. Fredik gaur du bere lehen eguna, eta Mirenen gelan jarri dute.


Mirenek aipatu zuen gogaituta zegoela txoriekin hitz egiteaz eta Fredik honakoa erantzun zion: «Faltan botako duzu / txori eta kanta / gaur ekarri dizute / pajaro galanta».


Kartzelako gaia honakoa izan zen: Mila aldiz pentsatu izan duzu ez duzula berriro gezurrik esango, baina berriro esan duzu. Hau izan zen botatako azken bertsoa:


Hurrengo astean beste saio bat
hauxe da buruhaustea!
Zintzotasuna, fideltasuna
bikotearen eskea
ezin dut harri egin gorputza
ta titanio hestea
bertso kantuan ibili ezkero
sentitzen bainaiz askea.
Bikoteena epe luzera
beti izango da tristea
hipokrisia da aukera bat
represioa bestea.


Saioa bukatu eta puntuaketak itxaron genituen irrikaz. Bagenekin Jone Uriak eta Xabi Payak finalaurrekoetarako txartela ziurtatuta zutela. Lehen esan bezala, Fredik aurrera!


Aipatzekoa da Iñaki Aurrekoetxeak Berrian idazten duen zutabean ALBEri egindako aipamena: Bertso Eskola eraginkorraren saria ematen digu:


“Hiru kidek kantatu dute final-laurdenetan, eta hirurek egin dute aurrera. Konbentzioz erdalgune deritzogun horretan dihardu Algortako Bertso Eskolak, eta Txapelketa Nagusian Uriak eta Paiatarrek urratsen ari diren bidea nago bertsogintzaren historian eta, zergatik ez, euskalgintzarenean ere, aipamena merezi duela. Hiruk kantatu dute, baina atzetik beste hogeita hamahiru izan dituzte saiorik saio babesa ematen. Talde lan polita egiten ari dira.”



Beste sari bat eman dio Frediri, erregulartasunarena.


Txapelketako lehen fasea ezin hobea izan da gure eskolarentzat. Finalaurrekoetan egurra ematera joango dira Jone, Fredi eta Xabi.


ZORIONAK HIRUKOTE!


ZORIONAK ALBE OSATZEN DUGUN GUZTIOI!


Laudioko saioari buruzko estekak:


Berriako kronika 
Iñaki Aurrekoetxearen analisia
Gara
Deia
Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoa.com

AUPA FREDI!

Azken laurdenetako azken saioa izango da larunbatekoa Laudion. Bertan erabakiko da finaulaurrekoetara pasatzen diren bertsolariak eta ziur gaude jendetza hurbilduko dela saioa.


Pasa den larunbatean bezala, ALBEk ordezkaritza izango du saioan. Oraingoan Fredi Paiaren txanda izango da. Bere hirugarren Txapelketa Nagusia izango da eta aurreko edizioetan bezala, finalaurrekoetara pasatzeko helburuarekin joango da.


                        


Honako bertsolari hauekin lehiatu beharko du Fredik txartela lortzeko: Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Iñigo Izagirre, Onintza Enbeita, Jon Martin eta Miren Amuriza.


            laudio_bertsolariak[1]


Zita, larunbatean, hilak 24, arratsaldeko 17.30etan Laudioko Granja Kiroldegian.


Egurra Fredi!