Jakingo duzuen moduan, zapatutik Gabi gure artean da. Eta honen berri emateko, Josu Landetak bertso sorta eder hau bidali digu. Ongi etorri Gabi eta eskerrik asko Josu!
GABIREN ETORRERAREN BERTSO KRONIKA
Doinua: Mutil koxkor bat
Goizean goizik itxi genduan
gure etxeko oskola,
eta Sopelan parrandarako
presta ginen edonola.
Aurkezle batek hasiera emon
zeuen hala edo nola,
halako baten harexek bor-bor
imini euskun odola,
danori esanik Gabi Basañez
jada kalean egola.
Egun osoan kantu ta bertso,
ta esaeren arretan,
barrutik siku ez ginen egon
inor bez egun horretan.
Guk motiborik bagendun alai
egoteko kaleetan,
arratsaldean iragarri zan
gure arteko barriketan
ongi etorria izango zala
gabeko bed(e)ratziretan.
Ehunetik gora edo berrehun bat
batu ginen kale hotzean,
hantxe presturik kanta egiteko
gure Gabi etortzean.
Soinu giroan han bertso eskola
egon urduri antzean,
hantxe hasi ginen kantuan eta
jarduera amaitzean
Gabi apur bat hunkitu eikigun
esker ona agertzean.
Baina onenak ez zeuen iraun
nahiz falta ez ziren gogoak,
halako baten asma genduzen
mogimendu latz zoroak.
Goiko partetik etorko ziren
mozorrotu arraroak:
han Hanka Biko Txakur Gorriak
jend(e) artetik igaroak,
ozpin puntu bat hartuko zeuen
gabeko geure giroak.
Oihu ozenak, “alde hemendik”,
entzungo ziren tarteko,
baina ikusi gendun musikaz
ibilko ginela hobeto.
“Eusko gudari”, “lepoan hartu”
beste horreekin ederto,
une batean Katxo handiak
esan eutsen hau (eg)iteko:
gure artera hurbildu ezkero
bertsoren bat botateko.
Algara eta poza tentsio
puntu batez ezarrita,
halandabere ez gendun euki
hantxe agoa itxita.
Hodei baltz eta pozoitsu latza
izan zan hango bisita
baina aurrera segitu gendun
alaitsu (e)ta ez etsita,
denbora aurrera joan ahala dana
doinuz ta tragoz jantzita.
Komitearen barruan izan
zan gure hurrengo jarduna,
leku txikerra jende artean,
soinu, pandero bilduma.
Duda gaberik ha zan taberna
alaitsua baina estuna,
harexegaitik argi izan gendun
kanbia behar genduna,
eta segitun bisita gendun
“Ocejo gure laguna”.
Ocejonean ezin sarturik,
ta handik kalera atera;
kanpoan bazan leku handia
ta dantzarako sobera,
gure doinuaz izan euden ta
batzuk hartarako aukera;
beste batzuek kantuz jardunik
ebizen gora ta behera,
algara ozena zabaldu gendun
Katea auzo aldera.