GERNIKAKO FINALAURREKOA

1800 bertsozale jaso zituen igandean Gernikako Jai-Alai pilotalekuak. Finala gero eta gertuago dago eta giroa gori-gori bertsozale eta bertsolarien artean.


                                  Jone Uria Gernikan


Finalaurrekoetako bigarren itzuli honetan, Gernikan abestea egokitu zitzaion Jone Uriari. Ikusmira zegoen, gazteak eta beteranoak aurrez aurre. Sustrai Colinak batu zituen puntu gehien, baina oraindik Belodromoan gertatzen denaren zain geratu beharko da.


Aipagarria izan zen Sustrairekin egindako kopla saioa. Honako gaia jarri zieten: Apustuzaleak zarete biok. Duela astebete, elkarrekin egin zenuten apostua, urtebetez aposturik egin gabe nork agoantako ote duen. Frontoia zaudete biok, ezinegonik. Koplatan egitea konplikatua da eta are gehiago txapelketa batean. Baina horrela erantzun zion Jonek Sustrairi:


Nahiz orain zabiltzan Sustrai
ni izorratzeko planean,
apostua ez da apostu izaten
dirurik ez dagoenean.


Zortziko txikian Beñat Gaztelumendirekin egokitu zitzaion kantatzea. Bizilagunak zarete Jone eta Beñat. Beñaten pisu azpian bizi zara, Jone. Lau gau dira Beñatek goizeko 3etan aspiragailua pizten duela. Joneren lehen bertsoa jarraian<.


Lo egoten nahiz beti
nire ametsetan,
eta gero hasten da
hau ez dakit zertan!
Harrituta naukazu
zu Beñat, benetan,
beti garbitzen duzu
parrandatik bueltan.


Kartzelako gaian, gehienek bide bera hartu zuten. 300 eurorekin irten zara etxetik, eta ezer gabe itzuli zara berriz. Parrandan joan eta dirurik gabe itzuli zirela abestu zuten gehienek, nahiz eta baten batek bide zailagoak aukeratu.


Honela geratu zen sailkapena:


Sustrai Colina 655
Igor Elortza 641
Beñat Gaztelumendi 634,25
Miren Amuriza 631,25
Jone Uria 613,25
Jon Martin 606,5


Estekak:


Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoa.com
Berria
Gara


Eta bukatzeko, Joneren azken agurra:


Udalekutan mila lagun ta
une datozkit gogora,
eskuetatik nahi gabe ihes
joaten zitzaigun denbora,
eta parrandan zenbat alditan
elkartu garen gerora.
Bertso-eskolan ere ze giro
aurrean duzue froga.
Eskolak jaso edo emanda
etxeratzea gustora.
Ta saioetan ze emozio
zuen txalotik txalora.
Zorionez nahiz ta BEC betetzea
den azken aldiko moda,
bertso mundua txapelketa bat
baino askoz gehiago da. 


Fredi, Xabi eta Jonerentzat txapelketa bukatu da. Lan ezinhobea egin dute eta harro gaude! Baina Joneren bertsoak esaten duen bezala, bertsolaritza txapelketa baino askoz gehiago da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude