Komite Zentrala

Carvalho. Vazquez Montalban. EAK.

Duela zortzi egun bete zuen mendea Espainiako Alderdi Komunistak. Batez ere gerra bezperatan eta frankismoan egin zen ezagun, erresistentzia antifaxista Espainian bertan burutu zuen talde bakarrenetakoa izan zelako (bistan da Euskal Herrian eta Katalunian beste aktore batzuek zutela indarra). Post honetarako hautatu dudan liburuan zorrotz esaten den bezala, PSOEk 100 urteko historia baitu eta horietatik berrogei oporretan igaro zituen.

Garrido (autorearen oharra gora-behera nork ez du Carrillo ikusten hor, nahiz eta El PaĆ­s egunkariari emaniko elkarrizketan esan idazleak Carrillo berak eskuizkribua irakurri eta ia gehiena gustuko zuela) alderdiko idazkari nagusia hil dute Komite Zentralaren batzarrean. Garai delikatuak dira, ikusteke dago nork gobernatuko duen diktadura osteko Espainia bai alderdi mailan bai maila sindikalean, eta ez dira gutxi gerra berriro ere pizteko beldur direnak. Alderdiak bere kide ohi batengana jotzen du, Pepe Carvalho detektibearengana, auzia iker dezan Fonseca detektibe ilunari monopolioa kenduta. Liburua, aski ezaguna irakurle helduarentzat, da Vazquez Montalbanen Asesinato en el Comite Central (Originala 1981ekoa, nik irakurri dudana Planetaren 2020ko edizioa).

Obra hasten da egun desagertua den Bartzelona gris eta turismo masibo aurrekoan. Hango lumpenaren parte da detektibea eta baita bon vivant hutsa ere jana eta edanari dagokionean. Carvalho ardatz duten liburuak ibilbide gastronomikoa dira aro foodiea hasi aurretik eta omenalditzat jo litezkeen Camilleri edo Alonsoren liburuek ez dute bistatik galtzen ezaugarri hau. Ederra da ere liburuak erretzearen kontu hori, harrapazak Ray Bradbury, eta bitxia Freuden oihartzuna duen autorearen zioa, lehen aipaturiko elkarrizketan ageri dena. Gero etorriko da Madrilera bidaia eta hango faunaren zoologiko txikia, arreta berezia eskainiz kosmogonia komunistari eta honen estamentu ezberdinei (auzo batzarretik hasita Komite Zentraleraino, liberatuen bizi baldintzetatik pasata).

Zergatik irakurri behar den liburua? Batez ere protagonista bikain bat duelako eta politikoki zorrotz-zorrotza delako. Aintzat harturik zein zen urtea, 1981 urrun hura, bikaina da Vazquez Montalbanen klaribidentzia esaterako epika gabeko komunismoaz jarduterakoan. Belaunaldi erreleboa, gerra eta makien belaunaldiaren ordezkatze zaila, izan liteke komunismoak Espainian izan zuen hamaika motiboen artean interesgarrienetakoa. Gainera kritikoa da errebantxista izan gabe, Sempruni egozten dio hori egileak, eta bistan da ezagun duela gaia: zer esanik ez Santos pertsonaiaren etxean ageri den liburu zerrenda, ziur asko garai hartan etxe batzuetan egongo zena, komunismoarekin lotutako egile kanoniko hainbat ageri direna (221 or). Akaso despistatu nau horrenbeste zerbitzu sekretu ezberdinen arteko dantzak, haria jarraitzea zailtzen du, baina atmosfera zaindu eta darion belztasunak bizkor ahanzteranzten du hau

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude