Utopiak hamalau

Ametsak. Borroka. Martínez.

Zer esango dizuet ba. (Sasi) distopia bat idatzi eta berehala aldatu ziren haizeak parajeotan. Neskamearen Ipuina, Years & Years eta beste hainbat literatura edo ikus-entzunezko lanak alboratu eta mundu hobeak asmatzeari ekin behar omen zitzaion buru-belarri euskal kulturgile eta pentsalari askoren arabera. Nik asko estimatzen dudan jendea hori esaten entzuteak zer pentsa eman zidan, nire liburu egurtua zalantzan jartzeraino. Orduan iritsi zen Utopia no es una isla (Episkaia, 2020) irakurri beharra nor izateko eztabaidatan, hori baitzen lehen aipatu ditudanen ustean ezkerrak eta mundu honek behar duena bizi duen krisi sistemikoari aurre egingo badio: distopiak alboratu eta utopiak ekoizteari ekitea.

Liburua aise irakurtzen da. Layla Martínezek oso idazkera estilo ona du, batzuetan gehiegi behartzen den akademizismotik aldendua. Saiakera izan arren printza literario apartak ditu, errealitatean oinarritutako fikzio eskenatoki ugari manejatzen ditu eta denak egin zaizkit sinesgarri, eta aise irakurtzen da obra. Nik behintzat hiruzpalau egunetan irakurri dut liburutxo zaindua, eta hori geldialdi batzuk egin behar izan ditudala esaten duen guztiaz hausnartu eta ondorioak ateratzeko. Kasuren batzuk ezagunak nituen arren beste batzuk ez, esaterako Libertalia edo Aztlan ez zeuden nire mapatan, eta eskertzen diot hori. Gauza onekin jarraituz uste dut ondo biluzten duela egun neoliberalismoak egiten diguna, gure bizitzaren aspektu (ia) guztiak merkantilizatzea alegia, eta horrek ze eragin duen gure iruditerian. Sinple eta ondo azaltzen du hori nire ustez.

Bainen artean zalantza bat. Beno, hiru zalantza. Aurrenekoa, eta handiena, erlijio utopien aipatze eza da. Hitzaurrean aipatzen ditu nobelak, bideojokoak eta enparauak, baina ez dio ezer kristauen zeruaz, musulmanen paradisuaz edota hamaika sektek prometitzen dizutenaz. BIharkoari itxaroteak egungo esplotazioa justifikatu nahi izandu hamarkada askoz eta nik uste askori geneetan susmoa behintzat geratu zaigula halako promesen inguruan. Zerua eta lurra infernuan daude esaera horrek ez ote dion zeruaren existentziaren zalantzari eragin infernuari baino gehiago? Izan liteke, baina gogoan hartu Adornok zer esan zuen poesia eta sarraski eremuei buruz. Horri buruz ez dio ezer Martínezek, XX. mendeak utzitako beste zauri batzuei buruz eta akaso mereziko lukete aipuren bat.

Bigarren zalantza da beran distopiak akzio ezarekin, paralisiarekin, lotzen dituela baina nire ustez ez du zertan horrela izan. Katakrak liburu dendak bere egin duen abesti letra puskak dioen bezala, den-dena aldatu nahi nuke horrek energia handia mugitu dezake. Akaso ez dakizu nora joan, baina egungoak ez dizula balio argi duzu. Arrasateko parrokian frankismo betean Francoren alde hildakoen omenezko plaka zartatu zutenek argi zuten gutxi batzuk zirela eta ez herri osoa, ez zekiten zer pasako zen Francorekin eta apenas teorizatu zuten ezer, baina jasanezina zitzaien gerra kriminalen gorazarrea. Hor dago hamaika borrokaren ernamuina. Gero batu zitzaizkien ameslariak, horiek ere ezinbestekoak baitira, baina dena ez da ameslariz betetzen. Energia konbinazio bat da nire iritziz garai historikoak aldatzea ahalbidetzen duena.

Hirugarren zalantza bat, Star Treki egiten dion aipua ardatz hartuta. Ondorioetan dio Star Trek dela Bigarren Mundu Gerra ondoren etorkizun hobe bat irudikatu duen produktu bakarrenetakoa. Baina, neoliberalismoaren sorrera 70eko hamarkadan kokatzen bada horrek esan nahi du sortu aurretik ere apenas dagoela utopiarik. Hau da, neoliberalismo gabe ere kosta egiten zaigula etorkizun onena pentsatzea. Hori ez dator bat liburuko tesi nagusiarekin eta apur bat zalantzati utzi nau.

Gauza asko ondo egiten ditu Martínezek eta obra polita da. Dena den, eta hasierako paragrafoan esan dudanari helduta, distopiak eta utopiak kateatzeak ez du zertan beti ona edo txarra izan. Zeruak asko mugitzen du, ukaezina da hori, baina infernuko bailara eta harri azpialde bakoitza izendatzeko beste izen baduzu.