Su festak

Musika jaialdiak. Saiakera. Urzelai Urbieta.

Aurten atera da Jon Urzelai Urbietaren Su festak (Susa, 2023) saiakera eta esan liteke honezkero eduki duela sona eta irakurleen estimua. Urrian agindua denez Arrasatera etorriko dela liburua aurkeztera Kooltur Ostegunak ekimenaren eskutik baliteke hemen idatzi eta adierazitako batzuk ñabartu behar izatea gero nik, idazlea zuzenean entzuteko zortea badut bederen.

Halaber, eta sareetan agindu nuenez gero loreak banatu eta bainak platereratuko nituela, hona hemen liburuari buruzko hainbat burutazio.

TXALOAK

Liburua beharrezkoa da, pentsarazten dizulako besteak beste ea zergatik ez dugun eduki lehenago horrelakorik. Egia da azken hogei urteotan egin duela eztanda fenomenoak munduko hainbat tokitan neoliberalismoak harrotutako olatuan, Euskal Herriko adibideak hor ageri dira irakurri nahi duenarentzat, baina komunitate gisa lehenago ez erantzun izana gure tamainaren txikiaz gain beste zerbaiti ere zor diogu akaso: kultur moldeen inguruan beharrezkoak diren hausnarketa faltak.

Liburua oso ondo dokumentatua, landua eta solidoa da. Zentzu horretan idazlearen lana eta meritua goraipatzea da egitea dagokidana. Txalogarria eta zoriontzekoa da.

BAINAK

Maketazioarekin izan ditut gorabeherak, beste irakurle batzuekin hitz egin ostean nolabait berretsi ditudanak. Irakurtzeko ez da liburu erosoa. Marjina estuek txosten itxura handiago ematen diote lanari liburuarena baino -akaso nahita biltatutako forma da, edota erosleari prezioak merketzeko eginiko estrategia- eta oro har Susarengan ohikoa ez den moduan, zaintzen baitituzte eta asko liburuen itxurak, uste dut merezi zuela beste arreta bat obrak.

Bigarren gorabehera da egituran galduta egon naizela maiz. Bada hari kronologiko bat planteamendu zirkular batean – koba/basoa/herria/hiria/koba – eta ni behintzat ez nau konbentzitu. Kosta zait konektatzea eta une batean baino gehiagotan burua orri artetik atera behar izan dut pentsatzeko ea non ote nagoen. Bistan da izan litekeela baten abuztuko neurona xehetu eta nagituen errua, baina ez zaidanez hori pasa hilabetean irakurri ditudan beste hiruzpalau liburuekin hor doa duda.

HARI-MUTURRAK

Bainen hariak gorrotagarriak dira platerean. Baina batzuetan hor daude eta hari-mutur horietatik tira egitea da plazerik handienetakoa, haria motza dela uste eta bat-batean egon zintezkeelako bidaia zirraragarri batean.

  1. Hari-muturra: Hiri Buruzagia. Hedoi Etxartek badu marketin kanpaina arrakastatsua ekialde loriatsuarekin lotua eta Su festak lanaren egileak ere han jartzen du itxaropena. Ez dut dudarik ederrak ez direnik han egin dituzten kultur ekimenetako batzuk (Nola? jaialdiak, Iruinkokoa etab) baina oro har badut Iruñea espejismoa denaren zalantza, Euskal Herriko panorama etsigarriaren aurrean. Gure inguruko gaztetxeetatik apenas geratzen diren bakar batzuk musika egitarau sendoarekin, duela mende laurden ohikoa zenean Gipuzkoa mendebaldean halako hainbat egotea. Esan nahi dudana da Iruñea hiriburu dela eta akaso haren indarra ere izango da Euskal Herrian hiriburuek egiten duten fagozitazio indarraren ondorio, Nafarroa osoko panoramaren argazkia hartuta akaso egoera bestelakoa litzatekeelako. Herri txiki batean bizi den pertsona gisa kezkaz bizi dut maiz udalen esku soilik geratu izana kultur egitaraua eta tabernei jarritako traba, gaztetxeen apaltze eta antolatzaileen gainbeheragatik. Iruñera itzulita uste dut interesgarria dela gertatzen ari dena, baina denboran duen iraupenak erakutsiko digu ea zer den benetan geratzea lortzen dena.
  2. Liburua irakurtzen ari nintzelarik Umberto Ecoren liburutegiari buruzko dokumentala ikusteko aukera eduki nuen. Uste dut Ecok aipatzen duela han gure garaiko gaitz bat, hein batean lotua dena ere jaialdien arrakastarekin: dena aldi berean edukitzeko nahia, bizi dugun metatze obsesio hori. Internetek ekarri du orain arte ezinezkoa zena -sareen eragina ere ez da apala izan nik uste ohitura aldaketatan- eta, adibidez, klik batean Iron Maidenen diskografia dena jaitsi liteke eta horrek enpatxoa sortzeaz gain gosea ere pizten du. Badakit paradoxa dela, baina esango nuke gero eta musika gehiago gorde berau entzuteko gogoa apalagoa dela, horrek ez duelarik ekiditen are gehiago nahi izatea. Jaialdietan ere maiz nahi izaten da enpatxo hori, Wacken jaialdiko kartelak jebi bati sortzen dionaren parekoa, nahiz eta jakin maiz talde horietako asko ikustea ezinezkoa dela ordutegietan bat egiten dutelako -horrek dakarren antsietatearekin- han egon beharra dago.
  3. Manu Chaori buruz Peter Culshawek idatzitako liburua izan da abuztuko beste irakurgai bat eta han Chaok musikaren negozioari eskaintzen dizkio berba asko, nolako oreka zaila bizi izan duen pentsamendu altermundistako ikonoetako bat izan eta jada Mano Negraren garaitik Virgin disketxe multinazionalarekin sinatu izanak. Chaok dio maiz jo izan diotela adarra eta ordutik tarte handia eskaintzen diola musikari gisa jakiteari non jo behar duen eta zertarako. Ez dakit zer eska dakiokeen musikari bati norberari eska ezin dakiokeenik -maiz guk geuretzat nahi ez dugun hiperkoherentzia bat exigitzen baitiegu artistei- baina ezin dut ukatu begiak plateren pare ireki izan ditudala BBK Live eta antzeko jaialdi batzuetako karteletako musika talde batzuk ikusita. Euskaldunak, euretariko asko, eta Chaok ez bezala bi galderekin jaialdia nork eta zertarako antolatu duen jakiteko modua zutenak.
  4. Kontrara, oso ados nago egileak Berri Txarraken ibilbidea jartzen duenean azken urteotako aldaketen paradigma gisa. Ados nago eta gainera eskertzen diot kariñoz aritzea taldearekin, uste baitut hala jokatu behar dela haiekin.

ONDORIO GISA

Baina eta hari-muturrekin luzatu naiz, hein batean txiolandian edukitako iritzi truke batean egileari ulertu niolako nahi zituela hauek jakin. Jabe naiz ez dela gai bat askorik kontrolatzen dudana -egia da 1997 urrun hartan hartan joan nintzela lehen aldiz EHZra laguntzaile gisa, baina gauza bat da ricarda nola zerbitzatu ikastea eta beste bat non nengoen ulertzea- eta nire argudioak lastozko etxeak direla Jon Urzelai Urbietaren putz egite indartsuaren parean. Baina uste dut egilearen ahaleginak merezi zuela blogean lekua. Espero dut irakurle gisa egile beraren beste hainbat obra etorriko direla.