Magia

Patua. Trenak. Swift.

Nire autore gogokoenen artean, zalantzarik gabe, Graham Swift da gustokoenetakoa. Haren Last Orders mundiala izugarri gustura irakurri nuen, baita The light of day eta azkeneko Mother’s day. Irakurri dudan bere lanetan azkena, 2022an bertan Anagramak argitaratutako Bueno, aquí estamos (Originala Here we are 2020koa, gaztelaniara Antonio-Prometeo Moyak itzulia) zeharo gomendagarria da. Ez akaso lan borobil-borobila delako, baina bai pertsonaia eta detaile zoragarriak dituelako.

Trama hiruki bat da, klasikoa. Ikuskizun berean lan egiten duten hiru artista gazteren arteko hirukia.

Batetik Ronnie magoa dago, artistikoki Pablo Handia izena duena: Londresko langile klaseko haurra, aitaren absentzia sufritzen du, amarekin harremana ez da erraza eta da biziki sentibera. Ronnie, Ingalaterrako beste hainbat haur bezala, Bigarren Mundu Gerrako bonbardakengandik babesteko landa eremura bidaltzen du amak. Ekintza horrek emango dio Ronnieri aberastasuna eta albi berean dilema: bi familia ditu, hain gozo hartzen baitute Evergreneko harrera baserrian, eta horrek zalantza pizten dio bihotzean.

Bestetik dago Evie, mago laguntzailea, amak artista izateko audizioz audizio zeramana baina ahots txar bezain hanka politen jabe dena. Ronnierekin hitzartuko du ezkontzea, prometitu da, eta eraztun dotorea darama hatzetan hori frogatzeko. Nobela hiru ahotsetara narratzen bada ere, Swiftengan ohikoa da teknika hori, bukaeran Evieren ahotsa da entzungo duguna batez ere. Ez da ahots garbia berea.

Bukatzeko Jack dago, pikaroa, Ronnieren laguna eta aurkezle talentuduna. Jackek publikoa irabazita dauka, badaki nola eraman saio bat arrakastatsua izan dadin eta neskazale porrokatua da.

Horrela kontatuta ez dirudi zera handirik denik. Baina gero, ai gero, detaile txiki eder askoz osatzen da: esate baterako Ronnieren bizitzan, zeharo maiteminduta nauka pertsonaiak, trenek betetzen duten rol tragikoa. Edota erabaki bakoitzak eragiten duenaren jabe nola egiten diren pertsonaiak hain modu nabarmenean. Sentiberatasuna eta pertsonaiekiko errespetua da Swiftek ereiten duena orri bakoitzean. Eta adi, ez da nobela hunkibera, hunkiberatasunaren aurka ezer ez dudan arren: nobela eder eta tristea da, Joxe Ripiauren abestia bezalakoa.

Igandea

Switft. Mirabea. Askatasuna.

Maiz aipatzen da belaunaldi loriatsu baten baitan (McEwan, Rushdie, Barnes…) eta ohoretik beste du ezkutatzetik horrek niretzat, zoritxarrez. Arrasateko bibliotekak aholkatuta, baditu hainbat obra nabarmenduta ate ondoko apaletan, eta bi metrotik gertu dauden begien parean tokatu zitzaidanetik Últimos Tragos nire egile gustukoenetakoa da Graham Swift.

Oraingo honetan Ser irratiko programa baten gomendioari esker deskubritu dut bere El domingo de las madres (Anagrama 2017, Jesús Zulaikak itzulia) nobela. Bertan Jane Fairchild neskame umezurtzaren mataza apur bat askatzen du idazleak, batez ere Nivendarren etxean lanean ari den urteetako haria. 1924a da, gerrak eroan zituen mutil gazte ugari eta aberatsak behea jotzetik ez oso urrun daude. Jane, neskameak, Paul Sheringam aberats kumearekin duen harremana ez dago momentu onean mutila ezkontzear baita.

Itzela da narrazioa, batez ere nola gehitzen dituen ore geruzak Jane eraikitzeko: klase sozialen indarra, zurztasuna, prostituzioa, maitasuna, hezkuntzaren garrantzia, liburuen gakoa, idazlearen bulkada… Eta nire ustez narrazioan datza ederraren funtsak, era habilean harilkatzen dituelako denborak eta pasarteak Janen kontakizunean. Beste edonork porrot egingo zukeen lekuan erdiesten du arrakasta Swiftek.

Amen igandean kokatzen da istorioa, narratzaileak berak dioen moduan 1924an gainbeheran egon arren oraindik indarrean zen jai eguna, morroi nahiz neskameei jai ematen zitzaienekoa haien amak bisitatzeko. Zein da umezurtzaren ibilera hain data seinalatuan?

Así que para acudira a su cita con un libro -con Joseph Conrad- torció hacia la izquierda y luego volvió a torcer hacia la izquierda: así llegaría a Beechwood antes de lo necesario, aunque no directa y rápidamente. Aún podría disfrutar de aquel sol glorioso y de la emoción que emitía un zumbido y un runrún. Algo que podría guardar grabado en la memoria para siempre.

Bizikleta askatasun haizea zen emakumeentzat bigorexiak maskulinoak zanpatu arte, gure inguruotan behintzat. Hartu liburua, Etxeondoko maillotean aise kabitzen den modukoa, ez duzue damurik hartuko.