Blue lives matter

Polizia. Marlowe. Azpikontrata.

La hermana pequeña (Raymond Chandler 1949, Juan Manuel Ibeas Delgadok itzulia, RBA 2017) ez zait iruditu Marloweren serieko onena. Nekea sumatzen zaiolakoan nago, gerra ondoreneko txinparta artean bere lekua ezin aurkitu ari den gizona da, iraganaren nostalgia betean. Gezurra dirudi lau urte beranduago egile berak indarra hartu eta Adiorik ez bezalako lan puska idazteko adorea edukitzeak.

Ez da istorio txarra, ez pentsa halakorik arren, baina maila altu egonda ba beti dago obraren bat horra ez iristeko arriskua. Kasu honek baditu Marloweren abenturatan ohikoak diren aktoreen luxu dekadentea, gangsterrak, eskrupulu gutxiko managerrak, femme fataleak, polizia ankerrak eta denen artean libratzen den legearen agente ondradu bakarra. Marlowek, fiskaltzarentzat lan egindakoak, azken honekin enpatizatuko du baina era berean badaki ez dela aski sistemaren inertzia ustelari buelta emateko. Duela zazpi hamarkada argi ikusi zuen hori Chandlerrek eta hori ez zuela arrazakeria edota bestelako jite batzuetako gaietan arakatu nahi izan. Bestela ezkortasuna tragikoa bihurtuko litzaioke. Polizia burgesiaren tresna dela dio komunistak, irlandarren mafia dela filmetako gaizkile italoamerikarrak eta Hedoi Etxartek dioen moduan poliziak pobreen etxeetan jaio ohi dira, ez parlamentarienetan. Frantzian badute polizien inguruko azterketa antropologiko ugari, klase edo jatorriari buruzkoak esate baterako, baina hemen dugun apurra Bilboko Muga taberna ezaguneko jabe ohi Juankarri gogoratzen diot elkarrizketa batean: gutxi gorabehera zioen Ezkerraldeko rokabiliak bilkatu zirela ertzain kolpetik, egun batetik bestera.

Ez dakit rokabili diren poliziak, lanpostu on baten bila ari diren langile xume edota biolentzia gustuko duten manporrero. Edo denetik apur bat. Erne ibili behar da dena den, ze pertinentea hitza, poliziaren baitan diren ultraeskuineko elementuekin. Alemanian serioa hartzen duten gaia, hemen bistan da ezetz.

Egungo ereduarengan ez dut batere federik. Baina, oraindik irudikatzen ez dudan baina desio dudan etorkizun ederra iritsi artean polizia beharko badugu, hobe poliziaren izaerari buelta eta erdi ematen badiogu. Bestela, Marlowek bezala justizia beste nonbaiten bilatzeari ekin beharko diogu emaitza ez beti onez:

-¿No cree que tiene usted ciertas obligaciones para con la justicia?

-Lo creería… si la justicia fuera como usted.

Pasó sus largos y pálidos dedos por su enmarañada cabellera negra.

-Podría darle muchas respuestas a eso, Pero todas vienen a sonar igual. El ciudadano es la ley. En este país todavía no se ha llegado a entender esto. Pensamos en la le como si fuera un enemigo. Somos una nación que odia a la policía.

-Va a ser muy difícil cambiar eso- dije-. Tanto en un lado como en otro.

Beltzek ezin dute arnastu Amerikako Estatu Batuetan eta poliziak entzungor egiten die. Blue lives matter diote bakarrik patruilatzeak dakarkien arriskuei bizkarra emanda, zerbitzu publikoen urteetako murrizketa neoliberalaren ondorioak gutxietsiz, eta haiek bizi duten (ustezko) zaurgarritasunaren erantzukizuna Estatuaren babesik gabe geratu diren herritarrei egozten diete. Kuriosoa da nobelan nola polizia batek aurpegiratzen dion gure detektibeari bere jarduna polizia lanaren azpikontratazioa dela, pribatizazioa. Ez nuen hala ikusia detektibeen jarduna, gezurra badirudi ere. Iradokitzailea da.

Kanadarik ere ez dugu amesteko, haur indigenen hobi komunez josia da Los Angeles zikinaren ifrentzua. Gustura jakingo nuke Marlowek zer esango zukeen horri buruz.

Begira nago begira

Chandler. Marlowe. Polizia.

La venta alta (Raymond Chandler, itzultzailea Juan Manuel Ibeas Delgado, Todo Marlowe, RBA 2017) nobela honetan ez du zorterik gure detektibeak. Izan ere, Murdock emakume aberats eta manipulatzaileak kontratatu duenetik hilotz artean igarotzen du eguna. Beste behin Californiako erretratu ona eskaintzen digu Chandlerrek, aberatsen jauregiak eta apartamendu kirasdunak egun berean zapaltzeko gai den pertsona bakarraren eskutik. Halakoa baita Marlowe, hiria ondo ezagutzen duen gizona eta gai dena krimenaren atzetik kaleetan barrena egun edo gauez aritzeko.

Kasu honetan desagertutako urrezko txanpon baliotsu bat da haria ematen diguna irakurleoi Marloweren ibilerak jarraitzeko. Gajoa, mihiak zangotrabatua eta bihotzaren zamak akitua, dena ondo egiten du dirua metatu ezik. Printzipio irmoen jabe, Merleren alde egiten duena da horren lekuko, erromantikoen narraskeriaren jabe da: bera zaindu baino hobe beste batzuk zaindu. Are gehiago benetan apreziatzen duen jendea igogailu-zaina, txoferra edo tabernaria bada. Edozein lanbide xume polizia ezik, izan ere, nobela honetan zerbait gustatu bazait poliziari buruz eginiko hausnarketa sakona da. Esate baterako, argudiatzen duenean Marlowek ezin duela norentzat lan egiten duen esan, nahiz eta horrek asko lagunduko liokeen bizimodua arintzen, ez delako poliziaren egiteko moduez fio. Hau esaten dio Breeze polizia detektibeari, etxera polizia on eta polizia gaiztoaren jokoa jokatzera joan zaizkionean:

-Mientras ustedes no sean dueños de sus propias almas -dije-, no tendrán la mía. Mientras no se pueda confiar en que ustedes, todas y cada una de las veces, en todo momento y en cualquier circunstancia, buscarán la verdad y la encontrarán, caigan las cabezas que caigan…, hasta que llegue ese momento tengo derecho a hacer caso a mi conciencia y proteger a mi cliente de la mejor manera que pueda. Hasta que pueda estar seguro de que no le harán a él más daño que beneficio que le hacen a la verdad. O hasta que me llevan a rastras ante alguien capaz de obligarme a hablar.

Badu komisaldegien usainari buruzko beste pasarte gogoangarri bat, edo eraikin horietan legeak duen lekuari buruzkoa. Zuen esku uzten dut horiek aurkitzea, bidean topatutakoak ere mereziko duelakoan.

Panpina

Marlowe. Chandler. Beltza.

Ziur asko gaztelaniatik gorroto dudan hitzen bat baldin badago hori muñeca da, eta ez nabil Alber Rocak hegaletik sartzen zituen goletan erabiltzen zuen gorputz atal horri buruz, emakumeei deitzeko modu kolokial-kutre horri buruz baizik. Chandlerrek berak bere eskutitzetan ametitzen zuen kaskarra zela izenburuak aukeratzeko orduan eta hau ez zen salbuespena izan. Liburua, jakina, Adiós muñeca da (Raymond Chandlerrek 1940an idatzia, José Luis López Muñozek itzulia eta RBAk Todo Marlowe alean argitaratua 2017an) eta Betiko Loa arrakastatsuaren ondorenean argitaratu zuen, soilik urte bat beranduago.

Bertan badirudi aurreko nobelako elementu lateral hainbat kentzen dizkiela egileak, erritmoa bizitzen du eta niri pena apur eman dit horrek egia esan; trama mehetuta sinplifikatu egiten du kontua, baina ez da horren aberatsa. Istorio honetan Marlowe kasualitatez krimen baten lekuko da eta ordutik lan batetik bestera doa, emakume ilegorri baten eta bi metroko preso ohi baten bila.

Tartean esango nuke Betiko Loan baino ilunagoa dela tonua nobelan, ordainetan ustelkeria eta klase boteretsuaren dekadentzia agerikoagoa eta horri eginiko kritika zorrotzagoa. Marlowek gehiago edaten du, jipoi handiagoak jasaten ditu eta mafiosoak beldurgarriagoak dira. Hitz batean esateagatik fisikoagoa da dena. Eta, halere, halako perlak irakur litezke: Parece lo bastante pobre para ser honrado.

Beti langileen alde Marlowe eta agintarien aurka, sufritzaile, justu, ahohandi, zorrotz, printzipiodun eta galai, naiz eta Anne Riordan pertsonaia horrekin ados egon ez. Detektibeetan detektibeena da, Sam Spade baino sakonagoa, Lambas baino polizien lagunagoa eta Ane Cestero baino sinesgarriagoa. Pobrea, edanzalea eta galtzailea. Lagun gutxi dituena. Anti-heroiaren definizioa.

Nahiko nuke Marlowe etorriko bazina Zaldibarko zabortegiko istripua ikertzera. Hemen ere inork ez ditu beltzen heriotzak ikertzen. Hemen arrazoia dugu baine ez diegu boteretsuei kilimarik egiten, hemen ere noizean behin bakarrik egiten da justizia, hemen ere itsasoa dugu eta dekadentziara doan gizartea. Californian aspertuko bazina horra gonbita. Ai zure printzipioak bagenitu…