Panpina

Marlowe. Chandler. Beltza.

Ziur asko gaztelaniatik gorroto dudan hitzen bat baldin badago hori muñeca da, eta ez nabil Alber Rocak hegaletik sartzen zituen goletan erabiltzen zuen gorputz atal horri buruz, emakumeei deitzeko modu kolokial-kutre horri buruz baizik. Chandlerrek berak bere eskutitzetan ametitzen zuen kaskarra zela izenburuak aukeratzeko orduan eta hau ez zen salbuespena izan. Liburua, jakina, Adiós muñeca da (Raymond Chandlerrek 1940an idatzia, José Luis López Muñozek itzulia eta RBAk Todo Marlowe alean argitaratua 2017an) eta Betiko Loa arrakastatsuaren ondorenean argitaratu zuen, soilik urte bat beranduago.

Bertan badirudi aurreko nobelako elementu lateral hainbat kentzen dizkiela egileak, erritmoa bizitzen du eta niri pena apur eman dit horrek egia esan; trama mehetuta sinplifikatu egiten du kontua, baina ez da horren aberatsa. Istorio honetan Marlowe kasualitatez krimen baten lekuko da eta ordutik lan batetik bestera doa, emakume ilegorri baten eta bi metroko preso ohi baten bila.

Tartean esango nuke Betiko Loan baino ilunagoa dela tonua nobelan, ordainetan ustelkeria eta klase boteretsuaren dekadentzia agerikoagoa eta horri eginiko kritika zorrotzagoa. Marlowek gehiago edaten du, jipoi handiagoak jasaten ditu eta mafiosoak beldurgarriagoak dira. Hitz batean esateagatik fisikoagoa da dena. Eta, halere, halako perlak irakur litezke: Parece lo bastante pobre para ser honrado.

Beti langileen alde Marlowe eta agintarien aurka, sufritzaile, justu, ahohandi, zorrotz, printzipiodun eta galai, naiz eta Anne Riordan pertsonaia horrekin ados egon ez. Detektibeetan detektibeena da, Sam Spade baino sakonagoa, Lambas baino polizien lagunagoa eta Ane Cestero baino sinesgarriagoa. Pobrea, edanzalea eta galtzailea. Lagun gutxi dituena. Anti-heroiaren definizioa.

Nahiko nuke Marlowe etorriko bazina Zaldibarko zabortegiko istripua ikertzera. Hemen ere inork ez ditu beltzen heriotzak ikertzen. Hemen arrazoia dugu baine ez diegu boteretsuei kilimarik egiten, hemen ere noizean behin bakarrik egiten da justizia, hemen ere itsasoa dugu eta dekadentziara doan gizartea. Californian aspertuko bazina horra gonbita. Ai zure printzipioak bagenitu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude