Francis Baconen triptiko bat

Apurtu. Kontatu. García Molina.

Ez dut gogoan noiz, non eta nola erosi nuen liburua. Akaso ONA liburu dendan erosia izan zen, Bartzelonan katalanezko azterketa egin nuen 2023ko maiatzeko asteburuan. Baliteke ere asteburu bereko ostiralean Hedoi Etxarteren “Els orientals” liburuaren aurkezpenean feriatu izana Calders liburu denda betean. Edo, nork daki, agian hilabete beranduago Lleida hiriburuan erosi nuen udako solstizio egunetan, katalandegiko azterketa egin nuen beste aldi gogoangarri hartan.

Ez dut uste faldoiak -uste dut izen hori duela- erakarri ninduenik, Premi Llibreter 2023 jarri arren. Gorroto dut liburuei paperezko kortse itsusi hori ezartzea eta erosteaz bat kentzea izan ohi da nire zeregin obsesiboetako bat. Gorroto dut baita ere gorroto dudan horren izenaz zalantza edukitzea, gorrotoaren hartzaile den horren izenarekin segurtasun eza edukitzeak nire gorrotoa bera ezbaian jartzen baitu.

Cristina García Molina idazle puska bat da eta, Els irredempts (La breu edicions, 2022), liburu zoragarria. Idazleak hitz hurrenkere bitxi eta indartsuak sortzen ditu. Baitaa tmosfera itxi eta biziak ere, estuasun txupito direnak. Irakurri aukera baduzue, benetan. Hemen lagin bat:

La poesia és un exili. L’oblit és un exili. La bogeria és un exili. La felicitat dels altres és un exili. L’èxtasi és un exili. La mort és un exili. El coneixement és un exili, el més gran. L’exili és un exili.

Miangolarratarrak

Erbestea. Eskuzabaltasuna. Literatura.

Idazle gutxi dago gurean ofizioa Patxi Zubizarretak bezain ondo dominatu eta ezagutzen duenik. Bere liburu bakoitza literaturari eginiko gorazarre bat da eta sentsibilitate nahiz ezagutza printzak uzten ditu nonahi.

Halakotan gerta liteke ere edertasunaren esklabu izatea idazlea eta lirikotasunaren estartatan galtzea istorioaren mamia. Ez dakit konparazioa zilegi den, bertso saioetatik hartua baita, non zuzenekotasuna eta kolektibotasuna batzen diren, baina liburu batzuk ederrak izanagatik ere “ez dira lehertzen”. Alegia, badagoela batzuetan prosa mota bat non marabilla ukitzen den eta era berean mokadua eginda ahoa bete gabeko sentsazioa geratzen zaizun.

Hala sentitu naiz ni Miangolarratarren uberan (Txalaparta, 2023) obra irakurtzean. Liburua eder-ederra da eta dudarik gabe merezi du irakurtzea. Kontatzen ditu Zubizarretak ezagunak (eta niretzat behintzat) hain ezagunak ez direnak: Sota familiaren nondik norakoak, erbestea eta haren paradoxak (arrakasta eta porrota izan baitaitezke berdin gaitzezgarri erbestean direnentzat sorterrian geratu direnen begietara) eta Euskal Herrian gutxi izan arren funtsezko izan den jende klase baten kasta: mezenas diskretu eta eskuzabalean.

Izan ere Miangolarra-Gorostiaga familia hainbat saltsatan nahasturik egon da modu erabakigarrian Venezuelako deserritik itzuli ostean: dela Vasconia liburuaren publikazioa, Ez dok amairuko diska grabazioak Groseko estudio klandestino batean, Herri Gogoa diskoetxea, Jon Miranderen poemen argitalpen berantiarra…

Azken mende erdiko epika abertzale nagusi bietan hanka bana zuten (epika instituzionala jeltzalea eta erreformarekiko disidentea zen abertzaletasunaren herrigintza epika) Miangolarratarren istorioak jakin ditu Zubizarretak nahasten hainbat pasadizo ederrekin: Huidobroren behiaren kontuak, Cernudaren olerkia mutiko bati, Maria Callas Bilbon egon zenekoa… Nik faltan eduki dut apur bat gehiago arakatzea gizon-emakume horien psikologian eta nolabaiteko sakontasun handiagoa eskertuko nuke hainbat pasartetan. Halaber, hau ez da “baina” txiki bat besterik ortu ederrean.

Oso latza izan da

Arregi. 1981. Mendiguren.

Artean liburua irakurri gabe nuela joan nintzen duela aste pare bat Bergarara, Monzonen Olaso dorre mitikora, han baitzen aurkeztekoa Oso latza izan da (Xabier Mendiguren, Elkar, 2023) liburua. Erdi gaixorik eta sukar dezima batzuekin, pena dut ezin izan nuela zukutu bi kolosok, Mikel Sotok eta Xabier Mendigurenek, esaniko guztia. Eta, bestalde, agian nire egoera pattal horrek lagundu zidan fokoan jartzen ekitaldi horretako kontu garrantzitsuena: pasioa.

Izan ere bi pasio nahasten dira obran. Bata, agerikoena, Joxe Arregi etakideak jasan behar izan zuena Madrilgo poliziaren kalabozotan. Kristok Pilatosen epaia entzun eta Kalbario mendian gora jasan zuenaren pareko, Arregiren isiltasunari prezio larregikoa jarri zioten txakurrek. Beste pasioa, egilearena. Zurrunbiloa baita barruan Mendigurenek zeramana lana idazteko orduan -hitzaldian oso ondo azpimarratu zuen hori- eta irakurleok ere datuen eta bizipenen -Gernika, Lemoiz, Arregi, Tejero- zurrunbiloan sartzen gaitu. Idazlaren hizkuntzarekiko maisutasuna, bere hipotesiak eskaintzeko orduan duen elegantzia eta, zergatik ez, azken kapituluko dialogoa eredugarriak dira torturaren tragediari txukun heldu nahi dion ororentzat. Jakin izan du gainera Mendigurenek Unzurrunzaga eta Amestoi ere narrazioaren jokoan sartzen eta haien bizitzei esker testuingurua aberasteaz gain izan ginenaren erretratu ederragoa ateratzen da.

Nik uste nuen tripak nahastuko zitzaizkidala irakurtzean eta ez da hala izan. Horregatik, beldurrez bada norbait ea gaia latzegia egingo zaion animatzen dut liburuari ekitera. Horrek ez du kentzen pasa zena pasa zenik, min ikaragarri handi baten kronika ez denik, baina maitasunez eginikoaren, kasu honetan gai gogor bati buruzko liburuaren, kalteak -kalterik baleude, eta ez da hau kasua nire ustez- beti dira goxoago.

Zorteko gara euskaldunok, Jon Alonso, Pako Aristi eta Xabier Mendigurenek jakin baitute guri iraganeko trantze gogorrak gogotara ekartzen. HIru gizon, kasik adinkide. Bada zerbait hor. Bukatzeko, data bat: 1981. Geratu urte horrekin, Mendigurenek elkarrizketatan esan duen bezala hor finkatu baitzen ia hiru hamarkadaz izan garena. Nobelagilearen ekarpena historiagileen zakuari.