Itogina

Jaio. Patriarkatua. Etorkizuna.

Euskadi Saria irabazi berri du Karmele Jaioren Aitaren etxea, Elkar 2019, nobelak eta irakurle talde ugarik, Aretxabaleta eta Arrasatekoak hurbileko adibide bi jartzearren, disekzionatu dute honezkero. Badu zerbait, beraz, Jaioren azken lan honek.

Gustura irakurtzen da eta di-da batean, denbora ezaugarri honek berarekin dakartzan ezaugarri positibo guztiekin. Horrek ez du esan nahi ez duenik zirrararik eragiten eta niri behintzat eman dit egun batzuetarako zer pentsatua. Inguruko emakumeek ere gustura irakurri dute, egin dudan sasi-inkestaren bidez jakin dudanagatik, baina batek aipatu zidan akaso zirrara handiagoa eragin ziola Katixa Agirreren Amek ez dute, Elkar 2018, liburuak. Nondik irakurtzen den zer, hurkoaren lekuan jartzeko gaitasunak zeharkatzen du irakurtzearen esperientzia.

Eta hor dago liburu honen hasierako korapilotako bat. Ismaelek, idazle heldu kontsagratuak, ez du lortzen emakumeen larruan jartzea. Sutsuki defendatzen du not all men, baina dardarizoak hartzen du jaietan edo oporretan alabak erasotuak izan litezkeela pentsatze hutsak. Horri lotuta Jasonek urteetako horma ikusezina pitzatzea lortu du hitzez hitz, bere gaueko idazketa saio klandestinoei esker. Jasone Ismaelen itzaletan egon da beti literaturari dagokionen (ez bakarrik hor) eta aspaldiko lagun baten parte hartzeari esker idaztearen zirrara berreskuratu du.

Jaiok ondo josten dubelaunaldi arteko hari hau. Ismael eta Libe bere arreba deserriratua, hauen gurasoak, Jasone, seme-alabek osatzen duten belaunaldi gazteena… Tartean gurutzatzen dira zaintza, patriarkatua eta bere balioak (ehizak duen protagonismoa), patriarkatu honek Euskal Herriko gatazka politikoan utzi duen arrastoa, matxismoaren bertsio ezberdinak (Ismael eta Jauregi)…

Ismaelen ezintasun hainbat bizi izan ditut orriak igaro ahala: Estudioan, ordenagailuaren aurrean eseri zara istorio baten lehen lerroa idaztera doanaren gogoz. Lehen lerroa idaztean beti dago gogo handia, zelai zabal bat begien aurrean. Idazketan aurrera zoazen heinean, ateak ixten doaz, bideak murrizten. Idaztea, askatasuna galtzen joatea da, lerro bakoitzean galtzen duzu apur bat, baina lehen lerroan idaztean libre zara, oraindik ez zara zure hitzen gatibu.

Emakume horiengana heldu nahi duzu hitzen bitartez, zer pentsatzen duen jakin, zer sentitzen duen erasotua izaten ari den une horretan. Zer esan nahi dizun, entzuten ez duzun ahots horrekin.

Jaiok liburu bukaeran erakusten dio ahots hori entzuteko bidea. Atzerantz ibili beharra du Ismaelek, kondairetako kobetatik atera behar den bezala. Ez Marirengandik ezer txarrik ez jasotzeko, kontrara, gure matxismoak jango ez gaitzan. Horrek askatuko gaitu gizonok, hori da behintzat obrari antzeman diodan mezua, ingurukoak nahiz gure burua kaltetzera garamatzan matxismotik.

Ez da gutxi, horrenbestez, aterabide bat eskaintzea ezinbestekoa den etorkizunari.