Mendimina

Gartzes. Kofradia. Erailketa.

Kuriosoa da alferkeria, beti gose den munstro hori. Gero eta gutxiago eginda are gutxiago egitea eskatzen duen bulkada. Nire kasuan alferkeria kirola da, azken hilabeteotan nahi baino gutxiago egin dudana, eta forma fisiko faltak galbana limurtzen du. Inertzia apurtzeko ezinbestekoa da borondate3 handia eta orduan dator ifrentzua, are gehiago eginez beti gose den emaitza bilatzea.

Testuinguru honetan tokatu zitzaidan irakurtzea Erri de Lucaren azken liburua, blog honetan iruzkindua, eta oraingoan Idoia Gartzesen Mendiko gaitza (Elkar 2020), Zubikarai sariaren irabazlea idazle honen ondoren eta biziki interesgarria dena. Bi liburuak dira erromantikoak mendizaletasunaren ulermenean, mendizale bakartien glosa, baina batak militantzia klasikoari egiten badio erreferentzia besteak ihesa eta obsesioari egiten dio. Gartzesek, horrez gain, federatutako mendizaleen eta mendi taldeen unibertsoa deskribatzen du, ezagutzatik abiatuta.

Liburua hasten da Arlet Anaut protagonistaren keinu erromantiko batekin, mendi postontzi batetako txartela jasotzea, eta horrek eroango du galbidera. Batetik bere asperger izaera bakartiarekin bat ez datorren bizimoduari egin beharko diolako aurre, telefono dei eta pertsona juntadizo andanarekin, eta bestetik han ezagutuko duelako Maitena, femme fatale klasikoa. Azken honekin ditu, eta bat nator Katixa Agirrek esanikoarekin, euskaraz idatzitako sexu pasarte onenetakoak, natural eta ondo idatziak. Bidean agertu zaizkio irakurleari argitu beharreko heriotza, ertzain tuntunak, Aralar mendilerroko paisaia eta euskal mundutxo batzuen zipriztinak. Aitortu behar dudan arren batzuetan Arleten gogoeten artean galdua aritu naizela, uste dut erritmoari kalte egiten diotela, beste pasarte askorekin gozatu dut. Hizkuntza dominatzen du, oso prosa aberatsa uzten du agerian, eta lortu du beste liburu batzuek ez bezala ni amaiera arte eramatea.

Merezi du oihartzun handiagoa obrak eta poztuko nintzateke idazleak argitaratzen jarraituko balu, gure letren munduari dakarkion freskotasunagatik. Edo, alfer nagoen honi, orrialde artean bederen mendian nagoela sinestearazteagatik.

Basotik atera eta menderaezin diruditen Osinbeltzeko haitzak agertu zitzaizkidan bistara. Harri-metatxoei jarraika hormari pega-pega doan xenda hartu nuen. Belarra luze zen, baina lehor. Tximinian gora eskuak erabili behar izan nituen. Sei metroko desnibela gainditu eta lapiazean nengoen. Kareharri zorrotzen arteko ildaskei eta arrailei begiratu nien. Zulo asko zegoen han gauza onerako. Oina sartuta, orkatila okertzea gerta zekizukeen gauza onena zen; osinen batean erorita, aldiz, elur-jausiaren ondoren non zauden ohartarazteko larrialdiko ARVA dispositiboa eramatea hobe!