Kalifornia. Steinbeck. Garikano.
(H)ilbeltza bekaren harira landa eremuan kokatutako liburuak irakurtzen ari naiz batik bat, nobela beltzekin batera. Ardura handia dut ea Aezkoa nola islatu asmatuko ote dudan. Orain arte ez dut irakurritakoen artan ase nauen ikuspunturik, denek baitute euren egia zatia eta aldi berean urruntasuna. Akaso platoniko nabil, ez dakit.
Sara Mesaren Un Amor nobelako protagonista hobe legoke Parisera joan balitz? Nire zalantzak ditut, nahiz eta ukaezian den zaurgarritasuna biluziagoa dena hiriaren aldiri eta landa eremuan. Dom Capistronen Bekatorosak lanak gako interesgarriak eskaintzen ditu. Jon Arretxe eta Ibon Martinen Pirinioak ez du nik ezagutzen dudanarekin batere zerikusirik. Txomin Agirreren Garoak deskribatzen duena, bere pasarte eder eta guzti, bere moral (gain)dosi eta guzti, Australia baino urrunago dago 2022ko giroaz.
Steinbeckek Kaliforniako nekazal komunitate txiki baten, Zeruko Belardien bizitza kontatzen du zertzelada gutxi batzuetan. Kaliforniako bailara txiki da eta Europako landa eremuarekin duen diferentzia azaltzeko egileak azpimarratzen duen datu bat: Amerikako Estatu Batuen mendebaldean familia bereko bi belaunaldi jarraian bizi badira etxe batean etxe hori zahartzat jo liteke. Ez da txikikeria hori. Egileak orrialdeak pertsonaia maitagarriz, zekenez edota ameslariz beteta ariketa ederra egiten du: kapitulu indibidualak, ipuin gisa funtziona dezaketenak, izan arren bistakoa da dena josita mantentzen duen hari komunitarioa. Prosa soila du, baina ederra. Deskribapenak aberatsak iruditu zaizkit hordigarri izan gabe. Zeruko Belardien paisaia bezain gozoa, beroa eta atsegina da irakurketa. Atsegina ipuin-kapitulu asko mingots izan arren, hori ere badu bertute.
Ahaztu dut ia, Zeruko Belardiak lana (Elkar, 2021, Asun Garikanok itzulia) Urrezko Bibliotekaren parte da. Ale ederrak ari da pilatzen hor argitaletxea, bejondeiela. Itzulpenaz bainarik ez, gustatu zait eta ez da beste kasu batzuetan ageri den jakintza erakutsi beharrik.
Bukatzeko, Steinbecken liburu honetako azken lau orrialdeek eman didate lehen paragrafoko obrek eman ez dizkidaten gakoa. Landa eremua egun hiritarron proiekzioa besterik ez da, aurreiritziz josia gehienetan. Turista autobus bateko bidaiaren pentsamendu sorta. Nekazaritzari, suteei, abeltzaintzari edota beste hamaika konturi buruz hedabide edo sare sozialetan hitz egiterakoan nabarmen geratzen da hori. Horregatik Hasier Larretxearen olerkiak irakurri nahi ditut orain Arraiotzekoa bertakoa delako poeta, eta bere Radio Euskadiko elkarrizketak konbentzitu ninduelako. Baina Josep Plaren kale estuetan barrena galdua nago. Iritsiko da.