Gabilondo. Babel. Literatura.
Kuriosoa da Arrasateko lehen etxe orratzaren ibilbidea. Herri erdian paratua, harresia zenaren alboan, zerka osteko baratzeei tokia kenduz, eta Biteri Eskolen parean, banketxe ezagun baten izena eman izan zaio kolokialki. Auzia zera da, udalak eman ziola eraikitzaileari baimena solairu kopuru bat eraikitzeko eta honek, abuztuko oporraldian “etxe handian” inor ez zegoela aprobetxatuta, dorrea eraiki zuen. Itzuli zirenean lanera irailean korporazioak “dena eginda” aurkitu ondorenea ez zuten onartzea ez besterik izan. Hala ziren lehen gauzak, gaur egun ezberdinak diren frogatzeke dago, kostako hotel eta eraikin ugari lekuko.
Babelgo dorrean pentsatu eta pasarte hori hartu. Joseba Gabilondo irakaslearen Babel aurretik- Euskal literaturaren historia bat liburuak (Txalaparta, 2020) piztu dit gogamena. Onartu beharra dut, lehen orriak irakurrita haserretu egin nintzela. Pare bat hilez mesanotxean orriak itxita eduki nuen. Izan ere, euskara hutseko genealogiaren defendatzailea izan naiz oraino. Orain ez dut argi eta horri liburu eder honi zor diot, horra irakurtzearen onura, egiak zartatu eta dudak ereitea, ikastearen poderioz.
Liburuak hori lortu badu da subalternitatearen aldagaia ohiko kontakizunean sartuz , lortuz horrela ispilu jokua egin eta gure herri diglosiko honen portaera hainbat azaltzea. Eliteek diferentzia zergatik eta zertarako sustatu duten, euskarazko literatura ze noblek mantendu zuen azkenetan, apologisten eragina… Ernazimendu iluna, kontzeptu hau akorduan edukitzea espero dut biziki interesgarria baita, bilakatu zen aurretik ereindako hazi askoren soro. Arrazoi politiko, ekonomiko eta inkisitorioek (Asisko antzeko zerbait ari da esaten egunotan) gure literaturan utzitako arrastoa ezin liteke ulertu soilik euskarazko ohiko kontakizuna (apaizak, urritasuna etab) azalduz. Oso ondo josten ditu Euskal Herrian jaio eta bertan eragina izan duten kanpoko egileen lanak eta niri aberasgarria egin zait. Pena bakarra motz geratzen dela aro garaikidearen kontakizuna, baina irakurle gisa espero dut honetan sakonduko duena Gabilondok berandu baino lehen.
Bukatzeko, Jose Angel Irigarairi entzun nion behin euskaldunok epopeiarik izan badugu hori itsasoa izan dela. Gabilondok oso ondo azaltzen du gainbehera atlantikoaren ondoriozko baserritartzea eta hain justu abertzaletasunak superbibentzia jarduera horri altarea eraikitzearen paradoxa. Niri laguntzen dit hobeto ulertzen Irati Jimenenez dionean Kresala nobela aparta dela, Garoak injustuki alboratua, eta zertagik bere aita Edortaren trilogia apartak ez duen sona handiagorik.
Liburuaren pasarte hau hemen uzten dut, zuentzat ere gozagarri:
Baina Hego Amerikako kolonien independentziaren ondorioz, Euskal Herriaren merkataritza eta hedadura atlantikoak behea jo zuen, eta, ondorioz, euskal burgesiaren interesek Iberiar penintsulara eta haren proiektu liberal nazionalista berrira begira jarri ziren. Barne-antolaketa berri hark bete-betean jo zituen landa-eremuko herritarrak, landatartze eta pobretze-prozesuak areagotu egin baitziren. XIX. mendean, zenbait antropologo, turista eta idazlek irudi landatar hori hauspotu zuten, landa-eremua autentikotasunaren eta antzinatasunaren agertoki kolonial gisa aurkeztuz (Europako herri zaharrena eta indigenena); bien bitartean, landa-eremuetako herritarrak, Atlantikoari begira jarri ziren berriz ere, eta hala hasi zen Amerikarako bigarren emigrazio-olatu handiena, pobrezia gero eta sakonagoak eta gerrek bultzaturik.