Aresti. Adur. Biografia marraztua.
Idazle gutxi egongo dira, akaso Patxi Lopezek bere inbestidurarako baliatu zuen Kirmen Uribe, horren espektro zabalak bere aldarrikatua. Saizarbitoria? Akaso. Cano? Jaio? Ez nuke esango. Aresti da, dudarik gabe, euskal ezkerraren espektro zabalenak bere egiten duen poeta.
Badira berari buruz lan apartak. Txalogarria, are gehiago esango nuke, txundigarria da Susa argitaletxeak haren obra dibulgatzeko eginiko lanak. Denetik eta ona zen eta da ateratakoa: Arestiren poesia, antzerki obrak, itzulpenak,narratiba… Niri partikularki gutun, artikulu eta elkarrizketen alea da maite dudana, 1986koa. Doakiela nire eskertza Jose Ramon Bilbao, Leo Bilbao, Josu Landa eta Karmelo Landari. Bada baita ere geroagoko biografia bat Susan bertan, 2000. urtekoa, apaiz izaniko batek, Angel Zelaietak, egina. Nola bestela, Arestiri irribarrea marraztuko bailioke aurpegian kristau batek gera gogora ekartzeko eginiko ahaleginak; baina ondo hartuko luke, nik uste, bere azken borondateen kristauen mezari buruzko pasartea ezagututa.
Gaurkoan Erroa argitaletxeak argitaraturiko Adur Larrearen Gabriel Aresti (Erroa, 2015) komiki biografikoa dut hizpide. Blog hau inoiz irakurri baduzue badakizue egile honen zale handia naizela -Antzara eguna, Lurbinttoko Ohoinak…- eta kasu honetan ere maila handiko lana dela iruditzen zait. Jasotzen dira bertan Arestiren ertz askotarikoen artean batzuk, baina nahikoak, ene uste harroan, idazle bilbotarrari buruzko irudi bat osatzeko. Marrazkien soiltasuna, datuen zehaztasuna eta gag arrakastatsu batzuk -Oteizarekin duen elkarrizketa mundiala da- aski dira lan hau gomendatzeko.
Aresti zen Bilbo. Aresti zen gorri. Aresti zen literatura. Aresti bazen nor. Aresti zen Oskorri. Aresti izan zitekeen askoz gehiago gazte hil ez balitz. Aresti bada komiki hau ere.