Brexitaz

BIhotza. Ingalaterra. Coe.

Gai garaikideei buruz idaztea arrikutsutzat jotzen dute batzuek Covid-19aren bueltan argitaratu diren liburuen harira, nahiz eta gure aro honen (bista da nik ez diodala arazorik ikusten horri) ezaugarri bat baden denari, hutsal nahiz sakon, buruzko analisi azaleko bezain berehalakoa. Ez dakit historian inoiz idatzi den hainbeste, txio forman bada ere, momentuan gertatzen denaz. Ez dut ukatzen analisi sakonak berez behar duela kautela, hala bedi, baina labea bero dela idatzitako liburu batek balio dezake noraezari iparra jartzeko. Izan Covid-19, izan Brexit, izan Kataluniako procés. Liburu salmentek frogatzen dute, gainera, beharra izan badela hainbaten artean.

Jonathan Coeren El corazón de Inglaterra (Anagrama, 2019) Brexita ardatz duen nobela da. Nik berari irakurtzen diodan lehen lana da, baina akaso gehiago irakurri dizkiozuenok ezagutuko dituzue obra gehiagotan ateratako pertsonaiak.

Azken hamarkadaren errepasoa egiten du idazle britainiarrak lagun talde bat eta euren seme-alaba batzuk oinarri harturik, Londoneko Olinpiar Jokotatik hasita 2019raino. Pasarte errealak nahasten ditu fikizioarekin, garaiko politikariek esaniko diskurtso zatiak, aktualitate eta politika ingelesa zipriztindu zituen txutxumutxuak.

Brexita aitzakia bat da ziurrenik hamaika gai errepasatzeko: harreman erromantikoak, indarkeriaren biktima direnen trauma, anti-intelektualismoa eta intelektualek duten nagusitasun morala, landa-hiri gatazka, xenofobia, akademian lan egitearen ajeak, ideologia ezberdinen artekoen maitasuna, industria osteko aroak eragindako noraez bitala pertsona askorengan, zaintza, politika pijo eta elitisten kapritxoek izan ditzaketen ondorio lazgarriak… Hari mutur askorekin asmatzen du, bereziki ona da Sophie eta Ianen arteko bikote harremanaren kontakizuna, baina muturren bat eskapatzen zaionaren sentsazioa geratu zait (Charlie, esate baterako, alabaordeaz duen harremana ez zait sinesgarria egin).

Estiloan, horren anglosaxoia den umorea lerroartean dasta daiteke, maiz beste kulturaren bateko egileek Coek desribatzen duen egoera bera dramatikoago kontatuko zukeenean. Benjaminen ohe kontuak dira horren adibide, liburu amaiera partekoak.

Brexita aitzakia izango da, baina bikain kontatzen du Brexita ere. Poliedrikoa da planteamenduaren beraren sorreran edo botuaren azalpenetan, nahiz eta argi lerratzen den nire ustez egilea balantzaren alde batera.

Literaturak ez badu balio errealitatea kontatzeko, egunkari edo kronikek egin dezaketena baino sakonago fikzioak eskaintzen dion indarraz, akabo.