Laranja eta limoiak

Zitrikoak. Italia. Attlee.

Gogoan dut nola haurrak ginela Arrasaten abenduaren 6an, San Nikolas egunez, ohikoa zen etxerik etxe abestu ondorengo bolo-boloan sugus, almendra eta bestelako goxoki artean laranjak ematea. Bistan da 3 edo 4. solairutik jaurtitako fruta piezok ez zutela amaiera onik izaten eta asfaltoaren aurka lehertuta oroitzen ditut, zukua barreiatzen perimetro triste batean zehar. Urteetara entzungo nuen lehen, gerraostean, haur askoren Erregetako opari bakarra zela laranja, fruitu preziatu eta garestia.

Kontatu dudan pasadizoaren garaikide ziren gosarietan ohikoak ziren laranja zukuak. Eta goxoak izan arren ez zuten gutizia kategoria, are gutxiago altxorrarena, eta C bitamina emateagatik erosi ohi ziren batik bat. Sugusa eta laranjaren artean lehena aukeratuko genuke hamarretik bederatzik.

Ordutik ikasi dugu vermouthari on egiten diola laranja azalak eta ginkasari limoiak. Ikusi ditugu nola pasa diren modaz jantoki handidun jatetxe merkeen izozgailu barreneko limoi eta laranja bete izozkiak. Limak, klementinak eta beste hainbat fruitu batu zaizkio familiari. Baina niretzat oraindik ezezaguna da zitrikoen mundua, ziur asko Euskal Herrian ez dugulako halakoak landatzeko tradiziorik. Gure klima edo kulturak ez du bide hori jorratzen lagundu.

Bada ezjakintasun horri tirita txiki bat jartzen dio Helena Attleeren El país donde florece el limoneroLa historia de Italia y sus cítricos (Maria Belmontek itzulia, Acantilado, 2017) obrak. Italia ardatz hartuta nahasten ditu bizipen pertsonalak eta testigantzak, sukaldaritza errezetak, historia zertzeladak eta aholku praktikoak. Italiarekiko maitasuna dario alde guztiotatik -askok partekatzen duguna, bide batez- eta entretenigarri egiten du zitrikoen ehizarako proposatzen digun ibilbide geografikoa.

Lehen esan dut ez dugula klimarik zitrikotarako baina gure auzoan, Aretxabaletako Areantzan, bazegoen limoiondo txiki mehar bat hutsik den Txikinekue baserriaren horma kontra. Beroak ito zuen iazko uda lehorrean eta aurtengo neguan faltan eduki ditugu orri berde ilunen arteko urrezko aleak dilindan. Fruitu orori esaten omen zitzaion sagar antzina, hori da Attleeri ikasi diodana, eta fruta arbolarik gabe lorategia ezin liteke izan Hesperideena.

Limoiondo batek ematen duen pozaren bestekoa da liburu honek ematen duen plazera.