Errigora

Arroza. Ura. Arrastoa.

Errigorako lehen kaxa esku artean eduki nuen arte ez nekien Nafarroan arroza ereiten zenik. Arketasen, Bardeetan, ekoitzitako lehen pakete hura esku artean edukitzea lezio ona izan zen dena ikusteke eta ikasteke dugula jabetzeko. Gezurra dirudien arren, begien bistako gauzak dira gehien gogorarazi behar dizkiogunak gure buruari.

Beste gauza ebidente bat maiz askok (deliberatuko gehienetan) ahazten duena: egun ezin da libreki hitz egin euskal gatazka gertatu zenaz. Iñaki de Juana iritzi artikulu birengatik auzipetu zutela gogoan du batek eta nola José Amedok idatz dezakeen nahi duena, baina beste batzuk arroz urez jardun beharra duten ezinbestean kartzelan amaituko ez badute. Hau oso presente eduki ezean nekez uler liteke bere osotasunean Mikel Antzaren Arroz Urez (Txalaparta, 2021) liburua.

Horrez gain, liburua amaitu ostean jakin dut hau eta interesgarria deritzot irakurlearentzat, obra idazleak Adur Larrearekin batera Burgosko auziari buruz eginiko komiki batentzat pilatutako material oparotasunaren fruitu da. Ni hasiera batean galduta aritu nintzen ardatz biren artean, Mikelena bata, Burgoskoa bestea, eta horri buruz jabetuta esango nuke errazago eraman dudala irakurketa bigarren aldiz orriak esku artean eduki ditudanean. Halaber, ziur asko nire kontua izan liteke hau, nire inguruko bi irakurlerentzat oso argia izan baita liburua eta gozamena zalantza gabea egin zaie hasieratik.

Mikel idazlea eta Mikel militantea. Bi eta bat dira aldi berean. Mikelen familia eta herri honetan eman den konstate bat: maiz familia gutxi batzuk eraman dute hamaika borrokaren zama bizkar gainean. Hori ikusten da liburuko loturatan, esaten direnetan eta arroz urez isiltzen direnetan. Protagonista diren batzuk aurrez ezagutzeak gainera laguntzen du ideia honetaz jabetzen.

Interesgarria eta eskertzekoa da Mikel Antzaren ariketa. Bere ibilbidea, eta herri honen azken 70 urteen joana, ulertzen laguntzen du sustraiak eskuzabal erakutsiz. Baina nahiago nuke egunen batean arroza jateko utzi eta tintaz idazten hastea. Guztiok. Eta horretarako aukera edukitzea, tintaz idaztekoa eta komisaldegi nahiz artxibo militarretako agiriak lasai arakatzekoa.