Pedro Páramo Lizarrerrian

Antoñana. Karlismoa. Lurra.

Ez da goxoa jateko, lur zaporea du. Hala kontatu zidan behin azkonarra probatu duen batek haren haragiari buruz galdetu nionean. Guri momentuz jatea otu ez zaizkigun proteinak dira azkonarrarenak, baina nork daki biharko egunean zer jatea otuko zaigun ahuakateak egun duen urre prezioa diamantezko bilakatzen duenean.

Pedro Páramo aipatu dut izenburuan eta badu azalpena. Juan Rulforen nobela bikain-bikain-bikain horren oihartzuna aurkitu dudalako gutxien espero nuenean, ezjakintasunagatik gehiago ebidenteagatik baino, gero jakin dudan bezala, Pablo Antoñanaren liburu batean.

Aipatu dut blog honetan Pablo Antoñana idazle handia eta merezia du bigarren obra baten iruzkina. Izan ere, Retrato cruento (Pamiela 1996, nahiz eta obrak 1977 nobela motz Navarra saria irabazi) liburu bikaina da. Bertan kontatzen du 1876ko Bigarren Gerra Karlistatik 1936 altxamendu faxistara (Hirugarren Gerra Karlista Euskal Herriko eremu batzuetan) doan haria, bortxaz eta krudeltasunez betea. Etxe baten gainbehera da, mendeku eta Kristori eskainitako odol artean bertako jabeak galduta daudenak hara eta hona. Gobernuko tropen biolentzia, emakumeen aurkako jazarpena, nagusi eta morroien arteko harremana. Morroiak etxekoak dira. Etxea da haria, eta indarkeria, kapituluz kapitulu egiten diren denbora jauzietan mantentzen den zera bakarra.

Begiradan, narrazio herrikoi ilunean, nabaritu diot nik Rulforen lur zaporea. Azkonar lerroak dira hauek, XX. mende zeritzon erauntsi industrialak ezabatu aurreko munduaren aztarnak. Nabari zaie hori nafarroako ager vasconumeko idazleei, kolore nabar eta horiztatan mugitu izan direnei estilo lehor, zuzen eta zakarra. Kontuz, ez bainabil itsusia denik esaten, badaezpada ere.

Bestalde, mendeku eta mendeku artean gako gehiago ematen du liburu honek erreketeen ibilerak ulertzeko batxilergoko testuliburuek baino. Errepublika zer izan zen eta norentzat. Apaizen pisua. Tropen moral falta. Karlismoaren garaipena eta era berean amaiera. Tramak ere badu tentsioa: Godot itxurako Sanchez kapitainaren zain diren gizonak, odol usaina, gerra baten erditzea.

Bukaera gisa, Pedró Paramo bezala liburuko familia protagonistako kide diren Arrizibitatarrak espektroak dira egungo begietan. Baina izan ziren eta badiraute, Landa herrien hustutzearen kausa ere badira jauntxoak eta jauntxokeriak. Nafarroako herri txikietan abandonatutako etxe askoren hormatako zipriztinak dira, odolez batetako kalizekin topa egin osteko arrastoak. Gure historia da, hortik gatoz. Azkonarrak gauez aditu dituenak badaki ze izugarria den haien oihua, haur jaioberrien lanturuak dirudite iluntasunean. Auskalo zer ikusi duten animaliok horren oihu doilorrarekin eztarria urratzeko.

Ager

Antoñana. Egin. Nafarroa.

Errigora ekimen txalogarriak jarri du modan Ager terminoa. Saltus ez den Euskal Herria alegia. Erromatarrek ur-muga zuten aintzat eta guk lerroak egiten ditugu arkatzez mapatan. Orain ekialdea jarri da modan, ez dagoena horren modan da zein den puntu kardinal horiek lurreratzen dituen mapa. Eguraldiarenak berea eman du. Txirotasunarenak oraindik azaleratzeke daude guztiz. Esan mugarik ez dena Bidasoa igeri pasa behar duten horiei.

Gaiz aldatuz, Gara egunkariko kolaborazioak ditut gogoan, baina su baino txinparta txiki gisa. Nintzen hark ez zuen aski patxadarik Pablo Antoñanaren prosaz gozatzeko. Zoriak nahi izan zuen begiz jotzea Katakraken salgai zen ale bati, Txalaparta argitaletxeko molde zaharreko liburu xumeari, eta zakuratu nuen. Urte bete gutxienez egon da lugorrian, beti bihar den apalean hautsa hartzen. Baina, irakurle, behin hartuta ziztu bizian irensten den horietakoa da. Eta behin dastatuta orain Antoñana gehiago nahi dut, behar dut.

Desagertzen ari den mundu baten notarioa da idazlea. Landa giroa, gerrak zartatutako belaunaldia, karlismoaren itzaltzea, trantsizio deritzon maskarada… Ez da gauza bera etxean entzutea kontuok edota lehen pertsonan bizitzea. Eta hain justu hori egiten du Antoñanak Miniaturas (Txalaparta, 1999) obran, norbere mamu, obsesio eta argi printzak eskuzabal eskaini. Liburuak jasotzen ditu hamabostean behin Eginen idatzitako kolaborazioak, denak elkarrekin bata bestearen ostean irakurrita koherente eta garapen baten jabe direnak. 1994tik Aznarren “pensaban qué no nos íbamos a atrever?” horretara arte idatzitakoak denak, egunkaria bortxaz itxi osteko bonus track horrekin batera.

Apaizen hipokresiaren salatzaile, tremendoa da hemen 244. orrialdean kontatzen duena Hitlerri buruz, heterodoxo, fikzio lurren sortzaile, gutxietsitako artista, mar-marti profesional… Azken hau konpartitzen du Sánchez-Ostizekin, Agerreko nafarrek duten malaletxe euskal hitzez blaituriko hori, baina ez dio gizatasun izpirik kentzen. Horren adibide da paragrafo hau, zahartzaroa modu bikainean deskribatzen duenekoa:

Esos viejitos, acogidos al sol de otoño, encogiditos, silenciosos en los bancos de pintura vieja del parque, oliendo a ropa no mudada, a cuerpo cadáver sin enterrar, a dejadez y a recuerdo. Al símil son como las mismas tortuguitas del estanque, que, costras, rocas, cortezas inertes, agradecen en su quietud casi cósmica el sol que se les derrama con color de miel sobre sus grandes escamas muertas. Qué melancólica delicia la de estos buscadores (los viejitos, las tortuguitas) de hebras de sol un atardecer de otoño.

Idazle handi baten kronika txikiak. Gozamen hutsa.