Lo non ho paura

Haurtzaroa. Pobrezia. Ammaniti.

Ez nuen ezagutzen Niccolò Ammaniti idazlea, nahiz eta artikulu ezberdinetan irakurri ahal izan dudan bera dela italiatik kanpo ezagunenetakoa den idazle garaikidea (1966an jaioa da). Opari batek mundua zabal diezaioke bati, oparitua den hori liburua bada, jakina.

Amannitik sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar, garrantzitsuenetakoak direlarik Strega eta Viareggio. Azken hau irabazi zuen irakurri berri dudan No tengo miedo (Anagrama, 2011, Juan Manuel Salmerónek itzulia) liburuari esker.

Istorioa miseriaren mapan kokatzen da, Accqua Traverse herrixkan. Bertan iparraldera joaterik izan ez duten familiak geratzen dira, galsoro eta udako sargori artean. Michele Amitrano da protagonista eta narratzailea, bederatzi urteko haurra. Mutiko honek badu arreba txikiagoa, baditu gurasoak. Badu ere lagun taldea, bortitza. Michele sentiberagoa da bere lagunetako asko baino, bereziki Calavera baino. Barbarari larrutik ordainarazten diote gizena izatea eta neska bakarra.

Naturaltzat dute hori, momentuz.

Egun batean Michelek, istripuz, bera baino askoz lazgarriagoa den zerbaitekin egingo du topo. Horri aurre egiteko modu bakarra, beraz, haur fantasiaz baliatzea da. Zoritxarrez, ezta munduko fantasia denarekin ere ezingo ditu estali bere herriko errealitate zikoitza, bere aita zaputza, bere aita gizagaixoa. Soilik bere amaren figura indartsuak mantentzen du bere lekuan mutikoa, esango nuke, ekaitzaren erdian.

Gustatu zait liburua, bereziki tonua. Jolas artean, haur begiradaz, asko esan liteke. Eta Michele moduko haurren tema, ausardi eta eskuzabaltasunari buruz, gehiago.

Iba caminando casi sin respirar y sin dejar de mirar a mis espaldas. Temía que la garra afilada de un monstruo se me clavase en el cuello. Ahora que iba a pie oía un montón de ruidos, susurros, golpes y sonidos extraños. A mi alrededor sólo había una masa negra y compacta que hacía desaperecer el camino. Me mojé los labios resecos; tenía en la boca un sabor raro.

Brexitaz

BIhotza. Ingalaterra. Coe.

Gai garaikideei buruz idaztea arrikutsutzat jotzen dute batzuek Covid-19aren bueltan argitaratu diren liburuen harira, nahiz eta gure aro honen (bista da nik ez diodala arazorik ikusten horri) ezaugarri bat baden denari, hutsal nahiz sakon, buruzko analisi azaleko bezain berehalakoa. Ez dakit historian inoiz idatzi den hainbeste, txio forman bada ere, momentuan gertatzen denaz. Ez dut ukatzen analisi sakonak berez behar duela kautela, hala bedi, baina labea bero dela idatzitako liburu batek balio dezake noraezari iparra jartzeko. Izan Covid-19, izan Brexit, izan Kataluniako procés. Liburu salmentek frogatzen dute, gainera, beharra izan badela hainbaten artean.

Jonathan Coeren El corazón de Inglaterra (Anagrama, 2019) Brexita ardatz duen nobela da. Nik berari irakurtzen diodan lehen lana da, baina akaso gehiago irakurri dizkiozuenok ezagutuko dituzue obra gehiagotan ateratako pertsonaiak.

Azken hamarkadaren errepasoa egiten du idazle britainiarrak lagun talde bat eta euren seme-alaba batzuk oinarri harturik, Londoneko Olinpiar Jokotatik hasita 2019raino. Pasarte errealak nahasten ditu fikizioarekin, garaiko politikariek esaniko diskurtso zatiak, aktualitate eta politika ingelesa zipriztindu zituen txutxumutxuak.

Brexita aitzakia bat da ziurrenik hamaika gai errepasatzeko: harreman erromantikoak, indarkeriaren biktima direnen trauma, anti-intelektualismoa eta intelektualek duten nagusitasun morala, landa-hiri gatazka, xenofobia, akademian lan egitearen ajeak, ideologia ezberdinen artekoen maitasuna, industria osteko aroak eragindako noraez bitala pertsona askorengan, zaintza, politika pijo eta elitisten kapritxoek izan ditzaketen ondorio lazgarriak… Hari mutur askorekin asmatzen du, bereziki ona da Sophie eta Ianen arteko bikote harremanaren kontakizuna, baina muturren bat eskapatzen zaionaren sentsazioa geratu zait (Charlie, esate baterako, alabaordeaz duen harremana ez zait sinesgarria egin).

Estiloan, horren anglosaxoia den umorea lerroartean dasta daiteke, maiz beste kulturaren bateko egileek Coek desribatzen duen egoera bera dramatikoago kontatuko zukeenean. Benjaminen ohe kontuak dira horren adibide, liburu amaiera partekoak.

Brexita aitzakia izango da, baina bikain kontatzen du Brexita ere. Poliedrikoa da planteamenduaren beraren sorreran edo botuaren azalpenetan, nahiz eta argi lerratzen den nire ustez egilea balantzaren alde batera.

Literaturak ez badu balio errealitatea kontatzeko, egunkari edo kronikek egin dezaketena baino sakonago fikzioak eskaintzen dion indarraz, akabo.