Ali. Foreman. Mailer.
Irati Jimenezen gomendioz apuntatu nuen liburuaren izena. Hasera batean, Iratiren gomendioez beti fio naiz, erosi eta etxera iristean ez zitzaidan ezagutu gabe sartzeko moduko taberna iruditu: portada itsusia, argitaletxe eta egile ezezagunak (mea culpa) eta gaia berriz… ezohikoa. Gaia: historiako boxeo borrokaldi entzutetsuena ez bada entzutetsuenetakoa, Zairen Foreman txapeldunak eta zigor ostean itzuli berria zen Alik egin zutena. Eskerrak Iratiri kasu egin eta liburua irakurri dudan, aspaldian esku artean eduki dudan onena baita.
Boxeoa niretzat ostiral gauetako soinu banda da. ETB1ean loaren territorioan Pedro Mari Goikoetxea eta Manu Maritxalar auskalo noizko borrokaldiak komentatzen. Hiztegi ezezaguna: uppercut, ezker crocheta, bat-bikoa. Jantziak aldiz ezagunak, herriko kaskamotzek zeramatzaten arropa garestiak baitziren, behingoagatik zegokien testuinguruan. Baina boxeoak beti eragin dit indarkeria biluziaren zalantza. Batetik borrokalari gehienak ghettokoak edo txiroak izateak eragiten duen susmoa, aberatsen dibertimendua dela pobreak kolpeka ikustea. Bestetik, Cortazar bezalako tatxarik gabeko intelektualei sorrarazten zien zirrara. Badu zerbait kirol horrek egiari zor aukera bat ematea justifikatzen duena; XX. mendea ezin da guztiz ulertu mendebaldean horren protagonismorik gabe, ez Amerika urrunean ez Euskal Herri ruralean.
Norman Mailer (espero dut berari buruz gehiago irakurtzea) Bilbo Bolsonen antza duen idazlea da kontraportadako argazkian bederen. Bere estiloa estatubatuarrek duten abileziaren erakusgarri da halako kontuetarako: kronista bizi, zorrotz eta distiratsuak baitira yankeeak oro har. Ez dut imajinatzen espainiar bati egokituko balitzaio kronika hori egitea, edota euskaldun bati. Beste zerbait zatekeen ziur asko. Beste zerbait aspergarriagoa.
El combate da liburua (originala 1975eko The Fight izenaz argitaratua, itzulpena 2020koa da -4. edizioa- Maria Antonia Meninik egina Contra argitaletxearentzat) eta bertan kontatzen du idazleak Zairen, Mobutu diktadoreak hauspotuta egin zen borrokaldi ezaguna Foreman eta Aliren artean. Tartean, egileak trebe txirikordatzen dituen iruzkinak daude arrazakeriari, beltzen askapen mugimenduari, Afrikari, giza kondizioari, kirolaren psikologiari eta kronikalari lanari buruz. Egilea Aliren miresle konfesoa da, nork ez du maite gizontzar dantzari hori, eta miresmena adierazten du lotsagabe baina duinki, modurik onenean, Foreman errespetatuz eta Aliri behetik gora begiratuz bistan dituen mukiei buruzko komentari itsusirik egin gabe. Edozeini begiratzen badiozu behetik gora mukiak ikusten zaizkio, sinetsidazue, bi metro ditut eta badakit zeri buruz ari naizen eta hori aipatzeak ez dakar ekarpen handirik. Ez zaitu bertutetsuago egiten agerikoa dena aipatze horrek, nire iritziz behintzat.
Bainaren bat jartzekotan liburuari narratzailaren hautua da. Bere buruari buruz hirugarren pertsonan hitz egiten baitu Mailerrek, ez dut gustuko hori eta are gutxiago jotzen dut beharrezko, baina hori gaindituta liburuaren erritmoa, tempoaren kontrola, bikaina da. Gainera badu ziztada anglosaxoien bizitasuna testuak, egilearen zintzotasuna (bere iragan marxista aitortzea Estatu Batuetan ez da gutxi) eta Ali bezalako mito magnetiko bat.
Ali buma ye.