Peru Abarka narrazio laburren lehiaketaren esku-orria jaso nuen esku artean orain dela gutxi eta, zera pentsatu nuen: parte hartuko dut! Ipuin bat idatziko dut eta bidali egingo du Markina-Xemeinera.
Idatzi egin dut eta bidali ere bai, baina imeilez eta ez dakit horrela lehiaketara sartzerik izango dudan. Hortaz, zera erabaki dut: ipuina blogean argitaratzea. Kritika danak onartzen dira.
Eguzkia leihotik sartzen zela esnatu zen Maddi; hasperen egin eta pentsatu ere egin barik buelta erdi eman zuen ohean. Izararekin burua estali zuen eguzki-izpiek traba egiten ziotela pentsatuz. Aldiz, kontziente al zen egiten ari zenaz? Benetan pentsatu zuen traba egiten ziola egunaren lehen argitasunak? Eta, zergatik ez zen goizero legez, jauzi batez jaiki eta ondoko logelan zegoen amonaren ohera joan? Kontziente zen Maddi zerbait ezberdina egiten ari zela goiz hartan, baina ohartu barik zegoen oraindik.
Historiaren protagonista Maddi izeneko neskatoa da. Maddi asko gustatzen zaidan izena delako aukeratu dut. Badauka, nire ustez, ume izena izateko horrelako soinu eder eta goxoa. Ezaguna dut Maddi, ez ipuinean agertzen dena, baina bai lankide eta bizilagun izan nuen andoaindar bat. Hura ere ederra eta goxoa. Muxu bat, aspaldiko!
-Aizu, Maddi! Ez al duzu jaiki behar gaur? galdetu zion amak gelako atea irekitzeaz batera.
Baina Maddik ez zuen ezer entzuten. Manta azpian zegoen, bilduta erabat gorputza, eta begiak izugarrizko indarrarekin ixten zituen. Ez zegoen han Maddi txikia. Goiz hartan lehenago jaikita zegoen, gosalduta, jantzita eta eskolara bidean. Hori zuen berak gogoan eta horregatik larritu zen amaren ahotsa zirudien hura entzun zuenean.
-Goazen, laztana! Altxatu beharra daukazu, polit hori esaten zion amak, leunki izara gainetik kentzen zion bitartean.
-Mmmmmm
Ze ordu da, ama?. Nork esan du hori?, pentsatu zuen Maddik. Bera isilik zegoen eta ahoa mugitu ere ez zuen egin. Hortaz, nor zegoen berarekin ohean? Nola daiteke beste inor egotea nire ohean, nire logelan, nire amari “ama” esaten! Maddi urduritzen hasi zen izara azpian. Dar-dar txiki batzuk igarri zituen barrutik eta mugitzeko zailtasunak zituela ohartu zen. Ezin zuen gorputza beste aldera mugitu, ezin zuen burua okertu alboan inor zuen igartzeko
Eta berriz ere ahots goxo bat entzun zuen atearen beste aldean:
-Maddi, ordua dugu! Altxatzeko ordua dugu!
Hura ere ahots ezaguna egin zitzaion Maddiri, baina ez zuen hain gertutik entzun. Barru-barruan bazekien bere etxeko norbaiten ahotsa zela deika zuena, baina
Maddik jada ez zekien zer pentsatu. Bera goizeko jauzi batez altxatzen zen ohetik, eguzkiaren lehenengo izpiak leihotik sartuaz batera eta amonaren logelara sartu eta haren ohera jauzi egiten zuen. Muxu batez esnatzen zuen amona goizero eta gaur
Orduan ohartu zen gure Maddi. Ez zen lo zegoela, ezta ohean norbait zegoela. Orduan gogoratu zuen, bezperan gertatu zena. Gogora etorri zitzaizkion aurreko eguneko hainbat une: amona ohean etzanda, ama negar zotinka amonaren ohe ondoan, beltzez jantzitako gizon bi logelara sartu-irtenak egiten
Bat-batean irudi horiek guztiek begiak zabaldu arazi zizkioten Maddiri eta “ama, ama!” deika hasi zen ohetik mugitu barik.
Amonaren logelara ez zen joan Maddi, bere ohetik jauzi egin ostean. Amonaren ohera ez zuen jauzi egin goiz hartan, bazekielako amona ez zela han egongo. Gogoratu zuen nola amak esan zion amonak gaua beste ohe baten igaroko zuela eta hurrengo goizean bisitan joango zirela. Eta, orduan jakin zuen Maddik, jada, amonarenera gehiago ezin izango zela joan goizetan. Eta, orduan ohartu zen bere ondoan entzutea uste izan zuen ahots hura, amonaren ahotsa izan zela, goizero legez, muxua ematera joaten zitzaion guztietan, horixe bera galdetzen baitzion amonak Maddiri.
Eguna luze egin zitzaion Maddiri. Bazekien amonak gaua bakarrik ez zuela igaro. Izeko eta osaba egon ziren amonarekin, gaua igaro zuen leku hartan. Lorez inguratuta ikusi zuen azkenekoz bere amona kuttuna eta gero, kuxa eder baten eraman zuten bere azkeneko bidaia egitera. Handik, talaiara igo ziren etxeko guztiak. Amonaren lagun Maritxu zaharra ere han zen eta musukatu egin zuen maitekiro. “Ai, ene Maddi, laztana” esan zion Maritxu zaharrak, bere amonak esan ohi zion legez.
Talaira igotzea atsegin zuen amonak. Arratsaldero joaten ziren biak, eskolatik bueltan. Itsasoari so, amonaren kondairak entzutea atsegin zuen Maddik. Bazekien hura amonari asko atsegin zitzaiola.
Horregatik, egun hartan, amona esertzen zen lekuan eseri zen Maddi, ama ondoan zeukala:
-Ama, gure amonak, arratsaldero kondaira zahar bat kontatzen zidan hemen eserita, amak samurkiro eskutik heldu zuen eta zera esan zion:
-Zure amona, emakume handia izan zen beti. Kondaira izugarriak zekizkien eta horietako asko, bere amona zenak kontatu zizkion hementxe bertan. Zuri kontatu zizkizunak, niri kontatu zizkidan umetan eta gogoratu egin beharko dituzu, inoiz zuk ere norbaiti kontatu ahal izateko. Horixe gustuko zuen amonak, bere kondairak gogoratzea; inoiz ere ez ahaztea bere pertsonaia zoragarri haiek. Ez ahaztu inoiz hori, Maddi.
Maddik ez zituen inoiz ahaztuko amonaren kondairak, ez horixe!, esan zion bere buruari talaiako bankutik itsasoa begiratzen zuen bitartean. Etxeratu orduko amonak aurreko Gabonetan oparitutako koaderno handi hura izango zuen lagun, langintza hartan. Amonaren istorio eta pertsonaiek merezi zuten bizitzen jarraitzea, horrela amonaren izpiritua ere gertuan izango zuelako.
Asmo horrekin etxeratu zen Maddi, amaren eskutik eta etxera iritsi orduko logelara igo zen arin-arinka koaderno erraldoiaren bila eta hurrengo goizean ere, jauzi egin zuen ohetik eguzki-izpiak logelan sumatu orduko. Baina amonaren ohera korrika joan beharrik ez zuen izan Maddi txikiak. Gaua egin zuen berak amonarenean eta horrela izango zen aurrerantzean ere. Han bizi baitziren amonaren pertsonaia guztiak eta haien laguntza behar zuen bere kaiera erraldoia istorio eta kondairez betetzeko.