Enara goiztiarren antzera

Gaur ere, berriz ere, argirantz gidatzea tokatu zait. Alde guztietatik izotza eta hotza ikusten eta igartzen zen arren, neu enara goiztiar bat lez sentitu naiz goizeko lehen orduetan.

Begi parean oraindik bekarren bat neukala kontura naiz Elgeta gainera bidea hartu dudanean. Kendu ostean, orduan bai begiak garbi-garbi nituela, negua atzean lagatzen ari garela pentsatu dut. Elgetaren bestaldetik laranja biziko eguzki ederra ikusi dut; une batez izan bada ere, udaberriko lehenengo egunsentia zela sinistu dut. Nire zoriontasuna ordea, bat-batean desagertu da. Elgetara iritsi orduko berriz ere behe-lainoa; Bergarako zulora bidean geroz eta sendoagoa. Argiak oraindik piztuta grisak inguratu nau berriz eta nire enara goiztiarraren sentsazioaren arrastorik ere ez dut ekarri bulegora. Hala ere, une batez, eguzkiaren argitasunak eragiten didan zoriontasuna sentitu dut eta horrelako goiz hotz, izotz, hauetan, nahikoa izaten da eguna beste umore batez hasteko.
Egun on, danoi!

Oheko berotasunari eutsi guran berogailua topera jarri dut kotxean. Errepidearen alde bietara izotza besterik ez zen ikusten, baina han goian, iluntasunaren azkeneko orduan, izarren argitasuna ederki ikusten zen. Hori baina Zornotzara bidean baino ez da izan. Autzaganetik behera zarrazoie ederra zegoen eta. Berriz ere negua, hotza, gustagarri ez zaidan giroa… Baina Durangaldea zeharkatzen ari nintzela, Anboto ostetik Udalatxek bere aurpegietako bat erakutsi didanean, berriz ere enara goiztiar sentitu naiz. Berriz ere ikusi ahal izan ditut gaueko izarren azkeneko izpiak. Ordurako bazetorren egunsentia mendi ostetik eta zerua kolorez aldatzen ari zen, beltzetik urdinerantz aldatzen ari zen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Enara goiztiarren antzera-ri

  1. egilea: Desplazatua

    Ai, Patxi. Holakoak “entzunda” zelako gustura geratzen dan bat.
    Eskerrik asko.

  2. egilea: Patxi

    Behe-laino horretan ordea, eguzkitxo bat zijoan, poesia lorratz bat uzten…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude