Ez da garaia tren sozialaz jarduteko

Lopez de Gereñu garraio sailburuak esan du gaur bertan “jada ez dela trenaren egokitasunaz eztabaidatzeko garaia”. Gaur bertan sinatu dute Jaurlaritzak eta Madril gobernuak euskal tren azkarra egiteko hitzarmena. Pozik agertu dira erakunde bietako ordezkariak, eskuduntza izan ez arren, estatutuaren mekanismoak ahalbidetu egin duelako lanei ekiteko dirua lortzea (ikusiko dugu zer eragin dakarren gero horrek beste arlo guztietan). Dirua balitz guztia, ezta Lopez Gereñu anderea? Bilbon ere tren sozialaren plataformak beste sinadura ekitaldi bat egin du. Sinatzaileek diote ez daudela trenaren kontra, baina Jaurlaritzak egin nahi duen trena baino merkeagoa, ingurumena gehiago errespetatuko lukeena eta gure herriarentzako aproposagoa litzatekeen tren proiektu baten alde daudela esateko elkartu dira. Abiadura ez da arazoa; nahiz eta askotan damutzen zaigun horixe pentsatzea errepidera ateratzen garenean.

Abiadura Handiko Trena, Lastertasun Handikoa, Tren Azkarra, Euskal Y-a… Zergatik ez trena eta kito? Euskal Herriko lurraldeak lotzeko trena litzateke azpiegiturarik garbiena, baina gure orografiak mugatzen gaituela onartu beharra daukagu. Baliteke Araban arazorik ez izatea trenbidea eraikitzeko, baina behin Gipuzkoara sartuta edo Bizkaira jota, txarto samar ibiliko gara mendia zulatu edo apurtu ezean.

Ez dut nere burua ekologistatzat; autoa egunero erabiltzen dut, kontsumitzeko orduan ez diot erreparatzen zertaz egina dagoen erosten dudan horri (ezta non edo nola eginda dagoen ere)… Hori kontuan izanda hipokrita samarra litzateke nire aldetik argumentu ekologistak erabiltzea orain, hala ere, Gereñu andereari galdetu nahi nioke: “egokitasunaren eztabaida barik, zuek aukeratu duzuen ibilbidearen egokitasunaz behintzat eztabaidatzea legezkoa izango da ba?

Nahiko nuke trena egiten denerako guztiontzako aproposa izango den azpiegitura izan dadila trenoi; ni neu behintzat desiratzen nago autoa aparkatu eta trena hartu ahal izatea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ahotsak: Batzen gaituena

Zapatu goizean Donostian izan nintzen, Ahotsak plataformaren ekitaldian. Hainbeste emakumezko elkarrekin ikustean, eta han zegoen zaratarekin, hura antolatzea ez zela lan erraza izango pentsatu nuen, lehenengotaz. Ahots mordoa zegoen han; berbaro ozena Miramar jauregian sortu zena. Eta begiradak! Berba egingo balute… Egia esan behar badut badira bai begirada gaiztoak botatzeko abilezia dutenak eta emakumeok, inor ez dadila haserretu, baina, badaukagu horretarako trebezia, edo sena esan beharko nuke? Batek daki.

Kontua da, sinadura ekitaldiaren ostean, bestelako ahotsak entzuteko aukera izan nuela Miramar jauregian; haiek gainera, denoi gustatzen zaizkigunetakoak izan ziren: txutxumutxuak. Hasteko esango dizuet, hainbestetan entzun izan dudan Fatimetu aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuela; Mikelen arrebak, Gurutze Irizarrek, anaiak lako begi urdina dauzka eta, umorea itzela. Pozik zen bera ere Miramar jauregiaren kanpoaldean. Hara batu ziren-eta, erretzaileak. Besteak beste, kontatu zigun orain dela gutxi errepidean izandako ezbeharraren istorioa. Autobidean auto ilaran, atzetik kolpea eman ziotela eta, ondorioz, berak aurrekoari jo ziola: “ondo zirela esan zidaten, baina Ertzaintza etorri orduko, beste biek lepoko mina zutela esan zuten eta ospitalera eraman zituzten. Han geratu nintzen ni, zer esan ez nekiela”. Gainera, isuna jarri ziotela ere kontatu zigun: segurtasuneko tartea ez gordetzeagatik! Auto ilara baten joanda batere erraza ez dena, nire iritziz. Saiatu zarete inoiz? Atzetik datorrenak aurreratu egiten dizu, tartea ikusi bezain pronto. Hortaz, nola gorde segurtasun tarte hori, agente jauna?

Bestelako kontuekin hurbildu zitzaigun Izaskun Moyua Emakundeko zuzendaria. Itziar Fernandez lagunarengana hurbildu zen eta oñatiarrari entzun nionez zilarrezko ezteguak ospatzera ei doa, Rivera Mayara. Zorionak, Izaskun!

Maialen Iriartek ere agurtu gintuen; Mertxe Aizpuruarekin alde egin zuen Miramarretik, biek irakurri baitzuten Ahotsakek adostutako manifestua. Oso guapa zegoen ETBko aurkezlea; haurdunaldiak edertu egiten dabela esaten dabenei, arrazoia emon bihar! Ekainean bosgarren umea erdituko du Maialenek. Bejondeizula, Maialen!

Horrelako txutxumutxuak, eta hemen kontatuko ez ditudan beste batzuk, entzun nituen Miramarrera elkartutako emakumeen ahotsetan. Azken baten, horixe baita bene-benetan batzen gaituena guzti-guztioi: ahotsak, berbak, txutxumutxuak… Kontakatilu konplexua sartzen ari zait niri ere, ai, ene!

Dena dela, elkarrizketaren alde izan dadila, konplexurik barik hitz egin dezagun eta batzen gaituenari eutsiaz bidean aurrera egingo dugu, ziur.

Amaitu aurretik beste kontu bi: gizonezko bi ere izan ziren ekitaldian. Beno, osteko luntxean ikusi nituen. Lehenengoa kazetaria zen eta luntxa eskaini ziguten aretora sartu orduko, urduritasunak eraginda edo, mahai baten laga berri zuten ardo kopa bota egin zuen. Hainbeste emakume batera ikusteak eragin ote zion dardara? Bigarren gizonezkoa, berriz, kanpoaldean ginela ikusi nuen: Donostiako alkate Odon Elortza jauna! “Hara”, batek eta “aupa” besteak eta, “eskerrik asko luntxagatik” hirugarrenak. “Udaletxeak jarri du luntxa, ala?”, laugarrenak; eta Odonek, berriz, “pintxoak bai!”. Goxoak zeuden bai pintxoak, Odon; nire partez ere eskerrik asko alkate jauna eta txutxumutxuekin amaitzeko, pintxoek ere ñoñostiar itxura zeukaten; adibide bi: zuritutako langostinoak edalontzi txikietan eta urre koloreko paperean batutako pernilarekin estalitako gazta bonboiak eman zizkiguten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Iban Gorritiren film laburra Bartzelonan

Atzo Mikel Garaizabalen lanaren berri izan nuen eta gaur, berriz, Iban Gorriti lagunarena. Bera durangarra da eta kazetaritzan aritzeaz gainera, argazkilari bikaina eta film laburren zuzendaria eta musikaria ere bada. Denetik egiten du mutiko handi honek.

Jakin dudan azkenekoa Bartzelonan bere filma erakustekoak direla Euskal laburmetraien zinemaldi -jaialdian. Gaur hasi eta apirilaren 2ra bitartean, Mataron (Bartzelona) egiten ari dira Euskal jaialdia.

Euskal laburmetraien emanaldia eta jaialdi bukaerako festa, berriz, zapatuan izango da. KEN7 talde bizkaitarraren zuzenekoa antolatu dute batetik eta horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak, urteroko moduan, Turismo Azoka antolatu egin du. Hainbat ekimen antolatu dituzte, besteak beste artisautza eta euskal produktuen azoka, dantza ikuskizunak eta herri kirolak.

Eta ekimen hauen guztien artean Iban Gorriti lagun eta lankide ohiaren filma ikusteko aukera izango da. Neuk estreinaldian egoteko aukera izan nuen, Durangoko San Agustijn kulturgunean, eta aretoa beterik oso txalotua izan zen bere lana. Lan ederra egin du Ibanek oraingoan ere; oker ez banago bere bigarren film laburra baita Que pasa por la calle. Etorkinen gaia era oso berezian lantzen du Ibanek eta musikak ere garrantzia handia dauka filman.

Horrelakoetan izaten den legez, lagunez inguratuta osatu zuen bere film laburra; izan ere, Ibanek lagunak hamaika ditu!

Agindu nion ahaleginduko nintzen bere lanaren berri ematen eta aukera hauxe aprobetxatu nahi nuke horretarako. Hortaz, eta jakin deizuen, hauetxek dira Bartzelonan erakutsiko diren euskal filmak:

  • Ekain Irigoien eta Eneko Dorronsororen Harrikateka
  • Iban Gorritiren ¿Que pasa por la calle?
  • Niko Vazquez eta Eva Mateosen Hurrengo Geltokia
  • Nacho Vigalondoren Choque
  • Isabel Hergueraren La gallina Ciega
  • Alicia de Ugo Sanzen Los ojos
  • Jose Mari Goenagaren *Sintonía*
  • Koldo Almandozen Amuak
  • Oskar Santosen *El Soñador*
  • Tinieblas Gonzalezen Ecosistema
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ardobidez Arabako Errioxa

Urte batzuk badira Mikel Garaizabal ezagutu nuena. Orduan, Anboto Durantaldeko astekarian nenbilen eta gurekin kolaborazioak egiteko eskaintza egin geniola gogoan daukat. Aurretik Goienkarian ere egin zituen.
Oraintxe laga dio tarte hori egiteari, baina ez ardoaz euskaraz informatzeari. Domekan kaleratuko du bere bigarren liburua: Ardobidez Arabako Errioxa-Rioja Alavesa. Bigarren liburua du elorrioarrak. Bere anaietako baten enpresan, Di-da diseinu enpresarekin atera ei du liburua. Horixe azaldu dit telefonoz egon garenean. Hartzidura eta horrelakoak berarekin ikasi nituen nik eta baita, ardoa usaintzen ere. Badauka Mikelek gauzak azaltzeko era erraza eta ardoaz ari dela izugarrizko emozioarekin aritzen da. Ziur nago bigarren liburua, aurrekoa bezain interesgarria izango dela. Bigarren lan honeta, enoturismoaz aritzen da Mikel. Arabar Errioxan dauden ardo etxeetan zehar bisitak egiteko aukerak jaso ditu. Aste Santua datorrela, aukera bikaina izan daiteke Mikelek eskaintzen diguna.
Liburua domekan Vocentoko egunkarietan aterako ei da eta liburudendetan datorren astetik aurrera egongo da eskuragarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Lanleku berriko sorpresak

Lanleku berrian aste batzuk egin ditut jada. Aurpegi ezagun asko ikusi ditut. Hala ere, lehen ezaguna Antzuolako alkate ohi Mireia Unamuno izan zen. Lanleku berrira egokitzeko herri bereko norbait inguruan dela jakiteak zera berezi bat eragin zidan. Beheko solairuko bulegoan dihardu berak. Nire lehenengo lan egunean, esaterako, autobusa hartu nuen Gasteizera joateko (4,95 euro Bilbotik Gasteizera, gehi Bilbon hartu nuen metroa eta Gernikatik Bilborako autobusa gehituz gero, euro batzuk dira), baina itzulera txoferrarekin egin nuen; ondoko bulegoko Asunek esan zidan Oskar Matute autoarekin etorri zela Gasteizera eta hark eramango gintuela bueltan. Joateko bidaiaren prezioa ikusita, berarekin zorretan nago. Hirugarrenean, martxoak 8, berriz ere txofer berarekin itzuli nintzen. Manifestaziora zihoala esan zidan. Aurretik ea zoriondu behar gintuen ere galdetu zidan eta ezetz erabaki genuen; gure eskubideen alde borrokatzeagatik egiten den nazioarteko egunean inor zoriontzea baino hobe dela, egunero horren alde egitea.

Txutxu-mutxuotatik aparte, baina, lanleku berrian aritzetik gehien gogoratuko dudana su-etenaren iragarpena izango da. Mikel Basabek esan zigun telefonoz esan ei ziotela eta berehala, Asun, ondokoa, etorri zen “zerbait” genekien galdezka. Gutxira telefono guztiak jo eta su hasi ziren. Guztiek adierazpenak jaso nahi zituzten. Argentinako Telam agentziatik ere deitu zuten Julen Madariagarekin egoteko asmoz.

Adierazpenen aldia igaro da. Orain lanean jartzeko sasoia da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Berrian lehenengoz

Gaur goizean Berria esku artean hartu du eta ia egunero egiten dudan legez, Tartea gehigarriko azkeneko orrialdera jo dut. Kuriositatea izaten dut beti ia zeinj blogariren artikulua publikatzea aukeratu duten eta hara! Horixe sorpresa. Nirea aukeratu dute gaur, atzo hementxe idatzi nuena.

Ba, aizue, pozten naiz ba!
A, ta, eskerrik asko; ia aurrerantzean sarriago eguneratzen doten Desplazatuaren blogak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Biharamunean biharamuna oraindik

11:30ak aldera zurrumurrua pasilloetan. Alboko bulegokoa ere gerturatu zen “zerbait entzun” genuen galdezka. “ETBn esango ei dabe, 12:30ean”. Eguerdirako telebista ia guztiak, ETBk ez, saio bereziak ematen hasi ziren. ETB1-en eta ETB2-an gain-titulu bat zegoen ohiko emisioaren gainetik, saio bereziaren orduarekin. Bietan ere bost minutuko aldearekin iragartzen zuten saio berezia. ETBkoak iritsi bitartean beste kateetako saio berezietan zappin egiten aritu nintzen; aldea bazegoen TVE1eko esperantza irudien eta Antena 3ko atentatuen irudien artean. Cuatron Gabilondo egon zen, irrati-telebista egiten; “PPkoak nire ustez, oker dabiltza, oso oker” esan zuen radio-star ohiak.

Ostean lagun batekin aritu nintzen, ia txanpan botila zabaltzeko eguna zen atzokoa; berak, aldiz, “Hobe zenukete lasai hartzea, badaezpada ere” esan zidan. Ezker Abertzale Ofizialeko laguna zen telefonoaren beste aldean nuena. Lagunaren berbek su-etenaren iragarpenak eragindako hasierako poztasuna zapuztu zidaten, hasiera baten. Berehala, ordea, poztasun horri eutsi nahian edo bera konbentzitzeko asmoz, berriz deitu nion: “zergatik diozu hori? Ez zaitez hain ezkorra izan!”, esan nion. Berak baditu bai bere arrazoiak horrelakoak esateko eta aitortzen dut herri honetan batek baino gehiagok konfiantza nahi, baina zuhurrak izateko aukera egin duela. Hala ere, baikor jokatzeko sasoia dugu, 2006ko udaberri honek eskaintzen digun aukeraren aurrean. Zapaterok ez du lan makala popularrak bereganatzen batetik, eta ezker abertzale ofizialaren egoera juridikoa aldaraziko duen neurriak bideratzen. Aldi berean, ezker abertzalearen inguruak ere pazientzia izan beharko du eta hori, batez ere barruan daudenak gogoan, ez da erraza izango. Hala ere, eta zuhurtziaz aritu behar arren, lana gogor, baina ilusioz egiteko sasoia da.

Aldiz, lantokira etorri naizenean, pasilloetan ez dut jendearen joan-etorririk igarri. Pentsatu dut atzoko biharamunarekin zirela eta, asko, bulegora agertu ere ez direla egin.

Geroago, eguerdia aldera, ahots ezagun bat entzun dut pasilloan; elkarrizketa bat egiten ari zitzaizkion. Esperantza berba erabili du hark ere. Seguru baietz, horri ere eutsi beharko diogula, aurreko denbora guztian legez. Baina orain lanean hastea tokatzen da; alde guztietatik gainera. Biharamunari eutsita bada ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Hamen atrapetako dana kanpora doa ostera, baina legez etorri ezkero..

Autobusean gizonezko bat entzundakoaz da: “Etorri egin bihar die ze gero be biharko doguz. Baina etorri legez egin bihar die”.

Etorkinen gainean ari zen bera. Bera be gaztetan etorkina izandakoa zela kontatu zion ondoan zuen neskari. Atrapau egin ninduen gizonezkoaren bakarrizketak.

“Etorri egin bihar die, baina paperekaz, gero be biharko die eta hemen! Ze, hamen atrapetako dana kanpora doa ostera, baina legez etorri ezkero…”. Haren ardura horixe zen: etorkinak, paper barik datozen etorkinak, legez kanpo bizi direla eta horrela ez lukeela izan behar. Azken baten, hemen bizi badira, hemen lanean ari badira, hemen ordainduko dituztela zergak eta euren irabaziak ere, hein baten, gure herrian geratuko direla. Hori ere azaldu zion gizonezkoak ondoko neskari. Eta zer esaten zuen bazekiela erakusteko, bera ere etorkina izandako zela aitortu zion:
“Gu be jun giñan 1959, 1960 eta 1961ean, Australiara jun biharra euki gendun guk, baina gu legez joaten ginen. Hangoek paperak eginda joaten ginen. Neu 14 urte egon nintzen han, koinatu eta koinatak paperak eginda”.

Tartean neskak ere parte hartu zuen elkarrizketan. Eta etorkinak, paper barik datozen etorkinak, nola etortzen ziren gogorarazi zion gizonezkoari: “harek koittaduak zelan datozen, txalupa horretan-eta”, esan zion neskak. Gizonezkoak, berriz, “Han baino hobeto dauz hamen. Atara kontuak zelan egongo diran han”. Neskak ere jarraitu zion eta “bai, baina horrela etorteko be”. Eta gizonezkoak : “Atara kontuak: biajia pagauta be ez goaz gu euren herrira”.

Hizkuntza ere gogoan

Horrela beharko zukeela izan gaur egun ere, zioen hark eta beste kontu batetaz ere gogoratu zen gizona: hizkuntzaz: “Lehen be etorri zian ta zer pasa da ba? Ezebe. Eta hamar urte barru hamen be ze paseko da ba? Ezebe”, argudiatu zion ondokoari. “Honek txikixek, hamen jaixotakoek horrek pe ikasiko dabe euskaraz ta hamengoak izango dia”, zioen ondoko eserlekua zihoan txinatar mutil koskorrari begira. Ze, zutik joatea tokatu zitzaien mutil koskorrari, honen amari eta gure gizonezkoari, baina nire ondoan zioen neska altxatu eta mutikoari esertzen laga zion: zutik ere lo hartuta zihoala konturatu zenean izan zen hori. “Glaziaz” esan zion amak neskari eta autobusetik jaitsikeran, berriz, “abul, abul”, esan zion, mutil koskorrak eskuari eragiten zion bitartean.

Baliteke bai mutikoak euskara ikastea. Ez dakit. Ni neu erabat txundituta geratu nintzen amari txinatarrez entzuten eta zenbat gauza-edo esaten zizkion mutikoari, autobusetik jaitsi aurretik, apurtxo batez esnatzeko. Hura zen hura berba mordoa. Haiek, baina ezin hona ekarri: ez nion ezer ere ulertu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gau on eta zorte on

Edward R. Murrow telebista aurkezleak George Clooneyk zuzendu duen azkeneko filmean esaten duen azkeneko esaldiak zer pentsatua ematen du.

Harekin bat egin nuen joan zen eguaztenean. Orduan ikusi nuen Good night and good luck filma. Zuri beltzean eta patxadaz ia ordu eta erdian McCarthy senadorearen sorgin ehizaz baliatzen dira filmako protagonistak –CBS telebista taldeko kazetari taldea– telebistaren norabidea salatzeko.

Oraingoan ere, baliteke AEBtatik etorritakoari kasu gehiago egitea. Clooneyren filma ikusten egon nintzen McCarthyri maskara nola kenduko zioten adi. Batez ere pertsonaietako batek oso gaizki pasatzen duelako eta hura salbatuko zela eta erabat arduratuta nengoen. Filmaren amaieran, ordea, eskertu egin nion Clooneyri filmari eragin zion bira.

Telebista ikustea, gustura ikustea, izugarrizko erronka bihurtu da. Hala uste dut nik behintzat. Tarteka programaren batek edo telesailen batek pizten du nigan interesa. Baina, orokorrean, logura sortarazten didalako esertzen naiz telebistaren aurrean. Behinola, loguretuta, gustura sartzen da bat ohera!

Horregatik aitortzen diot meritua Clooneyri filmaren amaieran diskurtso bikainarekin amaitzen duelako Murrow-k. Telebistaren tubo katodikotik aterarazten dutena telebista kateen arduradunek aldatu ezean, inoiz ez dela lortu telebistak gizartean era txukunean eragitea.

Eta, bide batez, George Clooney guapisimoari –filmean apurtxo bat gizenago ateratzen den arren– bere herrialdeko hedabideek Bushekiko duten jarrera epela kritikatzeko ere balio diola uste dut bere azkeneko lanak.

Hark dioen moduan, Good night and good luck, batez ere telebistaren aurrean jartzen zaretenean –edo irrati jakin batzuk entzuteko orduan–.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Akordio garestiak

Arcora joan barik hango berri jaso dugu Manu Muniategiandikoetxeari esker: “Badago mugimendua; galeristak irribarretsu ibili dira lehen egunetik”, esan dio Jon Berezibar lankideari. Egia izango da, hortaz, artea inbertsio segurua dela. Geroz eta gehiago dira artean inbertitzen duten erakunde eta enpresak ere; jakina, salneurria ikusita dirua izan behar horrelako negozioetan sartzeko.

Artea garesti dago, hortaz –etxebizitzak lez–; El Mundoren Magazinek Josu Jon Imazi egindako argazkiak erakusten zuen hori atzo. Hala ere, dirua izanez gero, neuk ere egingo nuke etekin handiko merkataritza-akordioren bat, erosketa bat esan nahi dut, ze akordioarena… Hori beste kontu bat da, eta askotan, munduko diru guztiarekin ere lortu ezin den fantasia bat dela esango nuke. Mariano Ferrerri irakurri nion atzo “panorama ez dela batere pozgarria… Norbaitek esango duela justizia ministro Juan Fernando Lopez Aguillarrek zigorrak eraikitzen hasiko dela esan izana ekaitzetik onik ateratzeko taktika dela, ETArekin negoziatzeko baldintza hobeak izateko dela”.

Bai, agian PSOEk Espainiako ultraeskuindarrak lasaitzeko erabiltzen duen teknikaren bat izango da –edo ez–, baina esan hori dagoeneko zigorra beteta oraindik ere espetxean segitzen duten Josu Arkauz, Jesus Mari Zabarte, Jon Agirre, Jose Gabriel Urizar eta Jose Ignazio Gaztañagari eta haien etxekoei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina