Biharamunean biharamuna oraindik

11:30ak aldera zurrumurrua pasilloetan. Alboko bulegokoa ere gerturatu zen “zerbait entzun” genuen galdezka. “ETBn esango ei dabe, 12:30ean”. Eguerdirako telebista ia guztiak, ETBk ez, saio bereziak ematen hasi ziren. ETB1-en eta ETB2-an gain-titulu bat zegoen ohiko emisioaren gainetik, saio bereziaren orduarekin. Bietan ere bost minutuko aldearekin iragartzen zuten saio berezia. ETBkoak iritsi bitartean beste kateetako saio berezietan zappin egiten aritu nintzen; aldea bazegoen TVE1eko esperantza irudien eta Antena 3ko atentatuen irudien artean. Cuatron Gabilondo egon zen, irrati-telebista egiten; “PPkoak nire ustez, oker dabiltza, oso oker” esan zuen radio-star ohiak.

Ostean lagun batekin aritu nintzen, ia txanpan botila zabaltzeko eguna zen atzokoa; berak, aldiz, “Hobe zenukete lasai hartzea, badaezpada ere” esan zidan. Ezker Abertzale Ofizialeko laguna zen telefonoaren beste aldean nuena. Lagunaren berbek su-etenaren iragarpenak eragindako hasierako poztasuna zapuztu zidaten, hasiera baten. Berehala, ordea, poztasun horri eutsi nahian edo bera konbentzitzeko asmoz, berriz deitu nion: “zergatik diozu hori? Ez zaitez hain ezkorra izan!”, esan nion. Berak baditu bai bere arrazoiak horrelakoak esateko eta aitortzen dut herri honetan batek baino gehiagok konfiantza nahi, baina zuhurrak izateko aukera egin duela. Hala ere, baikor jokatzeko sasoia dugu, 2006ko udaberri honek eskaintzen digun aukeraren aurrean. Zapaterok ez du lan makala popularrak bereganatzen batetik, eta ezker abertzale ofizialaren egoera juridikoa aldaraziko duen neurriak bideratzen. Aldi berean, ezker abertzalearen inguruak ere pazientzia izan beharko du eta hori, batez ere barruan daudenak gogoan, ez da erraza izango. Hala ere, eta zuhurtziaz aritu behar arren, lana gogor, baina ilusioz egiteko sasoia da.

Aldiz, lantokira etorri naizenean, pasilloetan ez dut jendearen joan-etorririk igarri. Pentsatu dut atzoko biharamunarekin zirela eta, asko, bulegora agertu ere ez direla egin.

Geroago, eguerdia aldera, ahots ezagun bat entzun dut pasilloan; elkarrizketa bat egiten ari zitzaizkion. Esperantza berba erabili du hark ere. Seguru baietz, horri ere eutsi beharko diogula, aurreko denbora guztian legez. Baina orain lanean hastea tokatzen da; alde guztietatik gainera. Biharamunari eutsita bada ere.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Biharamunean biharamuna oraindik bidalketan

  1. egilea: Zuhurra

    Zuhurrak izateko, eta lehenengo poztasun eta su-etenaren lurrikarak sortzen duen zorabioan ez galtzen ikasiak gara, akaso.
    Telefonoz beste aldeko zure lagunak, ni izan nintekeena, adibidez, seguru pozik dagoela, baina lehenenagokoak ere izan ditugu txanpain botilak irekitzeko arrazoaik. Eta zelako mozkorraldiak, eta hurrengo eguneko ajeak… eta astelehen gogorragoak… hori dana pasatu dugu, eta ondino berdinean gabiltza (edo genbiltzan?). Egia da, eta aitortu beharrean nago (zure poztasuna ez zapuzteko?) egungo egoeran badira beste batzuetan emon ez diren beste faktore asko. Zerrenda luzea izango litzateke, eta guztiz subjetiboa, beraz, ez noa zerrenda egiten. Baina, bai, pozik egon gaitezke, alde batekoak zein bestekoak. Sufrimendu askoren ostean, piztu dalako, hor nonbaiten, argitxo bat. Orain, bidean pausutxoak emoten ikasi behar dugu, ume txikiren moduan, eta ia kapazak garen zutunik jartzeko, eta garrantzitsuena izan daitekena, tente mantentzeko.
    Ta orduan bai, txanpaina irekiko dugu, ta jakina!, gonbidatuta zauz botila hori nerekin bukatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude