Ahotsak: Batzen gaituena

Zapatu goizean Donostian izan nintzen, Ahotsak plataformaren ekitaldian. Hainbeste emakumezko elkarrekin ikustean, eta han zegoen zaratarekin, hura antolatzea ez zela lan erraza izango pentsatu nuen, lehenengotaz. Ahots mordoa zegoen han; berbaro ozena Miramar jauregian sortu zena. Eta begiradak! Berba egingo balute… Egia esan behar badut badira bai begirada gaiztoak botatzeko abilezia dutenak eta emakumeok, inor ez dadila haserretu, baina, badaukagu horretarako trebezia, edo sena esan beharko nuke? Batek daki.

Kontua da, sinadura ekitaldiaren ostean, bestelako ahotsak entzuteko aukera izan nuela Miramar jauregian; haiek gainera, denoi gustatzen zaizkigunetakoak izan ziren: txutxumutxuak. Hasteko esango dizuet, hainbestetan entzun izan dudan Fatimetu aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuela; Mikelen arrebak, Gurutze Irizarrek, anaiak lako begi urdina dauzka eta, umorea itzela. Pozik zen bera ere Miramar jauregiaren kanpoaldean. Hara batu ziren-eta, erretzaileak. Besteak beste, kontatu zigun orain dela gutxi errepidean izandako ezbeharraren istorioa. Autobidean auto ilaran, atzetik kolpea eman ziotela eta, ondorioz, berak aurrekoari jo ziola: “ondo zirela esan zidaten, baina Ertzaintza etorri orduko, beste biek lepoko mina zutela esan zuten eta ospitalera eraman zituzten. Han geratu nintzen ni, zer esan ez nekiela”. Gainera, isuna jarri ziotela ere kontatu zigun: segurtasuneko tartea ez gordetzeagatik! Auto ilara baten joanda batere erraza ez dena, nire iritziz. Saiatu zarete inoiz? Atzetik datorrenak aurreratu egiten dizu, tartea ikusi bezain pronto. Hortaz, nola gorde segurtasun tarte hori, agente jauna?

Bestelako kontuekin hurbildu zitzaigun Izaskun Moyua Emakundeko zuzendaria. Itziar Fernandez lagunarengana hurbildu zen eta oñatiarrari entzun nionez zilarrezko ezteguak ospatzera ei doa, Rivera Mayara. Zorionak, Izaskun!

Maialen Iriartek ere agurtu gintuen; Mertxe Aizpuruarekin alde egin zuen Miramarretik, biek irakurri baitzuten Ahotsakek adostutako manifestua. Oso guapa zegoen ETBko aurkezlea; haurdunaldiak edertu egiten dabela esaten dabenei, arrazoia emon bihar! Ekainean bosgarren umea erdituko du Maialenek. Bejondeizula, Maialen!

Horrelako txutxumutxuak, eta hemen kontatuko ez ditudan beste batzuk, entzun nituen Miramarrera elkartutako emakumeen ahotsetan. Azken baten, horixe baita bene-benetan batzen gaituena guzti-guztioi: ahotsak, berbak, txutxumutxuak… Kontakatilu konplexua sartzen ari zait niri ere, ai, ene!

Dena dela, elkarrizketaren alde izan dadila, konplexurik barik hitz egin dezagun eta batzen gaituenari eutsiaz bidean aurrera egingo dugu, ziur.

Amaitu aurretik beste kontu bi: gizonezko bi ere izan ziren ekitaldian. Beno, osteko luntxean ikusi nituen. Lehenengoa kazetaria zen eta luntxa eskaini ziguten aretora sartu orduko, urduritasunak eraginda edo, mahai baten laga berri zuten ardo kopa bota egin zuen. Hainbeste emakume batera ikusteak eragin ote zion dardara? Bigarren gizonezkoa, berriz, kanpoaldean ginela ikusi nuen: Donostiako alkate Odon Elortza jauna! “Hara”, batek eta “aupa” besteak eta, “eskerrik asko luntxagatik” hirugarrenak. “Udaletxeak jarri du luntxa, ala?”, laugarrenak; eta Odonek, berriz, “pintxoak bai!”. Goxoak zeuden bai pintxoak, Odon; nire partez ere eskerrik asko alkate jauna eta txutxumutxuekin amaitzeko, pintxoek ere ñoñostiar itxura zeukaten; adibide bi: zuritutako langostinoak edalontzi txikietan eta urre koloreko paperean batutako pernilarekin estalitako gazta bonboiak eman zizkiguten.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude