Ai, Fermin! Parrandazale mundiala tipoa

A zer nolako parranda martitzenekoa! Iruñeara iritsi orduko Gaztelu plazarantz abiatu ginen. Eta, bidean, Metallicaren kontzertu egunean lagun batek esan zidana gogoratu nuen: “non? Han, beltzez jantzitako koadrila haren ondoan”, txartelak erosteko lekua non zegoen galdetuta. Kontua da, han beltzez jantzitako milaka lagun zegoela. Ba Gaztelu plazara bidean, zuri-gorri, zuriago-gorriago eta sanfermin “uniformeen” milaka barietate genituela eta guk, berriz, ez zuri, ez gorri, ezta zapirik ere! Hura zen hura, zozo parea. Baina, gutxigatik! Azkar baten bertakotu ginen. Hasteko Gaztelu plazan bertan dagoen Casinoko tinbrea jo genuen eta “hangoen” begirada guztiei eutsiz, balkonera erraldoira atera ginen, plazako giroaz gozatzeko. Lotsa gutxi gurea, baina, lagunak esan zidan moduan: “eta zer?”. Ba, horixe; han hartu genuen gure lehenengo, eta asko eta asko izan ziren ondorengoak, garagardoa.

Handik Alde Zaharreko taberna “gorrietara” eraman ninduen lagunak eta koadrila-txaranga artean ibili ginen, oraindik hutsik zeuden tabernarik taberna. Afaltzeko ordurako, baina, betetzen hasi ziren. Temple izeneko baten ere egon ginen, han “ohikoa” den pintxoa jaten. Sevillako senar-emazte koadrila batekin egin genuen topo han. Kroketa platera parean jarri zidaten komunera bidean eta “bueltan hartuko dizuet” esan nien; “que cea rápido!” esan zidan sanfermin uniforme estreinatu-berridunak. Eta, azkar baten atera eta kroketa jan eta “solera” zuen Sevillako ardoz beteriko eta faralaez jantziak zituzten dantzari batzuekin apaindutako “bota”tik tragoxka hartu nuen. Gozo!
Kafea hartu genuen tabernan ere ikusi genituen atzera sevillanoak, baina gero giroz aldatu genuen eta bistatik galdu genituen. Koadrila benetan sinpatikoa!

Handik aurrerakoak, dantzak, kantuak, dantzak, garagardoak, berriketaldia, dantzak, berriketaldiak… izan ziren goizalderarte. Jendea barra-barra alde guztietan, gazte asko eta asko eta neska koadrilak ere mordoa, mutilik barik, baina mutil mordo batekin inguruan. Santo Domingoko aldapa gainetik igaro ginen eta santuaren leihotxoa goitik begiratu genuen; orduan lo zen Fermin, itxita zegoen leihoa eta jarraitu ekin genion bideari, beste taberna baterantz; txosnarik ezean, taberna zuloak ere ugari dira Iruñean.

Goizaldean, garbitzaileen kamioien atzetik joan ginen etxealdera. Hura zen zikin mordoa! Egun argiz erretiratu ginen, entzierroko txaplieguak entzun ostean. Entzierroa laburra izan zela ere ohartu ginen, hori sikiera. Eta, txokolaterik hartu barik, etxera, ohera, lotara, atsedena hartzera… Biharamona ere egon zen, baina hori beste kontu bat da, ze, nik ere, Rafa Ruedak abesten duen moduan, “bezperak nahi(ago) ditut, biharamunik ez”.

Hamar urteren ostean, oraingoa ere, primerako sanferminparranda! Itzela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Hamar urteren bueltan, San Ferminetara noa. Eta zuek?

Gaur San Ferminetara noa. Hamar urte dira lehenengoz joan nintzela. Orduan, asmoa Kakitzaten txoznara lanera joatea zen, ze, aurreko urtean ere gauza bera egin genuen Antzuolako lagun batzuk. Orduan baina gau osoa egin genuen txosnan, goizeko 6ak arte. Horregatik, orain dela hamar urte, berriz joateko eskaintza egin zigutenean, baldintza jarri genuen: txosna ireki bai, baina goizaldeko 1etatik aurrera jai! Eta, horrela, joan ginen, lau lagun. Bidean, Deskargan bertan, kontrola zegoen. Gu Vanett baten gindoazen eta goitik behera miatu zuten. Gogoan daukat lagun baten amak atzetik etortzea erabaki zuen, batez ere, minutu batzuk lehenago handi pasa zelako autoarekin eta ikusi egin zuelako kontrola: arduratu egin zen eta buelta eman eta gure atzetik etortzea erabaki zuen, furgoneta bere izenean zegoela azaltzeko.
Gero ertzainei galdetu egin genien ia bidean kontrol gehiago pasatu beharko genituen, Iruñeararte gindoazelako. EAEn ez genituela gure bidean gehiago harrapatuko esan ziguten, Nafarroan zer zegoen, baina, ez ziguten esan.

Iritsi ginen Iruñeara eta buelta bat eman ostean iritsi zen txosna irekiko orduan. Baina txosna irekitzeko orduan urduri egon ginen, oso urduri. San Fermin jaiak geratu egingo zirela esaten hasi zen jendea; Udalak entzierroa bertan behera utziko zuela eta gau horretako jai ekitaldi guztiak suspendituko zirela.
“Udalak erabaki hori hartu badu, ezingo dugu txosna guk ireki!”, esan nien lagunei.
Horrela egon ginen pare bat orduz; gure ardura zen irekitzea eta han egotea lehenengo txandan; iruñearrak etorriko ziren irekitzera eta gu bakarrik utziko gintuzten txosnako arduradun, baina kaletik entzuten zirenak ez ziren giro “normal” baten jarduteko moduko komentarioak.
Azkenean, baina, inork ez zuen ezer itxi, San Fermin jaiek aurrera jarraitu zuten eta guk, Kakikatzeko antimilitaristok, goizaldeko ordubatak bitartean bokadiloak hamaika eta katxiak beste hainbeste saldu genituen. Baina Migel Angel Blanco hil egin zuten, eta nire ohe lagunarekin elkar ezagutu ginela gogoratzen dugun bakoitzean ekintza harekin lotzen dugu, ETAk Migel Angel erail zuela gogoratzen dugu. Nire ohe laguna orduan ezagutu nuen, Iruñean ezagutu nuen, bahiketa egun horretan ezagutu nuen. Horregatik izango da 48 orduko urtemuga hura nik beste modu baten gogoratzen dudala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Musika gustuek harrituta

Kostaldeko Trena irratsaioa amaitu zela eta, penaz geratu nintzen. Izan ere, bluesaren saioa izan zen atzokoa eta primeran pasatu nuen hondartzan etzanda doinu eta erritmo haiek entzuten. Hala ere, ez nuen Euskadi Irratiaren diala mugitu eta hurrengo ordubetea ere adi-adi jarraitu nuela. Segurutik gonbidatuaren izena moda-modan dagoelako kuriositateak ukitu ninduen eta gaizto puntuak eraginda, nire buruari esan nion: entzun dezagun bada, zer nolako musika duen gustuko Oñatiko tratanteak. Asmatu ez baduzue ere, Iñaki Galdos zen gonbidatua eta esatariak hasiera-hasieran esan zion, lankide bati eskatu ziotela Galdosek aukeratuta kanta zerrendari begira esan zezala haren perfil musikala eta zera esan omen zioten: 80 hamarkadan geratu zena, bete-betean, eta segurutik gizonezkoa. Eta asmatu zuen, ze, Ruperren Fas Fatum abestiarekin hasi eta ondotik etorri ziren The Cure, Derribos Arias, Xabier Lete, Nacha Popo, Police, The Clas, Alaska eta Itoitz.

A ze nolako pupurria!
Baina begira zela diren gauzak; gaur Radio 3en Diario Pop irratsaioa entzuten Galdosek aukeratu zuen 80 hamarkadako Donostiako taldearen, Derribos Arias, kanta bera jarri dute, orduan irrati horrek ospatu zuen leheengo Diario Pop musika lehiaketaren 25. urteurrena gogoratzeko: Branqueas bajo el agua. Oñatiarrak esan zuen berari “izugarri gustatzen” zaiola abestia eta segurutik hura izango zela orduko talderik onena eta Potx abeslaria itzela zela…
Nik ez nuen talde ezagutu eta gero ere ez dut ezagutzeko paradarik izan, baina kuriositateak eraginda geratu nintzen Galdosen “musika faboritoa” entzuten eta berari zor diot niretako aurkikuntza izan den hori.
Harritzekoa da, baina “xestra gustatzen zaiola” aitortu zion horri esker (baina modu onean, aitortu zuenez) gaztelaniaz aitari entzun izan diodan esaera batekin gogoratu nintzen: el habito no hace al monje. Ze, esango didazue era horretako musika gustuko zuela asmatu zenuketen; ezta adinagatik ere!
Tira… bizitzak beti ematen dizkizu horrelako sorpresak eta aitortu behar dut, bere musika gustuak, sikiera, gustatzen zaizkidala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Txepelduta

Ustez, oporretan nago. Udako oporren atariko astebeteko “atsedenaldia” daukat orain. Baina aspaldi honetan ez ditut gustuko atsedenaldiak; ezer ere ez egiteko astia nahi nuen orain dela hamabost egunera arte, baina orain, uda hasiera euritsuak-edo eraginda, deus egiteko gogorik ez izateaz gainera, aspertuta nago eta zerbait egiteko gogoa izan nahi dut.
Alfertuta erabat, atzo sofing egin nuen egun guztian; ez libururik, ez egunkaririk, ezta musikarik ere… Internet eta telebista; horretxek izan nituen entretenimendu. Izan daiteke, bai, eguzki grina izatea; edo besterik barik, berriketaldirako aukerarik ez dudanetan horixe pasatzen zaidala, plof egin, eta gogo guztiak joaten zaizkidala; baliteke.

Hala ere, uste nuen, egoera gris hau udazkeneko eta neguko kontu izaten zela; behin udaberria igarota pilak ondo kargaturik egoten nintzela eta uda hasierako egun luzeez gozatzeko grina biziz izaten nintzela. Izan daiteke, egunerokotasunetik ateratzeak, egokitzapena behar duela, eta izan daiteke neu ere egokitzapen horretan ari naizelako egotea hain zera… hain txepel.

Gaur, myspace.com-en ari naiz hango eta hemengo musikak entzuten, idazten eta bestelako gauzak Interneten irakurtzen ditudan bitartean. Durangaldeko taldeekin hasi naiz, MugaBilboMungia aldekoak entzun ditut eta Nick Cave eta Jeff Buckley ere entzun ditut; orain, berriz, hain nago txepelduta ze, Fernando Saunders entzuten ari naiz. Honekin ez naiz animatuko, baina tira… kantu ederrak egiten ditu-eta.
Egia esateko aukeratu ditudan talde-bakarlari gehienen kantak nahikoa “sakon-balada suabe-kantu goxo”ak dira; martxa honetan animatzeko ez dakit-ba…

Ba hori, ia eguzkia ateratzen den eta itsasertzean paseatzeaz batera “bizirik” sentitzen naizen, ze, azala belzteko aukerarik izan ez dudanez, ezin bada luzitu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 3 iruzkin

Bat, bi, hiru, lau… Gora San Ferminak!

Asteleheneko
Goienkaria, 2007-07-02

 

Rafaela
Romero
ez
euskaraduna izateak hautsak harrotu ditu, baina egina dago eta beste ez
euskaradun bat jarri dute erakunde baten ordezkari. Eta oraingoz, Iñaki Galdosen
esku omen dago Gipuzkoako Diputazioaren eraketa; Oñatiko semea bera. Behinola,
EAJren prentsa arduradun bati entzun nion, Oñatiko tratantea zela, tira…
Ikusiko dugu zerk ematen duen; baliteke San Ferminen aurretik argitzea baita
ere Nafarroako gobernua.

Nik, baina asteburuon
Elgetako jaietara barik, Metallica ikustera
joatea erabaki dut. Itzelezko kontzertua egin zuten James
Hetfield
en mutilek, eta Euskadi Gazteak
debaldeko 1000 sarrera bikoitz banatu ez arren, gaueko bederatziak aldera
Kobetamendiko sarreran batu zen jendetza sarrerari begiratu ere egin barik
sarrarazi zuten; koadrilako batzuk orduan sartu zirelako dakit hori. Roberto
Moso
eta Illazki Serrano handik zirela aprobetxatuz, komentatzea
erabaki nuen. Modan ei dago kontzertu-lekuak betetzea; Kill’em all
esateko gogoa sartzen bazaizu ere, baina  espektakuluaren mundua da!
Jarrai dezala bada showak, eta izan dadila probetxuzkoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Soldadu beharginen patua

Gaur bertan irakurri diot Miguel Angel Aguillari Paisen zera esaten, soldaduek Indar Armatuen Ordenantza Errealen 157.artikuluan dioela soldaduek gustura egiten dituztela lan bereziak, hauek agintzen duten arrisku, zailtasun eta desorosotasunei aurre eginez. Beraz, eta kontuan izanik soldaduak direla lanean hiltzeko arriskua dutela aurreikusten zaizkien behargin bakarrak, zertarako hainbeste hika-mika?
Ohelaguna eta biok kotxean gindoazen irratian hainbat soldadu espainiar hil zirela entzun genuenean; eta berak esan zidan: “hara! horretarako daude!”.
Eta, arrazoia ez zaio falta; lanean ari zirela? bai; aginduak betetzen ari zirela? bai; lanbide horretan ezin direla aginduan dudan jarri? bai. Baina hori guztia badakite. Beste kontu bat da lanbide hori gaur egun aukeratzen duenak zergatik aukeratzen duen: beharrak eraginda, beste herrialde batetik etorri eta naziotasuna lortzeko…
Dena dela, eta lanean bertan erakusten dietenez hil daitezkeela eta harro egon beharko liratekeela euren “herrialdea” defendatzeagatik hilko balira, ba… gaitz erdi. Egunero milaka lagun hiltzen dira, patu hori aukeratu barik.
Sasoi baten “Ez, ez, ez, soldaduzkari ez” esaten genuen (Ondarroan “gu ez guz, zu zegaitxik zuz” esaten ei zuten). Lortu zen derrigorrezko soldadutza desagerraraztea, ez ordea armadaren kontrako borrokarekin jarraitzea; eta Espainiako armadak bere izatea justifikatzeko asmoz, bestelako egitekoak asmatzen ditu, baina soldaduekin, armekin, gerretan… Soldaduaren patu triste eta ulertezina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

40 urteren ostean

“40 urte behar izan ditu Realak bigarren mailara iristeko”. Eta nere artean esan dut, “helburua ote zen?”.
Nahiago izan dut despiste bat izan dala pentsatzea, baina Euskadi Irratian entzun diot kirol kazetariari gaur goizean horrelaxe hasten bere kronika.
Eta gero gogoratu naiz zela, gazteago nitzala, ikastolarako autobusean gindoiala klasekide batzuk herriko plazan ikusi genituen, guk inbidiak jota, eurak Madrilera zoazela. Koparen bat zen jokoan eta joan ziren Madril aldera.
Eta, gogoratu dut Donostian nintzela eta hauteskuden eguna zela, bost eta zeroko emaitza lortu zuten egunekoa. Familiarekin egun pasa-edo joan ote ginen Donostiara ez dut gogoan, ordea.
Eta, ekarri dut gogora zela Realeko jokalariren baten izena esateko agintzen baziguten, ordukoak baino ez ditugula gogoan: Arkonada, Lopez Ufarte, Uranga, Zamora, Satrustegi…
Eta, hori guztia gogoratu dut Euskadi Irratiko esatariaren komentarioaren ondotik. Hori eta baita zela Realekoa naizela esaten dudan bakoitzean dudak sortzen zaizkidan; izan ere, gure aitak horixe erakutsi zigun etxean anaiari eta biori, baina berak karteran nire argazkiaren ondoan Athleticen armarria darama. Hori ikusi nion egunean esan ere egin nion: “oso futbolzalea ez naizelako, bestela umetako traumaren bat sortu seguru!”.
Tira, atzokoaren ondotik, eskerrak ez naizen hain futbolzalea, baina aitortuko dut pena ere eman didala txuriurdinekin gertatu dena. Ia ba mutilak amesgaiztoa urtebetekoa bakarrik izaten den eta gero berriz ere lehenengo mailara! Gora Reala!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hauxe duk hauxe

Espaloia, 2007-06-8

Larrialdietarako irteeratik atera ginen bariku
goizaldean Elgetako Espaloitik. Lehenago egiterik ere izan genuen, baina
azkeneko ordurarte itxaron genuen… Hark esaten zuen moduan, “beti aritzen gara
zerbait gehiagoren bila”. Eta, Espaloitik hango lagunen Elgetako txoko batera
joan ginen. Intxaurrak, urrak eta oliba gaziak atera zizkiguten. Handik
aurrerakoak, Pettiren karta jokoak eta Gaizkaren lehengusinaren lagunaren
kontuak, gogoan izango ditugu.

Larrialdietarako irteeraren bila ez nintzen
aritu, baina biharamonean harekin gogoratu nintzen; batez ere nire gorputzaren
erantzun gaitasun ezaz ohartu nintzenean. Hala ere, aitortu behar dut Txuma
Murugarrenek “Larrialdietarako irteera” oparituko zidala esan zidan arren,
goizalderarte ez ginela liburu bila joan eta harrezkero, gainera, Espaloiko
larrialdietarako irteeratik pasata ginen guztiok. Beraz, ez zegoen atzera
egiterik! Jada berandu zen, edo goizegi, bestelako hauturik egiteko. Alkoholaren
lurrinek aspaldi hartu gintuzten eta aitzakiarik ez zegoen.

Beraz, Txuma bere autoan lagata –Sopuertara
joan behar zela aitortu zidanean, flipatu egin nuen; non dago hori?– txokora
bueltatu nintzen; gure ganberroen hirukoa, bikote bilakatua zen ordurako.
Baina, horra iritsi bitartean, eta zintzoa izate aldera, eta Maiteri zer
irakurria emateko, Espaloian Hauxe ikusi genuela kontatuko dizuet.

Txuma Murugarren, Rafa Rueda eta Pettiren
Hauxe diskoa Durangoko Azokan erosi nion Ubaneri. Lauaxetaren omenezko lanari esker
ezagutu nituen hirurak eta harrezkero, euren lanen bat edo beste eskuratu dut
kotxean egiten ditudan kilometro mordoa alaitze aldera. Kontzertua Elgetako
Espaloian eman zuten; alai zeuden hirurak eta tarteka, gitarrak afinatzeko
aitzakiarekin, txiste eta komentario “sinpatikoak” egiten aritu ziren hirurak.
Gu, bitartean, Mireia eta biok, lehenengo lerroan eserita, gustura, barreka,
hizketan, abesten… Maitek esan zigunez larregi entzuten zitzaigun, baina
marijaia bi elkarren ondoan eseritzearen ondorio, Maite!

Kontzertuko abestien ordena gogoratzeko
zailtasunak ditudala aitortu beharra daukat. Hala ere, eta oker ez
banago, Txuma Murugarrenek ekin ziola uste dut; “lokal horretan, ez dakit nor
zaren, etzaitut ezautzen” abestuz. Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina ezagutu
nuen. Berriketan aritu ginen kontzertu ostean, bizitzaz, bakoitzaren gogonahiaz
eta asmoetaz, aukeretaz, bere aitaz eta nireaz. Pozten naiz ezagutu izanaz,
Txuma; zintzo diotsut eta goizaldean agindutako moduan, liburua irakurri ostean
“dedikatoria” eskatzeko geratuko gara.

Txumak ekin zion zuzenekoari eta ondotik bina
abesti jo zituzten Rafa Ruedak eta Pettik. Hauxek kanta gutxi dituenez,
euretako bakoitzaren kanta banakin jarraitu zuten, Espaloian sortu zen etxeko
giroa berotze aldera. Jende askorik ez ginen elkartu eta etxean moduan ginen
guztiok. Atera kontuak: sarrera kobratzen alkatea eta alkarte-ordea aritu
ziren! Elgeta, is diferent, esango luke nonork, baina zin dagizuet, badela. Han
haizeak beste modu baten jotzen du; edo niri eragin egiten dit behintzat.

Gau ederra izan zen, niretzako. Oso gustura
izan nintzen eta lagun berriak egiteko aukera izan nuen. “gernikatik etorri
zara gu ikustera?” galderari ere erantzun nion, baina Elgetako fan kluba
aspaldi eratu zen: Ehungarrenean hamaika estreinatu zenean, alegia. Hortaz, zer
da ba Gernikatik Elgetara joatea gustuko artista koadrila entzun eta haiekin
gozatzeko? A, ta, anfitrioiei ere besarkada bat. Eta, gorantzia Ekain eta Rafa Acevesi eta honen buruarekin sinbiosian bizi den txanoari.

Pettiren karta jokoa

Aukeratu karta bat; hauxe! Ondo da, orain
sartu ezazu seigarrenaren eta zazpigarrenaren artean, baina ez kontatu kartak.
Hau al zen zuren karta? Ez, baina zergatik dago nik aukeratutako karta
birritan?

Eta, holaxe zen, ezpatazko jota bi zeuden
Pettiren eskuarteko karta sortan. Hauxe bai, hauxe karta jokoa! Bai, horixe!
Txalo, txalo…

Txumaren amonaren ohitura zaharrak

Gure amona zenak bazeukan ohitura bitxi bat
bere biloba mutilezkoekin; gantzontziloetako gomak mozten zizkigun eta
xingolakin lotzeko egokitu. Nola baina, zertarako? Erosoagoa izan zedin gantzontziloa
gerri bueltan, era horretara norberaren gerri bueltaren arabera lotzeko edo
askatzeko xingola; beti ere eroso.

Rafa eta Fernando

Nik ez nekien, baina Iban gogoratu zen: Marijo
bazenekien Rafa Fernando Saundersekin egon zela Madrilen jotzen? Zuk ere
ezagutzen duzu Fernando, ala? Bueno, esto, bai: behin elkarrizketa egin genion
Asteleheneko Goienkarirako. Hori baino gehiago, Marijotaz maitemindu zen
Fernando. Baina, zu ere maitemindu zinen, bestela ezingo dut kontatu gogoratu
dudana. Ez, lasai, kontatu, ez zen hain sakona izan. (Amona ez dudanetik nire burua gehiego maite dudala sinesten hasia nago).

Blogariak

Baina zuk ere bloga duzu? Berrian? Ez, nik
Goienaneten. Ba irakurriko zaitu, bai horixe! Hortaz, ordu txikietan esandakoak
gogora ekartze aldera eta nire burmuineko putzuak sakonegiak direnez, ia nork
ekiten dion kronika osatzeari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Kinielak gori-gori

Asteleheneko Goienkaria, 2007-06-04

Kiko Veneno ikusi barik geratu naiz; ez naiz Mundumira jaialdira joan. El hombre invisible diskoa aurkeztekoa zen abeslaria. Nor ote bada gizon ikusezina? Pako Aristiri egindako galderaren erantzunaren parte ote? “Zer nolako gizartea egiten ari garen” galderari erantzuteko lana hartu zuen idazleak Oñatin atzo. Badira baina beste galdera batzuk, gertuagokoak. Izan ere, astebete geratzen zaigu oraindik kinielak egiteko; ekainaren 16rako osatu beharko dira udalak eta tarte horretan argitu beharko dute Bergaran, esaterako, ia Agurne Barruso alkate izango den bere taldearen babesarekin bakarrik ala Aretxabaletan Inaxio Garrok norekin aginduko duen. Debagoieneko hauteskunde biharamonak aldaketa asko eragin ditu udaletan eta orainarte agintaldian izan diren jeltzaleei zer pentsatua eman beharko lieke horrek. Patxi Basauriri elkarrizketa egin nion behin Asteleheneko Goienkarirako eta ez zidan erantzun nahi izan aurkeztuko ote zen berriz hauteskundeetara. Akaso hauteskundeak galdu barik agurtzeko aukerari uko egin dio Elgetako alkate ohiak oraingoan. Baina demokraziarentzako osasungarria ere badenez aldaketa ematea, ondo-etorria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Domekako emaitzen gaineko kinielarik egin nahi?

Ezagun batek kontatu dit bere lagun bati telefonoz deitu ziotela hauteskundeen gaineko inkesta egiteko asmoz. Lehenengo galderari egindako erantzunaren ostean, inkestatzaileak zera esan omen zion: “Barkatu, baina horri botoa ematen diotenen kupoa beterik dugu. Eskerrik asko”.

Gaur, berriz, lankide batek kontatu dit sasoi baten inkestak egiten aritu zela eta ondo baino hobeto ikasi zuela inkesten sinesgarritasuna pintzetik eusteko modukoa izaten dela. Adibide moduan Elgoibarren hautes-eskola aurrean egindako inkesten emaitzak aipatu dizkit; “errekuentoaren ostean, berak batutako erantzunen eta botoen arteko antzekotasuna hutsa zen”.

Asteburuan argitaratu dituzte hainbat egunkarik domekako udal eta foru hauteskundeen gaineko inkestak. Aurrerantzean debekaturik dago horrelakorik egiterik, legez.

Beraz, guztia egina dago. Aurrerantzeko eta erreflesiño egunera bitartekoa bestelako albisteek baldintzatuko dute, botoa nori eman erabaki barik dutenen artean.

Nik, behintzat, inkestetan ez dut sinestuko eta kiniela egingo dut lagunekin; lagunen arteko afaritarako aitzakia aproposa iruditu zait, beraz, inork nahiko balu, ekin diezaiogun kinielari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1