Hamar urteren bueltan, San Ferminetara noa. Eta zuek?

Gaur San Ferminetara noa. Hamar urte dira lehenengoz joan nintzela. Orduan, asmoa Kakitzaten txoznara lanera joatea zen, ze, aurreko urtean ere gauza bera egin genuen Antzuolako lagun batzuk. Orduan baina gau osoa egin genuen txosnan, goizeko 6ak arte. Horregatik, orain dela hamar urte, berriz joateko eskaintza egin zigutenean, baldintza jarri genuen: txosna ireki bai, baina goizaldeko 1etatik aurrera jai! Eta, horrela, joan ginen, lau lagun. Bidean, Deskargan bertan, kontrola zegoen. Gu Vanett baten gindoazen eta goitik behera miatu zuten. Gogoan daukat lagun baten amak atzetik etortzea erabaki zuen, batez ere, minutu batzuk lehenago handi pasa zelako autoarekin eta ikusi egin zuelako kontrola: arduratu egin zen eta buelta eman eta gure atzetik etortzea erabaki zuen, furgoneta bere izenean zegoela azaltzeko.
Gero ertzainei galdetu egin genien ia bidean kontrol gehiago pasatu beharko genituen, Iruñeararte gindoazelako. EAEn ez genituela gure bidean gehiago harrapatuko esan ziguten, Nafarroan zer zegoen, baina, ez ziguten esan.

Iritsi ginen Iruñeara eta buelta bat eman ostean iritsi zen txosna irekiko orduan. Baina txosna irekitzeko orduan urduri egon ginen, oso urduri. San Fermin jaiak geratu egingo zirela esaten hasi zen jendea; Udalak entzierroa bertan behera utziko zuela eta gau horretako jai ekitaldi guztiak suspendituko zirela.
“Udalak erabaki hori hartu badu, ezingo dugu txosna guk ireki!”, esan nien lagunei.
Horrela egon ginen pare bat orduz; gure ardura zen irekitzea eta han egotea lehenengo txandan; iruñearrak etorriko ziren irekitzera eta gu bakarrik utziko gintuzten txosnako arduradun, baina kaletik entzuten zirenak ez ziren giro “normal” baten jarduteko moduko komentarioak.
Azkenean, baina, inork ez zuen ezer itxi, San Fermin jaiek aurrera jarraitu zuten eta guk, Kakikatzeko antimilitaristok, goizaldeko ordubatak bitartean bokadiloak hamaika eta katxiak beste hainbeste saldu genituen. Baina Migel Angel Blanco hil egin zuten, eta nire ohe lagunarekin elkar ezagutu ginela gogoratzen dugun bakoitzean ekintza harekin lotzen dugu, ETAk Migel Angel erail zuela gogoratzen dugu. Nire ohe laguna orduan ezagutu nuen, Iruñean ezagutu nuen, bahiketa egun horretan ezagutu nuen. Horregatik izango da 48 orduko urtemuga hura nik beste modu baten gogoratzen dudala.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude